Euskaldun Berriari kalea eman

Euskararen Nazioarteko Eguna iristear dela-eta (abenduaren 3a), aurten zerbait berezia egin nahi izan du Poziktibity ekimenak.

Horregatik, eta esfortzu eta kemenaren balioa azpimarratuz, Euskaldun Berria Kalea ekimena jarri dute martxan. “Euskara ikasi izanari esker, euskaldun berriek denoi ahalbidetzen digute gure hizkuntza erabiltzen jarraitzea”, diote.

Ekimenak, euskaldun berriari gune berezi bat eskaintzea eskatzen dio udalerri bakoitzari. 

Euskaldun Berriari kalea eman“Kalean euskaraz mintzatzera animatzeko ordua da, euskaldun berriek gure bizimodua eta gure hizkuntza berritzen dituztelako. (Berritasuna #poziktibity da!)”.

“Euskal hiztunen komunitatera batzeko ahalegin ikaragarria egin dutenak omentzea da ekimenaren helburua, etxean euskara jaso ez eta euren kabuz ikastea eta erabiltzea erabaki dutenei esker ona agertzea, espazio berriak irabazteko lanean dabiltzala-eta”, eragileen esanetan.

Egun, euskal hiztun komunitateak 300.000 euskaldun berri inguru ei ditu; heren batek helduaroan ikasi du euskaraz.

Ekimenak kalea eskaini nahi die euskaldun berriei. HAKOBA batzordeak, Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordeak, aurrera daraman ekimenak kalea eskaini nahi die euskaldun berriei. 

Sar zaitez Euskaldun Berria Kalea-ren webgunean euskara ikasteko ahalegina egin dutenei zure babesa erakusteko.

Euskaldun Berriari kalea eman

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Euskaldun Berriari kalea eman”-ri buruz

  • Euskaldun berriak ez dira omentzen kale bat eskainiz edo “euskaldunberriok, kalea zuena da!” esanez.
    Ukondoak xahutuz euskaldun izatera iritsiak omenduak izango dira egin duten esfortzua zinez onesten zaien egunean. Hau da:
    – “Bizi guztiko euskaldunek” (zahar bezain txar) haien mintzatzeko artifizialtasunaz farre egin ez dezatenean eta, jarraian, euskalkirik ez jakiteagatik ghettoraturik utz ez ditzatenean.
    – “Bizi guztiko euskaldunek” euren mintzo “naturala”ren aitzakiaren ostean ezkuta ez ditzatenean beren zabarkeria, ikasteko gogo falta eta hizkuntza leialtasun eskasia.
    – “Bizi guztiko euskaldunek” utz diezaiotenean txokokeria fonetiko-sintaktiko-morfologikoen erabiltzeari euskaldun berrien aurrean.
    – “Betiko” omen diren euskaldun horiek euskaldun berriek bezainbeste ahalegin egin dezatenean berena omen den hizkuntza hori ikasten.
    – “Euskaldun” omen diren betiko horiek euskaldun berriek bezainbeste ordu eman dezatenean berena omen den hizkuntza horretan alfabetatzen.
    – “Betiko euskaldunak”, ezin mugatuago duten hirurehun hitzezko lexikoa aberasten has daitezenean eta adizkiak ere erraztasunez, garbi eta ulergarri erabiltzen ikas dezatenean.
    – “Betiko euskaldunek” euskaldun berrien hizkuntza maila lor dezatenean.
    Azken batean, Euskaldun Berriak omenduak sentituko dira “betiko euskaldunak” Herri hau irmo batera lezakeen hizkuntza estandar bakarra behingoz ikasi eta erabiltzen has daitezenean.
    Eta bizitza guztian “berri” kalifikatiboa jasan beharko badute ere, orduan bakarrik sentituko dira benetan omenduak lanaren eta ahaleginaren bidez euskaldundutako horiek.
    Bitartean, beste kale huts bat baino ez haien omenezko hori.

  • zakarias aiztierdi 2015-11-17 15:10

    2006tik badute eskultura bat Altzan, ‘Lau Haizetara’ izenekoa, Bizarrain euskara elkarteak jarria http://www.santelmomuseoa.com/atlas/eu/ver_escultura.php?ninv=EP-1011&dedonde=imagenes&pag=6

  • Euskaldunzaharrak ez dute batua ikasi beharrik lan baterako ez bada, batua dakiena ez du hainbeste arazorik Euskaldunzaharrekin hitzegiteko, ta baldin badu praktika kontua da gehieetan.

    Niri amorratzen nau, Euskaldunzaharrak EGA azterketaz kexatzen direnean Euskaraz badakitelako, nik beti erraten diet, Gazteleradunek EGa atera badezake, beraiek askoz errezago dutela, ta aitzakirik ez dagola. Gauz bat da bertoko hizkuntza jakitea ta beste bat, hizkuntz horretan maila bat izatea.

    Andaluziar bat batuan egingo lioke Gaztelera berritan ikasi duenari? Ez, bere Gazteleran egingo ta egiten diote.
    Euskaldunberria ulertzen ez badu galdetzeko, Euskaldunzahar askok ez bait dute batua hitzegiten ta niri behintzat inor ez zait kexatu batuan egiten diedanean, zerbait ulertzen ez dutenean galdetzen dute arazorik gabe, ni bezala.
    Euskaldunberriak ezin dute galdetu ba?
    Ta Euskaldunzahar hoiek ezin dute akatsik egin? Ta nola dakizu akatsak egiten dituztela ta ez dela Euskalki kontua? Ez da Euskara perfektuan egin behar ta inor ez dizu zergatik batuan egin behar.

    Ta Euskaldunberriei ez zaie kalea eskaini behar, beraiek hartu behar dute Euskaldun guztiak bezala, utz dezagun aitzakiak alde batera Euskaraz hitzeginez.

    Ta “Euskaldunberria” izanik ez dut ulertzen Euskaldunzaharrei eskatutakoa, juan Inglaterrako herri txiki batera ta erraiezu ea Ingeles batuan egiten dizuten ta ez beraien Ingelesean.

    Euskaldunberriak ez dute merezi omenaldirik, ez zaharrak ez inor, omenduak zergatik? Urte mordo behar izateagatik hemengo hizkuntza ikasteko? Hori egin beharko zuten gutxienenkoa da. Ta gehienak ez dute Euskara maite dutelako ikasten, beharko dutelako baizik.Ta garestia dela badiote, erraza, dohakotasunaren alde egin dezaten, beraiek bozkatzen dutenei ezagutaraziz edo dohakotasunaren alde daudenei bozka emanez.
    Gipuzkoan Bilduk agindu zun (jada laguntzak asko igo zitun) Gipuzkoar ororentzako dohainik izango zela Euskara ikastea nahiz ta jaularitzaren eskumena izan.
    Ta zer gertatu da? Ba hobekien kudeatu dutenak izanik (ta diferentziarekin ta datuak hori diote beraz iritziak horren aurka ez dute balio), Euskarari bere tokia ematen (beraien akatsekin) saiatu diren bakarrak izanik…. Hauteskundeak galdu egin zituzten, beraz….

    Euskaldunzaharrei dagokionez, beraien Euskaraz lotsatu ta gaztelerara pasatuko ez balira edozergatik (ia guztiok bezala), askoz jende gehio ikasiko zun Euskara, baina gaztelerara pasatzen gera lasai asko edozein arazo degunean (orokorrean ari naiz).

    Omenaldia? Zergatik Euskara hiltzen uzten ari degulako? Denok.

    Euskaldunberriekin naiz Euskaldunzaharrekin, bakarrik Euskaraz egin behar da, beste guztia aitzakiak.
    Jende mordo dago Euskaraz hitzegiteko gai ez dana, baina ia dena ulertzen duena, nahiz ta batu batua ez izan, beraz dakitenak nahiz ta berriak izan….
    Behartuak ez daudenak ikasi dutenei omenaldia?….Beno, ta halare ere, ez.
    Orain eskerrak eman behar diegu behartutak Euskara ikasi dutelako? 300 mila 35 urtetan? Hori hutsaren hurrengoa da.

  • Euskaltzandiarentzat, euskaldun zaharrok ez dakigu euskera. Kafkiarra.

  • Iker Salaberria Urkizu 2015-11-20 22:01

    Gaiarekin lotutako artikulu bat https://t.co/1kHLa29GSC