Zenbaketa norberaren gurarien arabera

cc RinzeWind
cc RinzeWind

Euskal Herrian, ezker abertzaleko hainbat kide atxilotu izana salatzeko eta askatasunaren aldeko aldarria egiteko, Donostiako kaleetan bildu zen jendetzari begiratzen genion bitartean, Espainiar estatuan izan ziren bestelako manifestazioak. 42 elkarte ezberdinek deituta abortuaren aurkako oihuan bat egin zuten Madrilen bildu ziren milaka pertsonek. Bertan, PPko buruzagi ugari, izen eta abizenekin. Baina estatuko hiriburuan bildu diren ezezagunak zenbatzerako orduan akordio gutxi ikusi ahal izan dugu.

Antolatzaileen arabera bi milioi izan ziren etxetik abortuaren kontra egiteko atera zirenak. Madrilgo Autonomia Erkidegoak 1,2 milioi zirela dio, El País egunkariak ordea, 265.000 jaitsi du zifra. Eta EFErentzat kalkulua egin duen Lynde enpresak 55.316 zenbatu ditu zehazki.

2 milioitik, 55.316ra tarte handia, ez? Eta hori etengabe gertatzen da. Egunkariak askotan milaka jarri ohi dute titularretan, zehazgabetasunak egiatik gehiago duela sinestuz. Baina nori sinestu behar diogu? Nola kalkulatu behar da?

Gogoratzen Madrilen Irakeko gerraren aurka bildu zen jendetza? Aznarri gerrarik ez zutela nahi 1.660.000 pertsona bildu zirela esan izan da. Beste zenbaketa batzuk 47.000tik gora izan ez zirela dioten arren. Kasu bakoitzean zer sinestu nahi dugun badaki norberak baina ez da hori kontua.

Gehienetan, manifestazioak okupatzen duen metro karratu kopurua, azalera horretan kabitzen den jende kopuruarekin biderkatuz kalkulatzen dituzte kopuruak. Jende gutxi dabilenean, metro karratuko pertsona bat kabituko balitz bezala kontsideratzen dute eta oso jendetsua denean, aldiz, lau. Guzti hori aurrez zehazki ezarrita badago ez dugu ulertzen datuen ezberdintasuna.

Azkenean, bakoitzak nahi duena sinesten jarraitu beharko du, eta guztiak pozik, edo…

manifestazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude