“Oñatiar bat Afrikan” edo “Pigmeoen zorigaitza”

Afrika zaharraren erdian bizi diren pigmeo txiki-txikiak triste daude. Triste oso.
Erru guztia telebistak dauka gainera. Mila bederatzirehun eta larogeitamargarren urtean, Manu Larrañaga izeneko misiolariak —Oñatiarra jatorriz— lurralde haietako lehenengo telebista tresna jarri zuen manaó arbola baten adarretatik zintzilik, eta akabo. Handik aurrera denak daude triste. Ezinago tristerik.
Iragarkietan agertzen diren zapata guztiak geratzen baitzaizkie handi pigmeoei eta mendi guztiak txiki. Autobus, hegazkin edo trenen bat agertzen bada irudietan, hospa ihes egiten dute izututa, txaboletan barrura edo norberak babesa duen lekura.
Gustatzen zaizkien neska eta mutil eder guztiek ez dute beraientzat balio. Kaleak eta etxeak neurriagabeak dira eta itsasoa agertzen denean telebistaren argi urdinetan jantzita, denei sortzen zaie sekulako egarria zintzurrean, deserturik gogorrena gurutzatuko balute bezala. Beldurtu egiten dira filmeetako zaldiekin eta ikaratu, haurtxo zuriak eurak bezain haundi direla ikusten dutenean.
Horregatik hartu zuten ahobatez erabakia lehengo asteartean, eta horregatik ospatu zuten jaia biharamoneko ilbete borobilaren argi ederrera. Haizea epel zebilen iparraldetik eta urrunean txakalek egiten zuten ulu. Ohitura zahar bezain izugarri bati jarraituz, pigmeoetako bakoitzak eta guztiek dastatu zuten Mambu sukaldariak paratutako afaritik.
Batzuei higuina eman zien okela gozoegiak, auzoko eskolan ohitura berriak ikasitakoei batez ere, baina txintik esan gabe afaldu zuten guztiek, bai baitzekiten beste biderik ez zegoela tristura negargarri hartatik irteteko. Gatz apur bat gehiago behar zuela esan zuenik ere ez zen falta izan eta zaharrenek, gostu haundiz mihizkatu zituzten hezurrik txikienak ere. Ondoren, sobratutako apurra, adi-adi zain egondako zakurrei ematen zieten.
Afalostean, telebista aparailuaren tripa elektrikoak hustu eta, katanarru bat ezarriz, danbor bat egin zuten haren bakelita diztirantezko kaxarekin. Beraren tarrapatara dabiltza dantzan oraindik ere, nekatu ez diren batzuk.
Gaur, ostera, triste daudenak oñatiarrak dira. Notizia iritsi zenetik herri guztia dago asaldatuta, inon kontsolamendua aurkitu ezinik. Eurak ere telebistaz enteratu ziren geratutako izugarrikeriaz, Reuters agentziak igorritako nazioarteko albiste batetik gainera.
Bihar bertan, arratseko zazpiretan, egingo dira hiletak San Migel parrokian Manu Larrañagaren arimaren alde. Gotzaia dator Donostiatik meza ematera eta misiolarien Printzipala ere tortzekoa ei da. Denek dute pena bera eta bakarra bihotzean: hileta zerraldorik gabe egin beharra.

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude