Nor da Andoaingo zozo zuria?

Eratu dira Hego Euskal Herriko udalerriak. Espero bezala, Andoainen izan ezik. Ezustean, EAJ-k udalerrian dituen lau zinegotzietako batek PSE-rekin zuten akordioa apurtu eta EH Bilduk alkatetza mantendu du. Ezustean, Gregorio Olasagastiri esker. Bai ala?

 

OSTIRALA

Ekainak 12, “PSEk bere hautagai Maider Lainez nahi du alkate. EAJk babestu beharko luke, baina sozialistek ez dute `tokiko jeltzaleen´ sostengua bereganatu orainokoan” irakurri genion Mikel Asurmendiri Argian, “EAJ eta PSE sintonia onean Gipuzkoan… Andoainen izan ezik” artikuluan.

Baina egunak aurrera egin ahala baldintza gauzatu (“EAJk babestu beharko luke”) eta bi alderdien arteko sintonia afinatzeari esker, akordioa lortu zuten PSE-k (1.887 bozka, 5 zinegotzi) eta EAJ-k (1.750 bozka, 4 zinegotzi), sozialistak goratu eta zerrenda bozkatuenari, EH Bilduri (2.112 bozka, 6 zinegotzi), aginte makila kentzeko.

Horrela ondorioztatu zitekeen, besteak beste, Aiurri aldizkarian koalizio abertzaleak argitaratutako oharra irakurrita: “Azken orduko berriek aditzera eman dutenez, PSE eta PNVren arteko akordioa errealitate bat da”.

 

Nor da Andoaingo zozo zuria?LARUNBATA

Ekainak 13, udalerriak eratzeko eguna. Errealitatea zen akordioa gauzatu baino lehen apurtu egiten da.

PSE-ko Maider Lainez babestekoak ziren EAJ-ko lau zinegotzietako batek botoa “zuritu” eta  kale egiten du; Ana Karrere izango da berriro Andoaingo alkatea. Udaletxean, poz algarak ezkerretara, serio demonio eskumatara eta amorrazioz… zentroa (zerbait esatearren). Zer gertatu da?

Laster orokortu da susmo bat, “PNV-ko independente bat izan den/k“. Biharamunean, “Ezustea eta salbuespena Andoainen” kronika irakurri dugu Berrian; “(…) hitzartutakoa ez baitzuen bete lau ordezkari jeltzaleetatik batek (Gregorio Olasagasti independenteak): diziplina hautsi, eta Maider Lainez alkategai sozialista babestu beharrean boto zuria sartu zuen hautetsontzian”  dioena.

 

IGANDEA

Ekainak 14, biharamuna. Arestian aipatutako kronikan “bakoitzak aurrean zuen paper zurian aukeratutako alkategaiaren izena idatzi, eta hautetsontzian sartzen hasi ziren zinegotziak, banan-banan” irakurri dugun arren, lehen esan bezala, denen ahotan dago Gregorio Olasagasti izan dela PSE eta EAJ-ren arteko sinfonia desafinatu duena. Nola jakin ordea, botoa sekretua bada eta EAJ-k ez badu jazotakoaren bilanik ezagutzera eman orainokoan?

Egokiena tokian tokiko komunikabideetara jotzea izan ohi da, informazio zehatzena aurkitze aldera. Eta hara! Aiurri aldizkariko kazetari Joni Ubedak, bere blog-eko “Txalotzea gizalegezkoa da”  sarreran, larunbat goizean jazotakoak kontatzen ditu, “Andoaingo agintaldi berriko kargu hartze ekitaldiak hedabideetan zeresan handia ematen duela ikusita”.

Larunbat eguerdian, etxerantz doala, Gregorio Olasagastirekin gurutzatu da Ubeda. “Aspaldi ezagutzen dut (…), Jeltzaleen artean boto zuriaren alde egin zuela sinestuta nengoen, eta zerbait adierazi nahi izanez gero Aiurrin aukera bazuela esan nion -dio kazetariak-. Aurpegia aldatu zitzaion orduan; bera ez zela izan adierazi zidan. Ez zuela deus esatekorik, leial jokatu zuela eta izatekotan afera Andoaingo EAJk argitu behar zuela. Horrela bota zidan”.

Nor da Andoaingo zozo zuria?Honako pasarte hau baino lehen, Andoaingo bozketaren emaitzak udalbatzan sortu duen erreakzioa kontatzen du, zehatz-mehatz, Ubedak. Jeltzaleen artean, Olasagasti izan bide da EH Bilduko alkatea txalotu duen bakarra; aurreritzia eragin dion keinua. “Ana txalotu dudalako, neuk zuriz bozkatu dudala. Hori esan didate kalean. Aizu, txalotzea gizalegezkoa da”, azaldu dio Olasagasti irakasleak.

 

ASTELEHENA

EAJ-k Andoainen alkategai aurkeztu zuen Mari Jose Izagirrerekin eta Gregorio Olasagastirekin batera, Imanol Goenaga eta Iñaki Egibar dira egun herriko zinegotzi jeltzaleak.

Lauren artean, nor da zozo zuria?

 

5 pentsamendu “Nor da Andoaingo zozo zuria?”-ri buruz