Nanoteknologia ezagutu eta gozatu

Kristian Molhave. Opensource Handbook of Nanoscience and Nanotechnology
Kristian Molhave. Opensource Handbook of Nanoscience and Nanotechnology

Atom by Atom biltzarra (Irailak 28-30) Nanozientzietako Ikerketa Zentro Kooperatiboaren (CIC nanoGUNE) eta Donostia International Physics Center-en (DIPC) ekimena da eta honako hau bilatzen du: elkarrizketa joria eta etengabekoa eratzen laguntzea zientziaren eta gizartearen artean. Guztia ere giro intelektual aske eta tolerante baten barruan, zientziaren aurrerapen sozial arduratsua lortzeko lagungarri izan dadin.

Atom by Atom kongresuak bi atal izango ditu, elkarren artean osagarriak: batetik, nazioarteko komunitatea zientifikoari zuzendutako atala (NANO2009 izenburua duena), eta, bestetik, osoko biltzarrean, publikoari oro har zuzendutako atala.

Osoko biltzarraren barruan, hainbat hitzaldi emango dira gai-abaniku zabal bat hartuta; guztiak ere interes handikoak izango dira gizarterako, eta nanoteknologiak inpaktu handia izango duen alorretara zuzenduak ere: elektronika, osasuna, material berriak, fotonika, etab. Osoko biltzarraren programa hau arratsaldeetan garatuko da, hizlari ospetsu eta hiru Nobel Saridunen eskutik. Saio honetarako sarrerak dohainik izango dira. Hala ere, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da lekua erreserbatzeko.

NANO2009 saila, berriz, nazioarteko biltzar zientifiko gisa garatuko da eta Donostian 2006ko irailean egin zen ‘Perspectives in nanoscience and nanotechnology – NANO2006’ lan tailerraren jarraipen modura planteatzen da. Nanozientzia eta nanoteknologiako nazioarteko zientzia komunitateari zuzendua dago, eta sei saioren inguruan artikulatuko da: Teoria eta Simulazioa, Nanooptika eta Nanofotonika, Automihiztatzea, Nanobioteknologia, Nanomagnetismoa, eta Nanogailuak. NANO2009 atalera ikertzaileek bakarrik sartu ahal izango dute; horretarako, NANO2009 helbidean eman dezakete izena eta bertan aurkez ditzakete beren lanak.

Caracasen jaioa 1956. urtean, Euskalherrira 12 urtekin etorri, eta 17 urtekin berriz Ingalaterrara joan nintzen ikasketak egitera Biologian. Biokimikaria naiz, eta EHUko Donostiako Kimika Fakultatean irakatsi eta ikertzen dut. Onddoen biokimika da nire espezialitatea, bainan zientziaren komunikazioan ere aritua naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude