Lehen mailako taldea, bigarren mailako herritarrak (edo, kamiseta gorria etxean utzi nuenekoa)
Lehen mailako taldea, bigarren mailako herritarrak (edo, kamiseta gorria etxean utzi nuenekoa)
Gillo Pontecorvoren Ogro –edo Operación Ogro, espainolez– filmeko pasarte batean, Madrilen Carrero Blancoren kontrako atentatua prestatzen ari den ETAkide batek, Eusebio Poncelak antzeztuak, ogia erostera joatean, Real Madridzalez betea doan autobus batekin egin du topo. Une batez, futbolzaleei begira gelditu da Poncela, amorru handiz, semaforoa berde paratuta autobusak alde egin duen artio. Filma ikusi nuenean, burura etorri zitzaidan “Aupa Athletic” egin behar ziela oihu, edo egin nahiko ziela oihu. Gero ulertu nuen ezetz: Poncelak gorpuzten zuen ETAkide ezkertiar iraultzailea ez zegoen haserre autobusekoak talde jakin bateko jarraitzaileak zirelako, haserre zegoen futbolzaleak zirelako: hau da, igandea Franco nola eraitsi konspiratzen eman beharrean, opio hura irensten pasatzen zuten, alienatuak, beren interes objektiboei bizkarra emanda.
Jarrera klasikoa izan da hori, gaur egun franko zaharkitua dagoena: gure artean, adibidez, guziek aldarrikatzen dute –aldarrikatzen dugu– euskal selekzioaren inportantzia; hortaz, ez dut nik erranen futbola herriaren opioa denik, batez ere, izatekotan, hori baino aise opio indartsuago eta eraginkorragoak badirelako gure gizartean. Nork bere gustua: adibidez, joan den larunbat arratsaldean, Iruñean jende aunitz partida bat ikusten etxean gelditu zen egunean, film bat ikusi nuen nik zineman: zinez eskertzekoa zen aretoko isiltasuna.
Bertzalde, maiz snob kutsua izaten dute futbolari egiten zaizkion kritikek –“zuen nagusitasun moralak nekatu egiten nau”, idatzi zuen norbaitek sare sozialetan berriki–, eta nik ez nuke nahi inork pentsa dezan nire ustez ni futbolariak baino hobea naizela. Aitzitik, aspaldi honetan arrunt erdipurdiko sentitzen naiz, ez baitut inoren bizitza alaitzen nire golekin edo nire hanka jokoekin. Hain erdipurdiko ezen dagoeneko, atzerapenik gabe, egina baitut errenta aitorpena. Eta, alde horretatik, Osasuna berriz ere lehen mailako bilakatu den honetan, ni –zer nahi duzue erratea– erdipurdiko ez ezik bigarren mailako ere sentitu naiz. Zeren, egunkarietako zenbait lerro-buru irakurrita, pentsatu baitut jokalariei egin zitzaien harreraz gainera ez ote genukeen prozesioan atera beharko, gure esker ona adierazteko klubak hondarrean zorra kitatzeko eta zergak pagatzeko asmoa agertu duelako.
Horregatik, gaizki dagoelako pentsatzea futbola opioa dela eta gu futbol mundukoak baino hobeak garela –are gaizkiago, futbolak bozkarioz beteriko egun hauek eskaini dizkigunean–, baina hori bezain gaizki dagoelako ikustea futbol klubek guk baino tratu hobea dutela, horregatik, diot, erabaki dut hemendik aitzinat ez dudala errenta aitorpenik egin behar. Ez dut zergarik pagatu nahi.
Nafarroako gobernuari –edo, igual hobe oposizioari– eskatu nahi diot ad hoc lege bat egin dezala –Nafarroako Ogasunari Santiago Domingo Leone jaunak bere ekarpena egiteko duen manera berregituratzeko legea; vulgo Santi legea–; horren arabera, ez dut zergarik ordainduko, noizbait Euskadi saria edo Planeta saria edo are Nobel saria irabazita –legegileen esku utziko dugu erabakitzea nigandik zer sari mota espero dezakeen nafar gizarteak–, zorra astiro-astiro kitatuko dudalakoan. Berme gisa, nire liburutegia eskaintzen dut –nire etxean geldituko dena, halere, nik erabiltzen segi dezadan; bidenabarkoan, ez da tasatu beharrik, nik kalkulatzen dut zortziehun mila euro balio duela, kalkuluak apal eginez: ez, ez da zertan eskertu, atsegin handiz eginen dut–.
Hemen bi jarrera daude, erran zuten Yolanda Barcinak eta Roberto Jimenezek Osasuna legearen inguruko eztabaidan, Osasuna –eta, hedaduraz, Nafarroa– maite dutenena, eta gure bihotzeko kluba desagertzea axola ez zaienena –ez omen zen egia, Parlamentuan ez zen Osasunaren balizko desagerpena inportarik ez zitzaionik; Parlamentutik kanpo, ordea, baziren batzuk; nik, behinik behin, bat ezagutzen dut: haren bisaia egunero ikusten dut etxeko komuneko ispiluan–. Santi legeaz den bezainbatean ere bi jarrera daude: Kultura –horrela, letra handietan– eta, ejem, hedaduraz, Nafarroa maite dutenena, eta, bistan dena, ezjakin hutsena.
Egia da nire jarduera ez dela pilota bati ostikoak ematea bezain zirraragarria, baina bururatu zait, nire jarraitzaileen emozioa hauspotze aldera, nik idatzi bitartean nire ondoan kazetari batek nire jardueraren berri ematen ahalko lukeela, astean behin sikiera edo bitan, herriak hala eskatuko balu –hala eskatuko baitu–. Bidea ongi erakutsia digu kirol kazetaritzak: ez litzateke aski erratea “eskuz idazten ari da” –tira, aski bai, baina idor samarra eta epikarik gabea–; hobe, adibidez, “zurigunean mugitzen ari da punta zorrotzekoa”, “lerro segida luze honen ondotik Bic familiako bertze ale bat hartu behar izan du”, “erne orain, metafora bat egin behar du orain, metafora bat, metafora bat eta, uuuuiiii, konparazio bat egin du hondarrean”, “udan errepideetako langileei izerdia nola, hala dario tinta eskuarteko makiltxo gogorrari -hau zuzen ulertu beharko dute entzuleek-, eta, ikaragarria da, puntu paratu dio paragrafo luze bati, puntu, puntu eeeeeeeta aparteeeee”.
Zorra ordaindu ezinean jendea etxetik kanporatzen ari diren honetan, ongi iduritzen zaigu nonbait futbolaren zorrak barkatzea edo gibelatzea, edo biak. Futbolarenak bakarrik: zer arraroa Osasunarik gabe Nafarroa, baina San Antonio desagertzeak ez zuen hondamendi identitariorik ekarri –legea eztabaitzean, identitatearen bandera inarrosi baitzuten UPNk, PSNk eta PPNk, ez ekonomiarena–. Ni bigarren mailako sentitzen banaiz, ez dut jakin nahi nola sentitzen diren eskubaloia gustuko dutenak; eta etxea galdu dutenaz, hobe deus ez erratea.
Larunbatean, Girona – Osasuna partida jokatzekoa zen egunean, estelada daukaten zapatak jantzi nituen; ez nuke, halere, ez dagokidan meriturik onartu nahi: ez nintzen partidaz oroitzen; bertze zapatek zulatua dute zola –guti gastatzen dut arropan– eta hankak ez bustitzeko paratu nituen ikur katalandunak. Halaber, txaketa urdina eta kamiseta gorria aukeratu nituen; ez nuke, halere, ez dagokidan demeriturik nire gain hartu nahi: berdin zitzaidan Osasuna lehen mailara pasatzea, eta dudan txaketa ia bakarra hautatu nuen, eta gustuko dudan elastiko bat. Igandean, berriz, zapata beltzak jantzi nituen berriz ere –zulodunak, baina ez zen euri arriskurik inon–, baina kamiseta gorria, honetakoan bai, nahita utzi nuen etxean.
Earra!!
Hori bai, esteladadun zapatak? Ze kutreaaaaa……….
Et, et, et, dotore askoak dira
Jijijiji
Bizigarri beharretan bazabiltz hobe arpana txapelketan apustua…
https://m.soundcloud.com/sustraian-records/utikan