Judu eta palestinarrak Donostian

Maiatzak 12, Donostiako Kresala Zinekluba Kutxako Arrasate kaleko aretoan, Roadmap to apartheid film dokumpalestina-israelentala (2012). Palestinarren ia hiru mende laurdeneko azpiratze etengabea, hauen bizitza osoko kartzela bizitza lurralde okupatuetan, eta Hego-Afrikako apartheidarekin konparaketa, hau zoritxarrez are askozaz leunagoa, bere gizaleke bako bidegabekeria guztian, palestinarrena baino.

Doako emanaldia, batera antolatua halako ‘Mewando Sare’ batekin (zeinen parte bide diren Espainiako Paz con dignidad eta Sodepaz erakundeak, Euskal Herriko-edo Biladi elkarte palestinoa (‘cuya finalidad es estrechar los lazos culturales entre el pueblo palestino y el vasco’ -espainol hutseko webgunean-), Euskadiko GGKEen Koordinakundea, eta Bakea eta Elkartasuna -itxuraz Euskadiko CCOO, Langile Komisioen- fundazioa (zeinen loturak nolanahi zuzenean bidaltzen duen Espainiako Fundación Paz y Solidaridad Serafín Aliaga batera ‘organización no gubernamental constituida por el sindicato Comisiones Obreras’).

Filmaren aurkezpena espainolez Kresala elkarteak, eta euskaraz eta espainolez Mewando Sarearen ordezkariek. Filmaren ondorengo elkarrizketara gonbidatzen gaituzte. Filma batez ere ingelesez, tarteka Palestinako arabez eta hebraieraz, eta espainol hutsean azpititulatua.

Amaierako hitz-asperturako ez da ja filmaren aurkezpena euskaraz egin duen emakumea ageri eta Kresalako eta Mewando Sareko ordezkariek jardungo dute luze filmaren gainean espainol hutsez.

Filma goraipatu eta palestinarren egoera latza gogorarazi ondoren, galdetzen diot euskaraz Mewando Sareko ordezkari gizasemeari ea bera ere ez ote den neurriren batean judu sentitzen, apartheida praktikatzen, Donostian (Euskal Herrian) espainol hutsez zuzentzen zaigunean, eta espainol hutsean azpititulaturiko filma erakutsiz. Bere erantzuna itxaron gabe aurreratzen diot nik badaezpada ni bai sentitu naizela zentzu horretan palestinar eta arabe baztertua, behin berriro errespeturik gabe tratatu euskalduna, eta ‘apartheidatua‘.

Mewandokoak -judu-, ezetz. Ez gaituela gu errespeturik gabe tratatzen espainol hutsean egingatik. Eta nik, izatez gerotan, hori nik esan beharko nukeela -sufritzaile palestinar-. Ez judu agintariak. Berak, hala bazen, eta berak hala sentitu ezta ere, barkamen eskatuko zidala. Baina animatu bide zen aldi berean, eta lasai azaldu zigun, eskerrak berak euskara hainbat ulertzen zuen (nonbait Euskal Herrian jaioa-edo bera ere), ikasten saiatzen ari zelako -35 bat urte inguruko arinaiztar-, nahiz hitz egin ez -animatu nuen trakets izanik ere lasai hitz egiteko euskaraz, baina ez-…! Zehaztu nahi zidala ordea, bai izango litzatekeela sekulako errespetu falta berak euskararik ulertu gabe ni euskaraz zuzentzea berari.

Gainera…! -erraietatik atera zitzaidan-.

Batere zirikatu orduko lehertzen zaio herri honetan edozeini oraindik ere azalaren arrasean bertan daraman zain espainol inperiala, munduko izaki solidarioena ere indignatua, inor lotsa gabean euskaraz zuzentzera ausartu ere zaionean…

Nik ‘gainera’ horrekin utzi nuen, baina laster altxatu zen jendartean gizaseme berria espainolez Mewandokoari barkamen eske, nonbait gizalegean eta bertako ‘beste guztien’ izenean aritu itxuran, nik izandako lotsagabekeriagatik. Ez ginela hara joanak euskaldunen -palestinarren?- eta Espainiako -Israeleko?- kontuak jorratzera, palestinar eta judu ‘hutsena’ baizik. Bide batez azpimarratuz han, aretoan (ere), bakoitzak hitz egin zezakeela nahi hizkuntza, inor -ni- inori ezer inposatzen ibili beharrik gabe.

Jakin ez, zer pentsatzen ote duen palestinarrek juduen aurrean erabili lezaketen hizkuntza askatasunaz -euskaldunek espainol elebakarren aurrean-, edota juduek palestinarrei hizkuntzarik (ere) inposatzen ote dieten -espainol elebakarrek euskaldunei-…!

Hain erraz da justu izatea, solidarioa izatea, beti urrunekoekin! Zein gaitz berriz, gehienean, bertakoak aditzea -aditu nahi izatea- ere! Zein minbera…!

Jendartekoren batek egin zuen ere buila nire erantzunetakoren batean, suspirio artean adieraziz hura nire kontu hutsa ote zen. Adin batekoa zen atzoko ikuslegoa. Jendea gazteagoa denean, Donostian sortzen dira halakoetan txaloak eta aldekoak ere.

Amaieran Kresalako aurkezlea hurbildu zitzaidan espainolez ‘elkartearen’ izenean hitz egin nahian, azalduz nola bera kanpotarra izaki, ez zekien euskaraz, eta ezin eskatu niola euskaraz aritzeko. Bera irekia zegoela nirekin jarduteko gaia eztabaidatzen -noski, espainolez-. Eta nik orduan, taliban fundamentalista, jihadista irredentoa…, ezetz. Bakarka, lagun bezala baldin bazetorren, ikusiko nuela nik lagun izan edo hitz egin nahi nuen berarekin edo ez zeinahi hizkuntzatan. Baina ‘elkarte’ bezala hitz egin nahi baldin bazidan, mesedez eskatu nion euskara ikasteko lehenik… Eta ez behartu nahi izatea ni, bera espainolez agoantatzeaz gain, ni ere espainolez egitera… Donostian…, Euskal Herrian… Eta hala, nik, euskaraz jarraituta, ‘dialogorik’ onartzen ez banuen, berak ere ez zuela zertan nirekin denbora galdu, aldendu ginen lasai Kresalako ordezkaria eta biok ere… hurrena arte…

Judu eta palestinarrak Donostian

8 pentsamendu “Judu eta palestinarrak Donostian”-ri buruz

  • Aupa zu, Bittor! Eutsi horri! Kolonialista euskalgabe inposatzaileak euskalduntze-eskoletara!

  • Ba ni ez nago ados zurekin, Bittor. Sentitzen dut. Ulertzen dut zure/gure erreibindikazioa, baina uneak eta uneak daude. Besterik gabe.
    Gainera, jarrera horrekin ez zenion mesede handirik egin “gure kausari”. Agian ez zeneukan inolako asmorik “kausaren alde” egiteko, zure barrenak eskatzen zizuna egiteko baizik. Baina seguru euskarak galdu zituela euskaratik urrun dauden eta hurbiltzekoak diren hainbat lagun. Eta pentsa ez zirela edonolakoak izango, badutela sentiberatasun sozial nabarmena… Ez euskararekiko, noski; baina ordura arte zeukatena seguru hoztuko zitzaiela.

    • Bittorren jarrera dela eta euskararen kausa norbaitek abandonatzen badu ez dut benetan uste pisuzko galera nabarmena suposatuko duenik. Izan ere horrelako aitzakiak aprobetxatzen dituztenak aitzakiaren beharrean sentitzen dira beren burua zuritzeko, baina aspaldian galduta zeuden (inoiz irabazita egon baziren).
      Eta argi utzi behar da propalestinoa (edota ekologista, antiarrazista, feminista, ezkertiarra, chavista, begano eta mila gauza guai gehiago) izateak ez du presuponitzen euskararen aldekoa izango denik, askok kontrakoa uste badute ere.

  • Kaixo, Berdabio:

    Bueno, bi iritzi dira, zurea eta nirea. Ezin dugu frogatu bakoitzak dioguna. Nik mantentzen dut esaten Bittorrenak moduko jarrerak beharrezkoak direla, baina beste gune eta une batzuetan; aipatu duen gune eta unean uste dut ez zela ez egokia ez justua ez zuzena. Baina hori, noski, nire iritzia da.

    • Bittor Hidalgo 2014-05-15 18:59

      Noski, ni ere ez nator bat zurekin, baina ondo dago jakitea beste sentsibilitate batzuk ere badirela euskaldunon artean.
      Nolanahi ez dut zure argumentazioa ondo ulertzen. Zure ustez, zer egin behar dugu euskaldunok Euskal Herrian zernahi espainol hutsean ematen zaigunean? Isildu? Espainolez hitz egin? Aipatu ez guk euskaraz nahi dugula ematen zaiguna? Zuk zer egingo zenuke halakoetan? Zer egin ohi duzu? Zer egin beharko genuke euskaldunok?
      Benetan galdetzen dizut eta eskertuko erantzuna eta hitz egiten jarraitzeko aukera.
      Ondo izan
      Bittor

      • Kaixo Bittor:

        Zuk egin didazun galderak, nire ustez, ez du erantzun bakarra izan behar. Uste dut estrategia ezberdinak erabili behar ditugula euskaldun euskaltzaleok, beti ere, bi ezaugarri hauek kontuan hartuta:
        – Zer lortu nahi dugun
        – Eta zirkunstantzia ezberdinak
        Lehenengoa da, nire ustez, erabakigarriena. Lortu nahi dugunak ere lotura zuzena izango du, seguruenik, zirkunstantziekin.

        Nik nire herrian behin baino gehiagotan ikusi ditut kartelak, oharrak, iragarkiak… edo erdara hutsean edo euskara mordoiloan. Horrelakoetan nik pentsatu dut: zer nahi dut, neure haserrea adierazi, salatu eta errieta egin? Ala okerra zuzen dadila? Nik bigarrenaren alde egin dut apustu, eta xuabe-xuabe udalari idatzi diot, akatsa non zegoen adieraziz, konponbideak sujerituz … Udalak beti erantzun dit, eskerrak eman dizkit eta zuzendu egin du. Tonu gogorragoa erabili izan banu agian udalak paso egingo zuen.

        Beste kasu batzuetan, erdara hutsean antolatu eta herritarren aldetik erantzun ona izandako ekitaldietan lekuz kanpo iruditu zait ekitaldian bertan protesta egitea, eta idatziz jakinarazi diot udalari nire iritzia.

        Aipatu ditudan kasuetan herri-administrazioa da euskararen erabileraren erantzulea. Kasu hauetan exigentzia maila eta haserrea (nahi baduzu) sendoagoa izan liteke. Antolatzailea elkarte bat edo GKEren bat bada, nire ustez, beste era batean jokatzearen aldekoa naiz.

        Aitor, tokaio, uste dut pasatu egin zarela konparazioan. Nik nire burua euskaltzaletzat daukat eta lanbidez eta militantziaz horrelaxe jokatzen saiatzen naiz. Eta zin dagizut Bittorrek aipatu duen testuinguruan ez nintzatekeela inolaz ere sentituko senarrak jipoitutako emakume bat bezala. “Gogamen domestikatua?” Nik ez dut uste. Nik badakit haserretzen eta haserrea erakusten; eta nire ustez kasu hau ez zen horrenbestekoa (bai, beharbada, hitzaldian zeuden besteren batzuena, aitortzen dizu(e)t)

        • Bittor Hidalgo 2014-05-21 13:49

          Eskerrik asko erantzunagatik. Poztu naiz, helburua, zuk diozun bezela, (euskaldunon bazterketa) arazoak konpontzea baitugu, eta bidelagun garateke inoiz modu desberdinean jardunda ere.

          Eutsi ba gogor eta ongi izan

          Bittor

  • Aitor Kaltzakorta 2014-05-16 14:07

    Senarraren jipoien aurrean eusteko eta ez salatzeko eskatuko zenioke emazteari, Aitor, oraindik “errekuperableak” diren horiek kontzientziatzeko edo gizatasunera hurbilarazteko?

    Julian Schnabelen Miral filmaren aurkezpenean egon nintzen Donostian, urte batzuk atzera, eta antzeko zerbait gertatu zen. Erabat amorratuta eta filmeko palestinarren gisara sentitu nintzen neu ere, baina, nire ahotsa entzunaraztera nindoala aretoaren beste aldean eskua altxa zuen batek Bittorren antzera jarduteko. Orduan ere, “hori ez zela horretarako lekua eta unea leporatu zioten” publikotik, beste batzuk euskaldunon alde eta euskaldunon bazterkeriaren aurka egin zuenari eskerrak eman eta bere jarrera konpartitu aurretik. Schnabel berak, aldiz, ekarpena eskertu zuen, eta adostu zituzten terminoetan egindako aurkezpena izan zela erantzun zuen adeitsu. Besterik ez.

    Buelta asko eman nizkion buruari egun horretan. Haserre joan ginen etxera. Finean, zer geratzen zaigu euskaldunoi gure eskubideen bermea exijitzeko garaian? Iradokizunen postontzira zuzentzea? Aurkezpenaren antolatzaileari aparteko bilera bat eskatzea? Prentsara gutuna igorri edo halako komunikabide horizontaletan gure usteak botatzea?

    Euskaldunon eskubideak beste behin ere gutxietsiak direnean kexatzera ere justu-justu ausartzen garenon jarrerak molestatu egiten du nonbait. Inposaketa jasaten duenaren kexa inposaketa dela barneratuta dugu euskaldunok, antza. Nik gogamen domestikatuari aitortzen dizkiot, esaterako, Aitor delako erabiltzailearen gisako iritzi eta jarrerak. Nire iritzia da, Aitor. zuk zurea eta nik nirea.

    Domestikatua dela diot, menperatuaren psikologiaren ondorio garbia. Bizikidetza, errespetua, edukazioa omen dira norbere eskubide mila aldiz zapaldua berriro zapaltzen ari direla onartezina dela esan ere egiteari uko egitea. Senarraren jipoien aurrean, jipoia jaso duen emazteari “eutsi, ez salatu” esatea bezala. Bizikidetza ez da hori, euskaraz ikasi nahi ez dutenen joku maltzur eta makurrarekiko menpekotasuna da, eta haserratzen ari naiz eta ez dut jarraitu nahi.