Hau marka

Orain hilabete bat jaso nuen telefono deia, ARTE TVkoak Donostiara etortzekoak zirela, 2016aren aitzakiaz telebista saio bat grabatzera eta inguruko sortzaile batzuei elkarrizketatxo batzuk grabatzeko asmoa zutenez, ea ni prest nengokeen ‘Zu Ikusteko Bidean’ liburuari buruz hitz egiteko.

Gari Garaialde

Holako proposamen bati ezin ezetzik esan eta arratsalde horretan bildu nintzen Jonerekin, zein asmo zuten hobeto jakiteko. Ez zuen misterio askorik, ARTEkoek Donostiaren inguruan saiotxo bat egin nahi zutenez, Jone Karresi galdegin zioten saiorako baliagarriak izan zitezkeen sortzaileen bila hasteko. Jonek bilatze prozesu bat egin eta nire liburuaren berri izan zuenean, egoki jo zuen saiorako, sorkuntza lan bat izateaz gain Euskal Herriaren egoera politikoaren inguruan pixka bat jarduteko beta ematen baitzuen.

Atzo egin genuen grabaketa, Donostiako alde zaharrean eta ni, nola ez, kontent geratu nintzen. Gehienek esan didate propaganda polita izango dela ARTEn azaltzea eta nik ez dut hori ukatuko, baina zerbaitek pozten banau, orain arte nire lana zabaltzen egin izan dudan esfortzuak emaitzak eman dituelako da.

Gari Garaialde

Bogan jarri da norbera eta norberaren lana marka bihurtu eta marka hori eraikitzen joateko beharra. Bada denbora bat, marka edo ez marka, baina nire lanari eta nire ezinegonei irteera bat emateko blog hau, Zuzeu bera eta beste sare sozial batzuk baliatzen ditudala eta ondorio zuzenak zein diren neurtzerik ez dagoen arren, nik argi daukat niri etekinak eman dizkidala. ARTErena detailetxo bat da, ez gehiago, baina irratietako kolaborazioak, Telebistako lana, liburua egitea eskaini izana, BOSTOK… dena da esfortzu horren emaitza eta emaitza horrek beste esfortzu batzuk eta beste emaitza batzuk ekarriko ditu; Hau kate bat da.

… gainera ekarriko ez balitu ere, barruak askatzeko balio dit, eta ez da gutxi.

Esker mila EDO!koei, Kaxildako lagunei, Jone Karres berari, eta kate honetan modu batean edo bestean katebegi zareten guzieri.

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.