Futitu egiten dira

images.jpg
Foutre aditza oso erabilgarria da frantsesez. Je m’en fous esaten da niri bost axola adierazteko. Egia da foutre hori ez dela hiztegi guztietan agertzen, hitz herrikoi eta zatarra baita berez, konotazio zabarrak dituena, baina pare bat minutu hitz egiten baduzu frantziar batekin, handik edo hemendik agertuko du muturra elkarrizketan. Eta hala, gauza bat izorratua edo purtzilkatua dagoela esateko, foutu esaten da. Gaztelaniazko me la pela esaeraren antzekoa, alegia. Hain da hitz erabilgarria, ezen euskarak berarentzat hartu duen. Iparraldeko euskalkietan usu entzuten den hitza da futitu. Edonori entzungo diozu futitzen naiz, hori futituta dago, eta abar. Pokerreko tximinoaren antzera, edozein lekutan jar liteke zerbaitek ez dizula batere ardura adierazteko, edo zerbaitek erremediorik ez daukala agertzeko. Entzun eta lehenengo egunetik sartu zen hitz hori nire hiztegian. Benetan diot oso erabilgarria dela euskal hiztunarentzat, geure baliokide guztiak oso perifrastikoak gertatzen baitira bere aldean. Horregatik, gertaera edo beste zerbaitek irrist egiten didanean, futitu egiten naiz esan ohi dut. Gaurko zutaberako ere primeran dator hitz hau, halako futitzerik gutxitan ikusi baita gaurdaino.
Bai, futitu egiten dira. Erabat. Bost axola zaie. Ezetz eta ezetz eta Viva la Constitución. Ez dagoela zer eginik. Ez dela egingo. Pekatua dela. Demokraziaren aurkakoa. Legearen kontrakoa. Polizia eta kartzela dela ordaina. Edota tankeak. Edo auskalo zer. Rita la Cantaora, agian. Futitu egiten dira, zinez. Futitu egiten zaizkigu, burutik behera txiza. Lehenago esaten zuten ez zegoela konfliktorik, gurea bandolero batzuen arazo hutsa zela. Orain ere batek baino gehiagok horixe bera esaten jarraitzen du. Baina, arraioa, konfliktorik ez izateko ederra zalaparta harrotzen ari dena. Total, galdera txoro batengatik, benetan zer nahi dugun galdetzeagatik, herritarrok geure buruaren arabera gobernatuak izan gaitezen eskatzeagatik. Eta hori gutxi balitz, to Segurako segada. Aukera politiko baten arduradun guztiak itzalpera. Garzonen aginduz. To egunkariak itxita, to manifestapenak egiteko debekuak, to errepresioa, to eguneroko eskubide urraketa presoekin, to irudika dezakezun guztia. Eta dena Legearen izenean, Legea eta Justizia gauza bera balira bezala.  Nyanmar-en ere legearen izenean daramatzate gaizkileak kartzeletara edo tiro batekin uzten dituzte erretenetan. Hango agintariek ere, lege-urraketak dituzte aitzakia, Bagdaden, Kabulen edota Txetxenian bezala. Gauza handia baita Legea, agintea daukanarentzat.
Ezin dugu esan zer garen, zer sentitzen dugun. Duela 29 urte 661412 euskal herritarrek Konstituzioari emandako baietzak mugatu du handik honako gure errealitatea, eta markatuko du gure geroa. Espainia gara eta Espainia maite behar dugu. Nahitaez. Bestela, badakigu zer daukagun: la maté porqué era mía.
Hasier Etxeberria. El Mundo. 071006

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)