Günter Grass

images-11.jpg
Ostiral gauerdia da eta oraintxe amaitu da Günter Grassi buruzko ordu t’erdiko dokumental bat ARTE katean: Un provocateur engagé. Eta inbidia hutsez, une hauetan utzi egin nahi nioke euskaldun izateari, soilik izateko frantziar edo izateko germaniar normal bat. Arima eta aberria salduko nituzke edukitzeagatik halako maila gure herrian. Ehunka, milaka gauza eder esan ditu Grassek. Erakutsi du zer den idaztea, ibili da Yemenen, Polonian eta mila lekutan, bere gizatasunaren itzala zabaltzen munduan. Neure frantses kaxkar eta aleman ezdeusaren erditik ulertu diot memoria tipula bat dela, geruzaz geruza antolatzen dena, muina gorderik erdian. Eta saioaren amaieran esan du —lokatzaz egiten ziharduen figura bat alboan lagata—, hiltzen denean intxaur zakukada batekin nahi duela lurpera dezaten, eta hortzorde berrienarekin ere bai. Inoiz edo behin baten bat hurbiltzen bada bere hilobira, entzun dezan kras eta kras. “Hara, hor dago hori oraindik, betiko moduan”, pentsa dezan.

(Orain beste lan bat hastera doa, lehen ere ikusia daukadana: Pierre Bourdieuk Grassi eginiko elkarrizketa luze bat. Ikusten jarriko naiz ostera. Bai, batzuetan atzerritarra izan nahi nuke, benetan).

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Günter Grass”-ri buruz

  • Asier Etxaniz 2007-10-11 10:10

    Ez ote zen izango:

    Eta inbidia hutsez, une hauetan utzi egin nahi nioke Hasier izateari, soilik izateko Gunter. Arima eta aberria salduko nituzke edukitzeagatik halako maila. Gure herrian Lazkao txiki eta Andoni Egaña dauzkagu. Oraindik konturatu ez?