Ezintasun iraunkor absolutua
Ezintasun iraunkor absolutua –
2018/03/02
Azken eguneraketa: 2024/05/02
Ezintasun iraunkorren maila altuenetako bat da.
Ezintasun iraunkor absolutuaz ezin duzu ezein lan jarduerarik burutu, hau da, lan egiteko gaitasuna galdu egiten da, jarduera edozein dela ere. Hortaz, hau konpentsatzeko, langileak bizi osorako pentsio bat jasotzeko eskubidea izango du.
Hauexek dira, laburbilduz, erabateko ezintasun iraunkorraren gako nagusiak:
- Langilea lan egiteko guztiz ezinduta dago. Hau da, ezintasun iraunkor absolutua aitortzen badizute, ezingo zenuke lanik egin.
- Gizarte Segurantzako Institutuak (INSSek) aitortzen du, ezintasunak baloratzen dituen taldearen bitartez. Langilearen lesioek edo patologiak lan jarduera galarazteko bezainbesteko larritasuna izan behar dute.
- Erabateko ezintasun iraunkorragatik pentsioa jaso dezakezu. Honen zenbatekoa oinarri arautzailearen %100 izan ohi da. Hala ere, kopuru hau txikitu edo handitu ahal da, hainbat baldintzen arabera.
Kotizazio betebeharrak
Ezintasun iraunkor absolutuaren pentsioa jaso ahal izateko aldez aurretik gutxieneko kotizazio batzuk pilatuta izan behar ditugu.
– ADI! Gutxieneko kotizazioak eskatuko dira, baldin eta arrazoia gaixotasun edo istripu arrunta izan bada. Lan istripuagatik edo gaixotasun profesionalagatik izanez gero, ez da aldez aurretiko kotizaziorik eskatuko.
-
Arrazoia gaixotasun edo istripu arrunta izan bada (Gizarte Segurantzan alta egoeran):
– 31 urtetik beherakoa bazara: 16 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren heren bat (1/3) kotizatzen eman behar izan duzu. Adibidez, 28 urteko langile batek 4 urte kotizatu behar izan ditu:
28 – 16 = 12 urte pasatu dira
12 urte zati 3 = 4 urte, hau da, pasatutako denboraren herena, (1/3)
– 31 urtetik gorakoa bazara:
– 20 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren laurden (¼) bat kotizatzen eman behar izan duzu. Gutxienez 5 urte izan behar dira.
– Gutxienez bosten bat (1/5) azken hamar urteetan zehar izan behar izan da.
-
Arrazoia gaixotasun edo istripu arrunta izan bada (Gizarte Segurantzan altan egon gabe):
Lanean ez bazaude ere, ezintasun iraunkor absolutua eska zenezake, Gizarte Segurantzaren 195.4 artikuluak jasotzen duenez: gertakizun edo kontingentzia arruntek ezintasun absolutua edo baliaezintasun handia sorrarazi badute, pentsioa jaso ahal izango da, nahiz eta Gizarte Segurantzan alta edo altaren pareko egoeran ez egon gertaera eragilearen momentuan.
Arrazoia gaixotasun edo istripu arrunta izan bada eta langilea ez badago alta egoeran, pentsioa jaso ahal izango da. Edozelan, kasu honetan ere gutxieneko kotizazio batzuk beharrezkoak izango dira:
– Aldez aurretik 15 urtez kotizatu behar izan da, oro har. Hauetatik, 3 urte kotizatu behar izan dira azken 10 urteetan zehar.
Gertaera eragilea
Zenbaitetan, gerta liteke aldez aurretik aldi baterako ezintasun egoeran egotea. Hau da, gaixotu eta laneko baja eskatzen dugu. Hala ere, baja arrunta amaituta edo baja bitartean, ikusten dugu gure patologiak ondorioak utzi dizkigula eta ezintasun iraunkorra eskatzeko prozeduran hasi beharko garela.
Honelakoetan, hau da, ezintasun iraunkorra aldi baterako ezintasun egoeraren ostean datorrenean, ulertuko da gertaera eragilearen data dela aldi baterako ezintasuna (laneko baja) amaitu denean. Amaiera hau izan daiteke, bai bajan egon daitekeen gehieneko denbora pasatu delako, bai alta medikoa eman dizutelako ezintasun iraunkorra aitortzeko proposamenarekin.
Eragin ekonomikoak, hau da, pentsioa jasotzen hasteko momentua izango da Gizarte Segurantzak ebazpena ematen duenean. Hala ere, pentsioagatik jaso behar duzun diru kopurua handiagoa bada laneko bajagatik jasotzen zenuena baino, atzeraeraginez aplika dezakete. Hau da, bajagatiko prestazioa jasotzeari utzi zenionetik hasiko zinateke pentsioa jasotzen.
Beste batzuetan, ezintasun iraunkorra ez dator aldi baterako ezintasunean egon ostean. Honelakoetan gertaera eragilearen data izango da ezintasunak baloratzen duen taldeak ebazpen-proposamena eman duen eguna. Eragin ekonomikoak ere egun berean hasiko lirateke.
Langilea ez bazegoen alta egoeran: gertaera eragilearen data izango da eskaera egin dugun momentua eta eragin ekonomikoak ere egun horretan hasiko lirateke.
Zenbat jasotzen da?
Hilabeteroko pentsioa jasotzen da. Oro har, oinarri erregulatzailearen %100 izaten da. Hala ere, oinarri hau kalkulatzeko, hainbat faktore hartzen dira kontuan, hala nola, kotizazio oinarriak, ezintasunaren arrazoia zein izan den, langilearen adina…
Lan gaixotasun edo istripuagatik izan denean, kopurua %30 edo %50 handitu liteke, enpresak lan osasun eta segurtasun arauak ez betetzeagatik suertatu bada. Gainkargu hau enpresak hartuko luke bere gain.
Jubilatzeko adina badaukazu, baina ez badituzu erretiro pentsioa jasotzeko baldintzak betetzen, gutxieneko kotizazioarekin jubilatuko bazina bezala izango litzateke, hau da oinarri arautzailearen %50 jasoko zenuke.
Gaixotasun edo istripu arruntagatik izan bada, 14 paga jasoko zenituzke eta, lanekoa izan bada, 12 paga (aparteko paga biak hainbanaturik edo “prorrateaturik”).
Gutxienekoak
2024rako gutxienekoak honako hauek dira:
Patologien nondik-norakoak
Lehen esan dugun bezala, patologia edo lesio larriak pairatu behar ditugu; izan ere, lan egitea galarazi behar digute.
Ezintasun iraunkorra sorrarazi dezaketen gaixotasunen zerrenda ofizialik ez dago. Hala ere, hainbat patologia halakotzat jo ohi dira, bide administratibo zein judizialetik.
Edozelan, ezintasuna ez da aitortzen gaixotasun zehatz bat pairatze hutsagatik, baizik eta gaixotasun edo lesio horrek lan gaitasuna murrizten duen moduagatik. Honela, baliteke pertsona bik gaixotasun berbera izatea, baina bakar baten jardun laborala egotea murriztuta. Era berean, gaixotasun berberak langile bati ezintasun maila altuagoa sorrarazi diezaioke beste bati baino.
Orrialde honetan ezintasun iraunkorra sorraraz dezaketen gaixotasunen zerrendatxo bat daukazue:
Zelan eskatzen da?
Eskaera Gizarte Segurantzaren Institutuari egin behar zaio. HEMEN kontsulta ditzakezu INSSen helbideak.
Eskaera-orria bete beharko duzu. HEMENDIK jaitsi ahal duzu.
Honetaz gain, beste dokumentu batzuk ere beharko dituzu:
- Identifikazio dokumentua (NAN edo NIE, pasaportea)
- Osakidetza edo Osasunbidearen historial klinikoa
- Lan gaixotasun edo istripuagatik izan bada, honen berri ematen duen parte administratiboa beharko duzu eta, gainera, aurreko urteko soldaten egiaztagiria.
Dokumentazio guztia HEMEN kontsulta dezakezu.
Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!
Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!