Encyclopédie

images-2.jpgimages2.jpg
Baten bat liburu hau irakurri asmoz badabil jakin beza ezer baino lehen bere bizitzako 30 ordu baino gehiago eskaini beharko dizkiola ekintza horri. Esan nahi baita ENCYCLOPÉDIE (Phillip Blom, Anagrama Argumentos, Batzelona 2004), liburukotea dela eta haren 460 orrialdeak mami huts direla, ia beti. Phillip Blom britainiarrak, Entziklopedia nola egin zen kontatzeko aitzakian, Iraultza aurreko Frantziaren berri ematen digu eta, preseksi, Paris eta hango pentsalari, politikari eta erlijio-gizonak azalduz. Zoragarria da liburu hau, neure antzera historia liburuetara ohituta ez dagoenarentzat. Azpi-idazpuru egokia darakus liburuak: El triunfo de la razón en tiempos irracionales. Azpititulu horrexetan biltzen da kontatzen denaren grazia, alegia, XVII. mendeko Paris feudal hartan, pentsamentuak eta askatasun eta progresoaren aldeko erabaki irmoek eduki zuten garrantzia. Asko dira Entziklopediaren inguruan bildu zien munstroak: D’Alenbert, Jaoucourt, Voltaire, Rousseau… baina guztien artean Denis Diderot gailentzen da, bera izan baitzen entziklopediaren arima egiazkoa.

images-11.jpg

Historia ongi baino hobeto dokumentatua, era atseginean kontatzen du Blom-ek, britainiarrek ohitura duten bezala. Entziklopediak ukan zuen garrantzia sekulakoa izan zen, Diderotek eta konpainiak sekula irudika ez zezaketen adinakoa. Bere ondotik etorriko ziren Iraultza Frantziarra eta baita Iraultza Industriala ere. Gaur garen gizartearen muinetako asko eta asko, han agertu ziren estrainekoz. Erlijioa, Aristokrazia eta abarren gainetik Kapitalaren gailentzea, esaterako. Egia esan, Entziklopedia aurrera eramatea lortu bazen, ez zen izan altruismo kontuengatik soilik. Entziklopedia bere garaiko proiektu kapitalista ikaragarri handia izan zen (mila lagun baino gehiagori ematen zion lana, soilik inprenta lanetan), editoreek trikimailu artean aurrera ateratzea ahalbidetu zutena. Baina hori baino gehiago ere izan ziren 28 liburukote haiek, Atik Zetara munduaren jakintza guztia bildu eta ikuspegi berri bat erakutsi nahi izan zutenak. Hala ere, hori da gutxienekoa Blom-en lan zoragarri honetan. Entziklopedia bera aurrera eramateko eduki zituzten zailtasunak kontatzen dira batez ere, eta, bide batez, phillosophe haiek guztiek zentsoreekin (Elizarekin, jesuitekin, jansenistekin, Erregearekin…) ukan zituzten gora beherak, behin baino gehiagotan kartzelarako ateak ireki zizkietenak. Aldi berean, gizarte erretratu gogoangarriaz jabetzen da irakurlea orrialdeetan murgildu ahala: Paris eta Europa guztiko gorteak, sistema politikoa eta Justiziaren izugarria, Eliza barruko borrokak, amoranteak eta bizitza sexuala Saloien garaian, idazleen izaera arras ezberdinak… Entziklopedian eskuartu zuten idazleen bizitza eta bizimoduak ezagutu ahala, gaurko gure zenbait idazlerekin paralelismoa egitea ezin izan dut uxatu burutik. Esaterako, Rousseau basurdearen zenbait portaera —pertsonalitate patologiko bati zegozkionak—, gure poeta handienetako baten oso antzekoak egin zaizkit… Konlusio errazegi bat hala ere, inor oker ez dezadan: entziklopedistek ez zute Reboluziorik (Iraultza) buruan, Eboluzioa (Garapena) zuten helburu. Historiaren garai hori (XVIII. mendea) maite baduzu, editorea edo idazlea bazara, edota orohar mendebaldeko gizakion pausoak ezagutu nahi badituzu, hara hemen liburu gomendagarri bat, aberatsa oso, era atseginean emana, prosa aratzean idatzia eta bere orrialdeetan nahi adina pausatzen utziko dizuna.

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Encyclopédie”-ri buruz

  • Hasier Etxeberria

    […] ALUA MUNDUA! Sinto-me nascido a cada momento/ para a eterna novidade do mundo… « Encyclopédie […]

  • Argitalpenek iraultza garaian izan zuten izaera subertsiboaz mintzatzen den beste liburu bat gomendatuko nizuke. Robert Darnton ameriakarraren “Edición y subversión: Literatura clandestina en el Antiguo Régimen”. Darnton-ek frantziar iraultza garaiko “book history” ikaragarria idatzi du (amerikarra izan arren, gai hori jorratu duten beste historialari frantses handienen parean dago, Daniel Mornet edo Roger Chartier-en parean, esaterako). Duela hiru urte haren hitzaldi batera joan eta aho zabalik utzi ninduen. Historialari ona ez ezik sekulako umore azkarra dauka. Goian aipatu liburuan frogatu ahal izango duzu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude