koldar herria

gauerdia da donostian. 50 bat gazte korrika datoz bulebarrean barrena, udaletxetik kursaaleko zubi aldera. guztiak goitik behera estalirik, guztiak eskuetan kristalezko poteak dituztela. nere inuzentzian “beste manifestaldi bat” diotsut neure barrenerako. ni bezelako inuzente batentzat guztiak tuaregen desfile moduko bat dirudi, beren antortxa eta guzti.”originala, oraingoan”.

pertsonai misteriotsu hauek eszenan azaldu eta segundu erdira nere buruan eraikitako paranoia barregarria goitik behera irauliko da. kristalezko poteak autobus baten kontra jaurti dituzte, hau martxan dela. gidaria barruan da, inorrek ez dio ateratzeko betarik utzi. autobusa barrenaldetik sutan da eta hala ere gidariak aurrera egiten du, autobusa salbatu nahian, bere aulkia suz inguratua dagoen arren. filme beliko amerikar horietako eszena bat dirudi orain.

karreteratik zetozen gazteak ezkerretara sartu dira, deabrua bera atzetik balute bezela, bretxa ondoko oinezkoen sarrera horretatik. berton nago ni. iheslarien taldea nire inguruan erdibitzen da, beraien bidean bainago. gazteak dira, nere adinekoak asko, zaharragoren bat ere bai agian. denak aurpegia ohialez estalita. batek baino gehiagok begiratu dit begietara.

beraietako bat nire aurrean erori da, estropuzu eginda. galtzetatik eutsi dit altxatzeko, eta beste turbantedun batek atzetik lagundu dio. ez zituen 17 urte baino gehiago izango, eta iadanik begiradan adrenalina txutearen eragina nabaritu diot. zubi batetik hanketatik lotuta salto egin eta orduantxe lurra ikutu balu bezela. ez da posible umemoko honek oraindik pentsamolde politiko independiente eta garatu bat edukitzea. oraindik ere ni ortxe nabil eta hauteskundeetan zeini botatu ez dakidala…baina partidu politiko bateko, eta bereziki ezker abertzaleko kide izateko ez da zertan ez ideologikoki independientea izan behar, ez inungo pentsamolde garaturik eduki behar. guztiz kontrakoa bada hobe, egia esan. palestinoa jantzi, lagunek egiten dutena egin eta kitto. hori baita gure aberriaren etsaiak garaitzeko biderik onena. autobuseko gidaria bezelako etsaiak.

nere atzean dagoen amona batek “hijos de puuuutaaaaa” ohiukatu du, hitz itsusiak esatera ohitua ez dagoenaren kontundentzi falta horrekin. eta nere aurrean lurretik altxa berri den gaizkile honen ama, bere ezjakintasunean, (hala nahi dut pentsatu) harro asko egongo da bere semeak eskolan lortu dituen notetaz.

ziur nago nire ezagunak ere badirela gazte hauen tartean. ziur nago ordu pare bat beranduago alde zaharrean trago batzuk hartzean hauetako bat baino gehiagorekin egin dudala tupust. baliteke beraiek ni ezagutu izana, ni ohartu ez arren. baliteke ere autobuseko gidariaren semea gazte hauek ikasi zuten ikastetxe berdinean ibiltzea.

eta guzti honen aurrean nik ez dut ezer egin. zezensuzkoen ibilbidea ixten zeuden udaltzainek ez dute ezer egin. begira zeuden familiakide, parrandero eta turistek ez dute ezer egin. izan da bakeroen moduko “yeehaaa” horietako bat bota duenik ere. kamerak edonon, morboz, odol-gosez, autobusa sutan grabatzen.

jarraian ertzainak etorri dira.orduantxe berriz atera dira gazte borrokalariak beraien zuloetatik, bigarren koktel-andanada ertzainei jaurti eta berriz ezkutatu dira alde zaharrean zehar. nik alde egin dut eta kontxako pasealekutik ohiuak eta tiro eta sirena hotsak entzutera mugatu naiz. alde zaharrean sartu omen dira ertzainak, aurkiezina den zerbaiten bila.

ezinezkoa da gorrotoaren bidez politika egitea. nazkagarria da gorrotoa gorputzetik koldarki kanporatzea.

batzuetan harrituta geratzen naiz euskal herriak ematen didan goragaleaz.

Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude