Bakarrik lo ez

… gurasoekin bai!

Guraso izatea, aspektu askotan, berriro zerotik hastea da; egunero-egunero bada zerbait berria, ordura arte piperrik ere inporta ez zitzaiguna eta orain gure arreta osoa harrapatu duena.

Bakarrik lo ez

Demagun loa. Lehen ere nahikoa zeregin bagenuen gu-geu hain berandu ez lotaratzeko; pentsa orain zelako garrantzia hartu duen gaueko atsedenak!

Haurren kasuan, bi ei dira jokabide nagusiak, bakoitzak bere gelan lo egin edo gurasoekin batera, familia guztia elkarrekin. Jokabide bakoitzak baditu bere onurak eta kalteak, beti bezala; baita defendatzaile talde irmoa ere –interneten sutsu elkarri mokoka!-.

Ohartu zaitezte polita bezain faltsua dela, gure iruzkina irudikatzeko balio digun arren.
Guraso eta seinek buruak jartzen ditugu maila berean, eta umeak txikiagoak direnez, oinak ez dira sekula maila berean geldituko.

Kontuak sinplifikatze aldera, eta Estatuko pediatrei dagokionean, Eduard Estivill medikua da haurra ahalik eta lasterren bere habia propioan lo egitera ohitzearen aldekoa, eta Carlos González doktoreak ez dio eragozpenik ikusten haurrek gurasoen ohatze berean lo egiteari. Heziketa tradizional edo zurrunagoa bata; malgu edo irekiagoa bestea, -nahiz eta orain gutxira arte familia osoak gela batean lo egitea zen (eta da munduko bazter askotan) ohikoena-.

 

Te eta Lo

Baina teoriak alde batera lagata -zoratuko ginateke bestela-, gatozen basatzara.

Gurean lau gara, bost urte bete berri dituen Te eta oraindik ere titiko seina den Lorekin. Tek, erregeak, bere gela propioa du, eta kumatxoa Lok, printze txikiak. Baina gauero-gauero, laurok alkarrekin gaudela esnatzen gara (batzuk lo gutxi eginda!).

Tek, askotan, gurean nahi izaten du lokartu eta bertan kontatzen dizkiogu ipuintxoak (dizkio, gehienetan, amak), loak hartu eta guk besotan hartuta bere gelara aldatu baino lehen. Lo erraz lokartzen da gurasoen gelan duen kuman.

Horrelakoa da gure lotaratzea (bi heldu metro eta erdiko ohean), harik eta Lo titi gosetzen den arte. Amak ondoan hartzen du orduan, bularra emateko (bi gehi bat, hiru). Eta goizaldean, hiruak inguruan, tapatan-tapatan-tapatan, zezen txikia legez ziztuan etortzen da pasiloan zehar erregea, salto batez gure artera eginda. Hara, jada bagara lau, sardiñabakalau!

Bakarrik lo ezTeoria bata ala bestea irakurri (andreak nik baino gehiago, egia esan) eta gure apetak gorabehera; eguneroko praxiak eraman gaitu Gonzalezengana, indarrean den joera Estivillena bada ere –bestseller bat ei du “Duermete niño” (1996) liburua-.

Hartara, familia osoa ohatze berean lo egiteak dakartzan onuretan pentsatzen hasita, andreak errazagoa du Lori bularra ematea. Eta nik, neure aldetik, gustuko dut laurok batera gorapilatuta berotan lo egitea, Tek beti gurasoon artean sartu eta izarak oinazpian hartu beharra izaten badu ere, besteoi loa galaraziz.

Gure kasua, goian ezkerretik hasita laugarren irudia litzateke, erregea trabeska eta aita ohetik erortzear dela; eta honi titiko umea gehitu amaren ondora.
Beti ere egoera luzerako izango ez delakoan; nerabezaroa baino lehen bakarrik nahiko dute, ezta?

Jokabide honek dakartzan kalteen artean, elkarrekin lo egiteak, bikotearen intimitate galera aipatzen du askok, baina… jada ez dakit horrek zer esan gura duen ere!

.

Beste honek ere ez zuen bakarrik lo egin nahi baina… hau beste kontu bat da!

Bakarrik lo ez

ZUZEUko erredakzio kide

Zer duzu buruan “Bakarrik lo ez”-ri buruz

  • Guretzat ere gozada handia izan da umeekin batera lo egitea. Familiarentzat onura psikologiko handiak dakartzala deritzot. Lasai, tamalez, bolada bateko kontua izaten da eta. Gureak aspaldi hegatu ziren norbere zakarrera: 12 eta 16 urte dituzte.