Andres Arbelaitz egurgilea: “Lana duten ofizioak, denak txarrak”

Arbelaitz, Andres cc-by-sa: hec
Andres Arbelaitz egurgilea. cc-by-sa: hec

Andres Arbelaitzek neurriak ez dira zureak edo gureak bezalakoak. Berak otarrakada eta palakada hitzak erabiltzen ditu, esate baterako. Badakizu zer den hori? Ai, koitadua, orduan ez dakizu ezer munduaren egiazko neurriari buruz.

Kiloak ere gutxi agertzen dira Andresen ezpainetan. Berarentzat dena da tona edo metro kubiko. Bere normaltasunak anormal totala zarela jarriko dizu agerian: “Palakada bat, otarrakada bat baino apur bat gehiago da, baina biak jartzen ditugu prezio berean, lan gutxiago du eta palakadak”.  Gero esango dizu: “Palakada bakoitza ia metro kuboa da, baina ez da ailegatzen. Tona erdi edo”. Zalantza sartzen zaizu ea hizkuntza berean ari ote zareten biok. Eta zu filosofiatan zabiltzan bitartean, errematea botatzen dizu: “Kamioikada bakoitza, sei palakada da”. Akabo, orduan, zure kontu guztiak. Galduta zaude. Irabazi egin dizu, solasa guda ez bazen ere.

Andres Arbelaitz bere kamioiarekin. cc-by-sa: hec
Andres Arbelaitz bere kamioiarekin. cc-by-sa: hec

Luxurik ez.

“Errenterian jaioa naiz, baina Hondarribiko Jaizubia auzoko baserri batean bizi naiz. Hala ere, Astigarragan dugu gaur egurren negozioa eta lana. Orain baino lehen, 30 urte inguru, Oñatin bizitu naiz, han bainuen lana eta etxea.

Goizeko seietan esnatzen naiz ni, eta yogourt bat gosaltzen dut zerealekin. Horrexekin egiten eguerdiko ordubata bitartekoa, beste ezer hartu gabe. Ordu horretan, Frantxilla Berri jatetxera joaten naiz bazkaltzera, ia egunero. Beti kanpoan bazkaltzen dut eta badakizu: dagoena. Gehienetan barazkiak jaten ditut, gizentzeko beldurrez. Kafe konpletua eta holakorik ezer ere ez. Ura eta postrea bai, baina besterik ez. Eta berriz ere lanera ordu bi t’erdiak aldera.”

Bi lan mota

“Goizeko zazpi t’erdiak aldera hasten naiz, baina ez dago esaterik: zenbaiteta seietan igual. Batzutan egurra txikitu eta pilatu, eta bestetan kamioiarekin banatu eta bezeroak esandako lekuan egurra  kolokatu. Leku askotan ibiltzen gara kamioiarekin, Donostia ingurua, Iparraldea, Zarautz… Oñatiraino ere bai sarri, eta Frantzian barrena ere bai, deskuidatu ezkero.

Nik nahiago dut egurra txikitzearena, banatzearena baino. Gaur gainera tresna onak dauzkagu: zerrak, bestelako makinak… Gure ofizioa ez da beste mundukoa, lan handia ematen du eta, jakina, lana ematen duten ofizioak, denak dira txarrak, baina ez naiz kexu badira okerragoak eta. Hala ere, niretzat lan gustagarririk ez dago ja. Hori joan zen.

Arbolatik egurra

Haritza eta pagoa erabiltzen ditugu, batez ere. Haritz amerikano aski bada Oiartzun-Errenteria inguruko mendietan. Pagoa, berriz, Nafarroatik ekartzen dugu. Askotan egurra geuk erosten dugu mendian eta norbaiti esaten diogu hura ekartzeko. Hala ere sutarako egurrik onena artea da, baina ez dago erraza. Aurten ez dugu erabiltzen. Lehenago bai, baina ez dago atarramendurik. Salamanka aldera eskatzen duzu trailera bat eta zakarra eta sasia baizik ez dizute bidaltzen igual. Eta haritzaren doblea balio du gero!

Tranpa handiak egiten dizkigute, deskuidatu ezkero. Geuk joan behar genuke karga zaintzera eta ez gaude horretarako. Gizona zahartzen hasten da berrogeita hamar urte bete baino apur bat lehenago. Eta gu hortik ederki pasata gaude.

Etxera iritsi bezain azkar afaltzen dut, batzuetan zazpiretan, bestetan bederatziretan igual, baina iritsi eta berehala. Emazteak egiten du kozinan, baserrian bizi garenez, beste lan batzuk geratzen dira eta niretzat. Sasoi honetan geure baratzeko barazkiak jaten ditugu asko, tomatea eta halakoak. Eta goiz lotara. Horixe gure bizimodua.”

(Andres Arbelaitz. Arbelaitz Egurrak. Astigarraga. 629442609)

Andres Arbelaitz, Egunak badoazi..., imago mundi
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Andres Arbelaitz egurgilea: “Lana duten ofizioak, denak txarrak””-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude