Samin handiaren aurrean, zer esan jakin ez

Samin handiaren aurrean, zer esan jakin ez –

Zenbat eta zenbatetan bestearen min ezin handiagoaren aurrean hitz egokirik aurkitu ezinda gelditu ohi garen!, hitz egin beharraren sentipenaz, sentipen horrek bultzaka diharduela gure baitan, eta, bateratsu, eta kontraesankorki, botatako edozein hitzi, hau edo beste izan, guztiz alperrikako, guztiz tokiz kanpoko, edota, are okerragoa litzatekeena, desegoki eta mintzokidearen saminaren tamainarekiko zuzen gabe deritzogularik. “Ez dakit zer esan” bota genezake, onenean ere, zerbait esate aldera deusik ere esan gabe. Baina, hori eginda ere, ziur, handik laster, hitz desegokietara lerratuo garela segi-segituantxe, gure gogoaren kontra bada ere; edota, halakorik ezean ere, “ez dakit zer esan” borobil eta jada topiko horren segidako isiluneari eutsi ahal izateko direnak eta bi egin ezin-ezinda sentitu geure burua.

Hitz egokia, leku egokian. Ezin inork zalantzan jarri hizketa denik gizaki egianarazten gaituena, gizakien arteko gizarterako garen aldetik. Hizketa behar-beharrezko dugu, ezinbesteko. Hitza eta ekintzaren ustezko, itxurazko aurkakotasuna, ez dakit nik noraino egia denentz. Izanez ere, ez al dugu agian hitza ondorenean emango den ekintzaren aurrekari eta atariko, talde-mailan, zein bakarka barne bakarrizketa moduan bada ere? Badirudi gizaki gisa hizketa dela batzen eta elkarrengana biltzen gaituena, besteekin zein geure buruarekin ere, ados zein aurka jartzen gaituena, elkarrengandik urrunarazten gaituena, maitasunerako zein gorrotorako dugun osagai ezinbestekoa delarik. Egiarekin lotura estu-estua du mintzoak. Egiarekiko leial izateko jaio zen mintzoa, bere zerbitzura eta esaneko. Alabaina, desleial eta iruzurti oso jarduten du kasik egiati bezainbat. Batera zein bestera kulunkatu ahal izate horretan datza hain justu ere bere indarra eta duen arma finaren berezko izaera. Sobera eta alperrik mintzo gaitezke, alper-alperrik, eta hartara hizketa berbontzikeria huts bilakarazi, azal-azaletik hitz eginda, egiarekiko eta errealitatearekiko inongo konpromezurik gabe, beraietatik guztiz deslotuta, hitz egite aldera hitz egite hutsez, gure egunotan, eta batik bat gure politikarien ahotik, tamalez gero maizeneango ikustera usatuak garen moduan.

Hitzaren indar guztizkoa hor datza, eta ezin inolatan dudatan jarri. Alabaina, hori horrela ere, hizketak isiltasuna du aurrebaldintza. Hitzik ez zegoenean, hizketarik batere ez zegoen harako iragan urrun hartan, isiltasunik ere ez zegoen, orduko hura ez zen isiltasuna. Hitza eta isiltasuna gerakari berberaren aurki eta ifrentzua ditugu. Isiltasunak ematen dio bide hitzari, eta hitz egokiak isiltasunaren altzoan bestetan ez dugu zentzurik. Noiz hitz egin, noiz isildu, non dagoen baterako zein besterarako deia, errealitatearen eskakizunekin zintzo izango bagara,… hortxe dago koska.

Hau are baharrezkoagoa ere da saminaldian, lagun hurkoaren min handi-handiaren aurrean gaudelarik, eta, areago, min delako horrek, ustez, sumaz, interbiderik ez daukanean, soluziobide errazik ez daukanean, ezta zailik ere. Egoera horrelakoetan isiltasun isiltasunezkoenaren unea da. Hori da honelakoetan dagokion komunikazio-era. Isilik egote hutsaren uneak ditugu horiek, presentziazko komunikazioarena, aurrez aurreko begirada abegikorrarena, begirada maitekorrarena. Gertu-gertuko, ondo-ondoko, aurrez aurreko konpainia, konpainia isil-isila, da orduan hitzik gabeko lengoai komunikatibo posible eta bakar-bakarra, ezertxo ere esan gabe, esan beharreko den-dena dioen zin-zinezko presentzia hutsarena. Horrelakoetan, egote hutsak dena dio:

“Joben hiru lagunek…. zazpi egun eta zazpi gau eman zituzten berarekin lurrean eserita, hitzik ere esan gabe, ikusten baitzuten zein handia zen haren samina” (Job 2,11-13)

Samin handiaren aurrean, zer esan jakin ez

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude