Lehenengo aldiak

Lehenengo aldiak – 

Astelehena. Beste zerbaiten bila nabilela, “Eyes Wide Shut” filmaren zuzendariaren biografiara heldu naiz. «Zure ‘azken’ lana ikusi dut» -esan omen zion kritikari batek Stanley Kubrick-i “Fear and Desire”, estreinatu zuenean. Kubrick-ek ez zuen ordutik gehiegi sinistu lehen istorio horretan. Izan ere, kopia guztiak desagerrarazten saiatu omen zen. Nekaezin, Estatu Batuetan ibili zen bizitza osoan haien bila. Datu horrek bere begirada ulertarazi dit; Stanley Kubrick-ena, diot. Obsesioak lausotuta dago. Bai, oso deigarria da nola eragin zion lehen pelikula horrek, lehenengo aldi horrek. Irratiak Ayusoren bikotekidearena hamaikagarren aldiz kontatzen…

Irudiaren kreditua: Iza Gawrych

Asteartea. Nire DBH 3. mailako ikasleei esan diet inbidia handia ematen didatela, eskarmentu askotako lehen aldi ugari bizitzeko geratzen zaizkie eta. Gehiagotan gertatuko da, baina lehenengoak badu zerbait berezia. Une horretara, leku horretara, liburu horretara, esperientzia hartara -txirrin guztiak jo eta korrika irtetea- lehenengo biderrez iritsi ginen ilusioa, ikusmina eta beldurra desagertu egingo dira pixkanaka. Harridurarako gaitasuna galtzen joango direla, eta gertakizun -mobila- gisa biziko dutenak liluragarria izateari utziko dio, eta denborak -gidatzeak- eguneroko kontu bihurtuko du. Txapa horren ostean sintaxia ikusten jarraitu dugu. Dagoeneko -goizaldeko lauretatik- udaberrian gaude.

Asteazkena. «Azken aldia izan dadila…», dio pasozebran nire ondoan daukan aita batek eskutik helduta daraman alabari. Toledoren gorpuak…

Osteguna. FNACen Txalapartak argitaratutako “Literotura” bilduma erotikoaren kontakizun sorta batekin –Lehenengo aldia– egin dut topo. Idazleek -Itxaro Borda, Lander Garro, Xabier Mendiguren, Juan Karlos Merino, Paddy Rekalde eta Patxi Zubizarreta- norbanakoaren «lehen aldia» kontatu digute liburutxo horretan. Ez zion erreparatu hain nabaria den konnotazio horri. Hori izango da, beharbada, lehen aldietako «ama», lehenengoetakorik lehena; desirak ukitzen duen guztia bereziagoa eta errepikaezinagoa da bereziki. Dani Alves aske geratuko da milioi bat euroko fidantzapean.

Ostirala. Azkenean ere… Almeriakoa. Indarkeria bikarioak beste bider bat kolpatuz. Ba al dago ere maitasun bikariorik…?

Larunbata.  Azken lehenengo aldiak; lehenengo azken aldiak. Hitzekin bueltaka ibili naiz. Euria egin du; nahikotxo.

Igandea. Korrikaren 23. Beste zerbaiten bila nabilela, giltza bat topatu dut etxeko kajoi batean. Guztiz berria da; bere lehenengo aldiaren zain dagoela iruditu zait. Nire giltzatako gainontzekoekin jarri dut: lekuren batean sarrail bat bere zain egongo da. Pena eman didate; bai, biek.

En fin.

AsteRkaria

Lehenengo aldiak

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude