Buztana janda, a ze Kristo! (Gasteiz, ateoen habia)

 

Ekintza antiklerikalak III: Buztana janda, a ze Kristo! (Gasteiz, ateoen habia)
Euskal Herrian eta 80ko hamarkadan, ekitaldi antiklerikaletan indartsuena bihurtu zen Gasteiz, ordura arte tradizionala izateagatik ezaguna zena. Horrela ondorioztatu daiteke Jon Martinez Larreak EHU-n egindako “Procesiones ateas y otras manifestaciones anticlericales en Euskal Herria durante los 80” lana irakurrita, eta horregatik, Iruñea (lehenengo) eta gainontzeko Euskal Herria (gero) orainkarira ekarri ostean, arabar hiriburuari eskainitakoa dugu gaiari buruz egindako hiru sarreretan azkena.

Frankismoaren azken urteetan aldaketa ikaragarria bizi izan ei zuen Gasteizek, elizkoitasunari ere eragin ziona, eta batez ere belaunaldi gazteenei dagokionez.

Buztana janda, a ze Kristo! (Gasteiz, ateoen habia)Hirian jazo zen lehen elizaren kontrako ekintza 1982ko martxoaren 8an gertatu zen, Andre Maria Zuria lurrean botata eta apurtuta agertu zenean. Ekintzak espantu ikaragarria sortu zuen hirian, eta agintariek zein alderdi politiko guztiek gaitzetsi zuten gertatutakoa. “Zaila egiten zaigu pentsatzea gasteiztarrak izan direla ekintza arbuiagarri honen erantzuleak”, adierazi zuen gotzainak, Larraurik. Erantzun gisa, gertatutakoa errefusatzera zetorren Goiztiriko Errosariora 20.000 lagun agertu ziren.

1984an ekitaldi bat antolatu zen, prozesio ateoa, Hala Bedi irrati borrokalaritik sortua. Hitzordua ahoz aho zabaldu zen. “Egurrezko gurutze txiki batzuk egin ziren, buruz-behera zirenak, eta ikaragarri handia zen beste bat; `Yo soy ateo y poteo´ zioen pankarta ere bai. Kutxi kaleko taberna batean egin genuen hitzordua eta bertan elkartu ginen, bakoitza bere katamaloarekin; musikarik ez zen falta. Berrogeita hamarren bat izango ginen, gehienak herabe, bagenekielako ezohiko kontua zela eta politikariek, ezta ezkerrekoek ere, ez zutela erraz onartuko; guk ezta nahi ere”, parte hartzaileetako baten berbatan. Prozesioak hiriaren erdigunetik bueltak eman eta kalean zirenak asaldatu zituen, baina ez zen istilurik sortu.

 

Buztana janda a ze Kristoa!
Hurrengo urteko Aste Santuan berriro deitu zuten prozesio ateoa: afixan Ama Birjina bat agertzen zen Kristori buztana jaten!; kalapita handia piztu zen hirian. Prozesioan berrehun lagun inguruk hartu zuen parte, eta Aihotz plazatik abiatuta alde zaharreko kaleak zeharkatu zituzten, “Muerte al clero y al madero” lako esaldiak oihukatuz eta… gotzainen egoitzara harrika eginda! Prozesio ateoak Lur-emate Santuarenarekin bat egin behar zuen, baina azken hau bertan behera gelditu zen, eguraldia zela-eta.

Urte berean sekulako polemika piztu zen Hala Bediren aldetik lehenengo Festa Alternatibo eta Ateoak antolatu zirenean, afixa zela-eta honakoan ere -aurrekoaren antzekoa!-. Kasu honetan, aurrean zuen blusa batek aurreskua dantzatzen zion bitartean Andre Maria Zuria potxina igurzten ageri zen!

Aste Santuko afixa batean Ama Birjina bat agertzen zen Kristori buztana jaten eta hurrengoan Andre Maria Zuria potxina igurzten. Kalapita piztu zen hirian.

Honela zihoen jaietako pregoiak: “Ez zaizkigu gustatzen erlijio kutsua duten jaiak: elizak, errosarioak, prozesioak, salbeak; instituzionalegiak direnak: alkate, zinegotzi, bizitza publikoko pertsonalitate, ejertzito, polizia, gotzain eta burgesia orokorrean. Gazteok biltzea baino ez dugu, jaia gure kasa egiteko…”. Ekitaldi ofizialetan parte hartzen zuten “blusita” (sic) batzuen koherentzia eza ere salatzen zuten, “Ama Birjinari loreak eramateko esaten diguten horiek sortzen dizkiguten arazoak ahantzi dituzten bildotsak bailiran” zebiltzala-eta.

Afixari buruzko kalapitak eztanda egin zuen; hein batean antolatzaileek gura zutena. Hiriko alkate José Ángel Cuerdaren aburuz, “laido larria egin diote erlijio katolikoari eta iseka gasteiztar guztiei zein jende zintzoari”. Gaintzeko udal politikariak ere oso kritiko agertu ziren afixarekin, Herri Batasuna tartean. “Hala Bedirena ondo edo txarto egon daiteke, baina ez zait egokia begitantzen aurkeztua izan den modua”, esan zuen bozeramaile zuten Xabier Bareñok.

Buztana janda, a ze Kristoa (Gasteiz, ateoen habia)Bere aldetik, Larrauri Gotzainak ere egin zizkien kritikak: “Atsekabea ematen du, beraiengatik batez ere, ez baitute errespetu ez sentiberatasunik, ez baitira ohartzen jende askori sufriarazi diotela. Beraiek ateoak badira, on dagiela, baina izan dezatela begirunea. Gainera, kontu hauek Andre Maria Zuriaren maitasuna areagotu baino ez dute egiten”.

Hala Bedik ere hartu zuen parte kalapitan. Afixak, “inposatu nahi dizkiguten topiko guztiekin apurtzen du” esan zuten, kritikei erantzunez. Egitarau ofizialean gazteei zuzendutako ekintzak aurkitzen ez zituztela-eta, beraien asmoa ondo pasatzea zela adierazi zuten, eta ez jaiak izorratzea. Garai honetan sortu zen apostasiaren aldeko kanpaina egin zuen Laica izeneko erakundea ere.

Kasu honek erakusten du, Martinez Larrearen lanak dioenez, `autonomismoak´ eragindako gaztedia borrokalariak egiten zuen dibertsioaren apologia, sektore tradizionalagoekin eta ezker klasikoarekin talka egiten zuena, lehenengoen iritziz azken hauek serioegiak zirelako.

 

Santu punkia
1986an Alicia Izaguirre Gobernadore zibilak prozesioa debekatu zuen, “no hay que confundir libertad con libertinaje” esanez!! -merezi du jatorrizko gazteleran uzteak-. “Ez dut baimenduko trufa egitean eta gasteiztar ohituren laidoan oinarritzen den ekitaldirik”. Hala ere laurehun lagun inguru abiatu ziren Kutxi kaletik egurrezko gurutze, txilibitu eta katamaloak zituztela. San Mangarran atera zuten prozesioan, santu punkia; “A San Mangarran le gusta el patxaran” zuten leloa. Polizia oldartu zitzaien, prozesioa sakabanatu araziz. Antiklerikalek komunikatu bat plazaratu zuten, ez zutela liskarrik nahi eta publikoki beren pentsaera agertzeko eskubidea aldarrikatzen, “oso zentzugabea iruditu arren” .

Gasteiz eredu bihurtu zen beste hirietara ere hedatu ziren prozesio ateoetan. Hamarkada bukaera arte antolatu ziren eta polemikak  gutxira egin zuen.

Prozesio ateoak hamarkada bukaera arte ospatu ziren, baina polemikak gutxira egin zuen; pankartak “Su Santidad tiene SIDA cantidad” zihoenean ere (1987an), elizak gaixotasunarekiko zuen jarrera zela-eta.

1989an Aste Ateoa antolatu zen, pronu eta guzti. “Eliza botere zapaltzaileen kide” zela salatzen zuen sermoiak. Egitarauko ekitaldiek “ez dute jarrera hutsal bat agertzen, besterik gabeko parodia edo adar jotze bat -zioten antolatzaileek-; bizitzeko jarrera berezi bat baino”. Elizaren eragin narkotikoaz ohartaraztera zetozen: “Jende askorengan erlijioak eragin duen sumisio itsuaren aurrean askatasuna jarri nahi dugu, gizakiaren heziketa integrala; horregatik antolatzen ditugu ekitaldi ateo eta heretikoak, beste aukera batzuk ere existitzen direla erakusteko”.

Arabar hiriburuko ekintza antiklerikalak, dio Martinez Larreak, eredugarri bihurtu ziren, eta beste hiri batzuetara hedatzeaz gain, asko ziren Euskal Herriko eta Estatuko bazterretatik Gasteizko prozesio ateoetara jotzen zutenak.

ZUZEUko erredakzio kide

Zer duzu buruan “Buztana janda, a ze Kristo! (Gasteiz, ateoen habia)”-ri buruz

  • Españolazo hauei mirespenik ez. Ez dira gai “GASTEIZ” ganoraz idazteko ere. Hauek jendeari egindako eraso fisikoak euskaldun batek egin izan balitu, badakigu 20 urtetik gora egongo zela kartzelan.