Loreak: Esan gabekoen mamua
TESTUA: AITOR ABAROA @abaroa37
62. ZINEMALDIA: SAIL OFIZIALA
Sail Ofizialean lehiatu den euskara hutsean egindako lehen filma, Garaño eta Goenagarena, etxekoak sentitzen ditugun aktoreek antzeztua… Ezaugarri asko euskaldunok begirunez begiratua izateko. Hau, baina, Sail ofiziala da, lehia, eta epaile betaurrekoak jantzita sartu nintzen Antzoki Zaharrera. Eta joder, betaurrekoak kendu behar malkoak lehortzeko. Hunkituta bai, eta liluratuta ere bai, bigarren aldiz patxadaz berrikusi eta aztertzeko gogoz.
Film potoloekin gertatzen den era berean, Loreak-ek ere bigarren, hirugarren… ikustaldiak beharko ditu bere egitura disekzionatzeko, mimoz atondutako planoez gozatzeko zein egiten d(it)uen irakurketa soziala(k) taxuz aztertzeko. Horiek aurreragorako utziko ditugu, beraz, eta oraingoan, labur bada ere, lehen kolpeko sentipenez hitz egin dezagun.
Hasteko, tematikoki film indartsua da. Oroimena du enbor, baina pertsonaien barne egoerek beste hamaika adarretan zabaltzen dute sentipenen abanikoa. Hala, “zaindu maite duzun hori” edota “ez dakizu zer daukazun galtzen duzun arte” bezalako esaldi errekurrenteen letra artetik ihes egiten duten matizak ageri dituzte esan baino gehiago ezkutatzen duten pertsonaiek: desiratua izatearen ederra, tokatutako roletik ateratzeko ezina, oroitzapenen kutxa konpartitzeko beharra edota erloju ikusezineko harearen pisua.
Horren erantzule dira, hein handi batean aktoreak, eta Nagore Aranbururen eta Itziar Ituñoren baimenarekin, Itziar Aizpuru nabarmendu nahiko nuke. Terek barrua kolpatu dit. Pantailan irribarrea atera baina benetako bizitzan irakiten jartzen zaituen hori da Tere, beste garai batean iltzatuta gizarte likidoaren arauak ulertzen ez dituen emakumea. Beste esaldi errekurrente bat, “esaiozu, egizu, berandu izan baino lehen”. Bai, marka boteretsuen publizitate kanpainetako letra handietan esanahia guztiz galdu duten esaldiak dira, baina ezkutatzen dute egirik; gure biografiaren disko gogorretik ere klik bakarrarekin ezabatzen ditugula uste ditugun egia horiek, bakoitzaren Terek paperezko argazkitan gordetakoak.
Derrigorrez ikusi behar dela esateko arrazoi pisutsu bat datorkit oraintxe burura. Gehiago idatzi nahi dudan arren, ezin dudala, filma gogoratzen ari naizen honetan, neure buruari debekatuta diodan sentipen batek umeltzen baitizkit berriz ere begiak; damua, esan gabekoetan ezkutatzen den mamua.
Zuzendariak: Jon Garaño, Jose Mari Goenaga. Aktoreak: Nagore Aranburu, Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Josean Bengoetxea, Egoitz Lasa. Gidoia: Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi. Argazki zuzendaria: Javi Agirre Erauso. Musika: Pascal Gaigne. Ekoiztetxea: Irusoin, Moriarty Produkzioak. Generoa: Drama. Iraupena: 99 min.
Nik filma ikusi berri dut eta gehin gustatu zaidana argazkia da.
Oso interesgarria da beste garaiko ohiturak ulertzen saiatzea, lortu ez dudan arren. Hau da, ez dut ulertzen zergatik badagoen jendea joaten dena istripuen lekutara loreak ipintzeko.
Ni adibidez oso pragmatikoa da eta nire ustez gorpua gorpua da bakarrik eta kitto. Hala ere, filmearen amaiera izugarri gustatu zait. Kasu honetan Loreek beste esanahi bat dute (nire ustez).