Lander Garro: “Mundua aldatzeko borondatea mantentzen dute intsumiso izandakoek”

Lander Garro: «Mundua aldatzeko borondatea mantentzen dute intsumiso izandakoek» –

‘2 urte, 4 hilabete’ filma zuzentzen ari da Lander Garro (Orereta, 1975), intsumiso izandako sei nafarren bitartez Euskal Herrian orain hiru hamarkada hain garrantzitsua izan zen mugimendu antimilitarista ezagutzera emango duen dokumentala. Crowdfunding kanpainan direla, ZUZEUrekin zabal hitz egiteko tartetxo bat hartu du zuzendariak.

80ko hamarkadan, soldadu joateari uko egin zion euskal gazte saldo batek, eta berauek preso hartzera behartu zuen Estatua. Ehunka eta ehunka gazte kartzelatu zituzten kontzientzia delituagatik -bi urte eta lau hilabeteko zigorrekin-, kontraesan handia sortuz. Hortik etorri zen intsumisioaren garaipena, eta derrigorrezko soldaduska zenaren desagerpena.

Handik hiru hamarkadara, 2012an, Iruñeko kartzela eraitsi zuten, eta bertan egondako hainbat preso intsumisok sartu eta irudiak grabatzea erabaki zuten. Orduan piztu zen, nolabait, dokumentala egiteko asmoa. «Jakina denez, intsumisioaren mugimenduari dagokionez, oso toki berezia izan zen Iruñeko kartzela, eta eraitsi zutenean, sentimendu gazi-gozoa utzi zien bertan egondako intsumiso presoei -dio Garrok-. Batetik, kartzelak apurtu aldarrikatzen zuten, eta beraz, albiste ona zen, baina bestetik, lekuko garrantzitsu bat galdu izanaren sentsazioa zuten». Intsumiso talde horretan zegoen Gaizka Aranguren kazetaria, filmaren bultzatzaile nagusienetako bat, eta bere bitartez heldu zitzaion Lander Garrori lana zuzentzeko proposamena.

Lander Garro: "Mundua aldatzeko borondatea mantentzen dute intsumiso izandakoek"Garrok berak ere gertutik ezagutu zuen antimilitarista mugimendua, epaitua eta kondenatua izan zen eta, kartzelatu ez bazuten ere. «Gure belaunaldikook oso presente genuen soldaduska, bertan egondako familiakoengatik edo lagunengatik, eta gure ingurumariko musika talde askok eta askok ere kantatzen ziotelako `miliari´; gure bizitza politikoan oso presente zegoen. Eta garaia iritsi zitzaidanean, intsumisio mugimendua nahiko heldua zegoen; oso argi nuen gustura parte hartuko nuela bertan. Soldaduskatik hasita intsumisiora, bi gauzak izan dira nire bizitzaren parte inportante samarra».

Iruñeko kartzelara bueltatuta, 2012an bertara joandako intsumiso taldeko sei kide dira dokumentalean mugimendu antimilitarista gorpuztuko dutenak, «kontakizunaren ardatz izango direnak». Ez ditugu sei horietatik guztiak ezagutzen, baina Tonino Carotone artista ezaguna da haietako bat, eta tartean dira Euskalerria Irratiko Juan Kruz Lakasta eta Gaizka Aranguren kazetariak ere. Labriteko kidea da Aranguren, eta Izar Filmsekin batera, dokumentalaren ekoizle.

«Sei intsumiso horien bitartez kontatuko da mugimendua, intsumisioaren historia kontatu egin behar da-eta. Mugimendu ikaragarri inportantea izan zen, Euskal Herrian lehen mugimendu transbertsala, zinez transbertsala, ordura arte hemen politika bandoka egiten zen-eta. Bazeuden ekologia eta feminismoa ere, beharbada transbertzalak zirenak baita, baina hain mugimendu masiboa, hain parte hartzailea eta hain arrakastatsua, intsumisioarena izan zen», Lander Garroren aburuz. «Zapalduta eta askatasunaren ikuspegitik hain erronka handiak dauzkan herri honentzako oso inportantea da orduko kontakizuna, ikasgai bat izan daiteke-eta, jakiteko nola egin genuen hainbesteko adostasuna lortzeko eta halako tema edukitzeko, tema handia geneukan-eta».

.

«Zinez mugimendu transbertsala izan zen intsumisioarena, ordura arte hemen politika bandoka egiten zen-eta. Hain izan zen mugimendu masibo, parte hartzaile eta arrakastatsua»

.

Dokumentala borobiltzeko, noski, artxiboko irudiak erabiltzeko asmoa ere badu ‘2 urte, 4 hilabete’ filmaren zuzendariak, «ehunka mobilizazio egin ziren-eta. Aurrekoan burutik pasa zitzaidan manifa ezberdinetako oihuak bakarrik kontutan hartuta egin daitekeela dokumentala». Irudi  horietan, gainera, Euskal Herrian zehar han eta hemen egindako ekintzak ageri dira. «Donostiakoak, Bilbokoak… ezaguna da Gobernu Militarrean ekintza mordoa egin zirela, bilbotar mugimenduak zuen grazia eta festarako joerarekin». Agian ikusi bai baina fresko ez ditugun irudiak. Horiexek hautatzen dabil Garro.

Dokumentatzea eta artxiboetan arakatzea, lan luzea den arren, ez bide zaio nekeza egiten; «hasten zara eta ez dakizu noiz bukatuko duzun, beti agertzen baita agertu beharko ez lukeen hori, edo begiratzen ez zabiltzan hori, baina lan polita da».

Lander Garrori atentzioa eman dio, kartzelatuak izan eta hiru hamarkada geroago ere, intsumiso izandako horiek «jarraitzen dutela beren bizitzan mundua aldatzeko bokazioa izaten, mantentzen dutela amankomunean borondate hori; ezin diote intsumiso izateari utzi». Eta dokumentalaren alderik ederrenetakoa begitandu zaio hori. «Kausa indibidual, nartzisista eta egozentriko bat utzi eta kausa kolektiboa besarkatzen duen horrentzat jada ez dago atzera biderik».

Garaipen baten ospakizuna

‘2 urte, 4 hilabete’ egitasmoa, mugimendu antimilitaristak egin gabe utzi zuten ospakizuna egiteko aitzakia ere bada, derrigorrezko soldaduskaren desagerpena garaipentzat baitute intsumisoek. «Beti aipatzen dute sentipen hori; halako batean Estatuak derrigorrezko soldaduska amaituko zuela esan eta iragarpenak ezustean harrapatu zituela. Beharbada intsumisioa mugimendu antimilitaristaren baitan kokatzen delako, eta garaipena ez delako emango ejertzito guztiak desagertu arte. Eta irabaziko dugula pentsatzeak utopikoa ematen badu ere, horretan gaude, ezta?».

Garaipenak garaipen eta porrotak porrot, gizarte mugimenduei dagokienez «etsipen fase» batean gaudela iritzi dio Garrok. «Zerbait aldatu daiteke? Ikusten dituzu erakundeen bortizkeria gero eta handiagoa dela, eta badago sentipen hori, etsipen puntu hori. Baina handik gatozenok badakigu posible dela gauzak aldatzea, egin genuelako. Feminismoan ikusten dut egun gaitasun hori, oso transbertsala den mugimendu bat gorpuzten ari da, intsumisioa bera baino transbertsalagoa, eta badago erantzun potente bat artikulatzeko nerbioa. Iruditzen zait mugimendu feminista ari dela asmatzen, mugimendu antimilitaristak asmatu zuen bezala; kontutan hartzeko seinale bat da».

.

«Feminismoan ikusten dut egun transbertsala den mugimendu bat gorpuzteko gaitasuna. Mugimendu antimilitaristak asmatu zuen bezala, asmatzen ari da feminismoa; kontutan hartzeko seinale bat da»

.

Lander Garrok urteak daramatza intsumisioari buruzko dokumentalarekin, baina Euskalonski zuzendu bitartean ezertarako astirik gabe ibili da, ‘2 urte 4 hilabete’ egitasmoan kide dituenekin elkartu ezinda. «Eta azken hilabeteetan bai, bultzada handi bat eman diogu». Aurten bukatzea dute asmoa -3o urte bete dira Euskal Herrian lehen intsumisoak aurkeztu zirela- eta hurrengo Zinemaldian aurkeztea, Zinemira atalean edo.

Egun, crowdfunding kanpainan dago dokumentala, diru bilketan bete-betean. 20.000 euro metatzeko helburua dute, «handi samarra», eta gaur-gaurkoz, epea bukatzeko aste bete baino falta ez dela, helburuaren %65a lortu dute, 13.000 euro. Hau da, zazpi egunetan 7.000 euro lortu beharko dituzte, «bestela filma egiteko zailtasun handiagoak izango ditugu». Eta denbora agudo doa aurrera.

«Crowdfundinga egitearen ideiak, dirua lortzetik aparte badu beste helburu bat ere, parte hartzeko aukera ematearena. Inportantea da jendeari sentiaraztea filma izan daitekeela, hein batean, berea. Intsumisioaren mugimendua ordezkatuko lukeen film bat bukatzeko oso modu poetika ederra litzateke kredituetan ehunka lagun agertzea». Aspektu honetan pozik dago Garro, ikusten duelako «badagoela proiektuarekiko gogo bat; jende asko gerturatu zaigu galdezka, oso begi onez».

Borroka eredugarria

Lander Garro: "Mundua aldatzeko borondatea mantentzen dute intsumiso izandakoek"Lander Garro: “Mundua aldatzeko borondatea mantentzen dute intsumiso izandakoek” Lander Garro: “Mundua aldatzeko borondatea mantentzen dute intsumiso izandakoek”

ZUZEUko erredakzio kide