Zientzia, politika, gizartea

Zientzia, politika, gizartea –

Zientziaren eta Gizartearen arteko harremanari dagokionez, hauxe da funtsezko kontua: hasi berria den XXI. mende honetako kultura, zientziaren eta teknikaren kultura izango da (XX. mendekoa ere hala izan zen). Herrialde aurreratuen taldeko kide izan nahi badugu, gure gizarteak –eta, batez ere, gure politikariek- horretaz ohartu eta, ondorioz, zientziaren garapean sustatu beharra daukate.

Zientzia, politika, gizartea

Mundua eraldatu duten aurrerapen teknologikoak ez ziren berez sortu. Aitzitik, herrialderik aurreratuenek urteetan hartutako erabaki politikoen ondorio dira. Herrialde horietan, lider politikoek babesa eman diete unibertsitatean sortutako ikerkuntza programei, ondotxo baitzekiten nazioaren etorkizunerako ezinbesteko inbertsioa zela hori. Ikerkuntza programok babestu bai, baina, aldi berean,  zientzialariei askatasun osoa emanez, beraiek erabaki zezaten zien diren axolako galderak eta galderoi nola erantzun.

Zientzia planifikatzeko modurik onena, kalitatea eta talentua besterik gabe babestea da. Izan ere, historiak ondotxo erakutsi digu zientziaren garapen eta aplikazio bideak Oinarrizko Zientziak markatu izan dituela gehienetan, eta ia ezinezkoa dela aldez aurretik igartzea zein diren garapen eta aplikazio bide horiek.

Begira bestela, zer-nolako “perlak” bota zituzten duela ehun urteko pertsona ustez txit jakintsu batzuek:

“Airea baino astunagoko makinak hegan egitea ezinezkoa da”. Lord Kelvin-ek, Royal Society-ren lehendakaria, 1895.

“Hegazkinak jostailu interesgarriak dira, baina militarki ez dute inolako baliorik”. Ferdinand Foch mariskalak, Gerrarako Goi-eskolan estrategia-irakaslea.

“Asma daitekeen guztia asmatua dago dagoeneko”, Charles H. Duell, Estatu Batuetako Patenteen Bulegoko komisarioa, 1899. (Fisika klasikoarekin erabat liluratuta zegoen Duell hau, bistan denez).

“Fisikaren legerik garrantzitsu guztiak ezagutzen ditugu jada”. A.A. Michelson, 1894.

“Perla” hauek entzunda, garbi dago ez dagoela aurrez asmatzerik nondik nora joango den etorkizunerako bidea. Beraz, Zientziari helburu zehatzak ezarri nahi izatea hankasartze latza da. Ez gara bide egokia zein izango den asmatzeko bezain jakintsuak.

Baina ez dago ehun urte atzera jo beharrik, gerokoek ere bota izan dituzte horrelako “perlak”. Hara bestela:

“Nire ustez, munduan bost ordenagailurendako merkatua egon liteke, gehien jota”. Thomas Watson, IBMren zuzendaria, 1943.

“Ez dago arrazoirik inork ordenagailu bat eduki nahi dezan bere etxean”. Ken Olson, Digital Equipment Corporation-en lehendakari, zuzendari eta sortzailea, 1977.

“640 K aski da edonorentzat”. Bill Gates, 1981.

“Sekula egin den txorakeriarik handiena da hauxe. Bonba atomikoak ez du inoiz eztanda egingo, eta badakit zer diodan, leherkaritan (lehergailutan)* aditua naiz eta”. W. Leahy almiranteak Truman presidenteari egindako iragarpena.

Kontuz ibili beharra dago, beraz, iragarpenak egiteko garaian. Ingelesek badute horretarako sen berezia. Lord Salisbury*-ri behin irakurri nionez,  adituei jaramonik ez egitea da inori eman dakiokeen aholkurik onena (baina etzazue aholku hori hitzez-hitz hartu, mesedez). Baina, alde batera, egia da: erlijiosoei galdetuz gero, dena da bekatu; sendagileei galdetuz gero, dena da osasunerako kaltegarri; eta militarrei galdetuz gero, dena kolokan dago beti.

Beraz, zientziak eta politikak askatasun-tarte zabala utzi behar diete ikertzaileei, eta, gainera, estatu-kontu moduan hartu behar litzateke hori.

Sistema horrek indar eta sormen propioa izan behar du. Hala ere, ez da ahaztu behar kanpoan asmatutakoari etekina ateratzeko modurik onena etxe barruan zientzia gaitasun handia izatea dela. Horretarako, gure gazteei pertsona eta lan egoera duinak zor zaizkie, beraien ibilbidea egonkortasun gutxieneko batez egin ahal izan dezaten. Asko dira gure artean prestakuntza bikaina eta ongi merezitako ospea duten gazteak. Eltxoek malaria nola, halaxe zabaltzen eta kutsatzen dute gazteek inguru akademiko eta industrialetan berrikuntzaren grina.

Zientzia, politika, gizartea

JAKIN BANEKI