Zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenak saritu dira
Zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenak –
- Elhuyarrek eta DIPCk hamalaugarren urtez antolatu duten ON ZIENTZIA bideo-lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia izan da gaur, Tabakaleran.
- “El viaje de SiO2” eta “Txantxangorri kuantikoa eta bestelako izaki magikoak” bideoek jaso dituzte sari nagusiak.
- Errenteriako hiru ikaslek jaso dute Gazte Saria, “Dolly ardia” lanarengatik.
Zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak ekoiztea eta hedatzea du helburu ON ZIENTZIA bideo-lehiaketak, zeina Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) urtero antolatzen duten, Teknopolis telebista-saioaren barruan. Gaur banatu dira aurtengo sariak, hamalaugarrenak jada, Tabakaleran.
Aurten 100 lan jaso dira, eta parte-hartzaileen artean genero-oreka egon da. Bideo gehienak euskaraz aurkeztu dira, baina badira gaztelaniazko bideoak ere, parte-hartzaileen artean mundu osoko jendea baitago. Izan ere, lan gehienak Euskal Herritik aurkeztu badira ere, hainbat bideo jaso dira Argentinatik, Mexikotik edota Txiletik, besteak beste. Aurkeztu diren bideo guztiak ikusgai daude lehiaketaren webgunean: www.onzientzia.tv
Epaimahaikideek lan hauek saritzea erabaki dute, kategoria bakoitzean:
Dibulgazio bideo onenaren saria (3.000 €) Paula Alonso eta Pablo Fernández bikote madrildarrak irabazi du, “El viaje de SiO2” bideoarengatik. Epaimahaiak hauxe nabarmendu du: “Hurbileko adibide baten bidez, hondartzan familia-ikerketa bat antolatzeko aitzakia eskaintzen du. Zientzia oso ongi azaltzen du, geologiari eta haren oinarrizko kontzeptuei buruzko azalpen apartak ditu”.
Euskarazko bideo onenaren saria (2.000 €) Jon Puignau donostiarrak jaso du, “Txantxangorri kuantikoa eta bestelako izaki magikoak” lanarengatik. Epaimahaiaren hitzetan, “meritu handia duen lana da, hain urrun dagoela dirudien mundu bat gerturatzen digulako naturako elementuen bidez. Formula matematikorik gabe azaltzea ezinezkoa zela zirudien kontzeptuekin ausartu da, estetikoki oso ederra den lan baten bidez”.
Gazte Saria (1.000 €) Errenteriako Miren Ayerdi Suarez, Arhane Torres Redondo eta Malen Irurzun Alzualde ikasleek jaso dute, ”Dolly ardia” lanarengatik. Epaimahaiaren ustez, “ikono historiko bat berreskuratuz, gaurkotasunezko eta oinarrizko gai bat oso modu atseginean aurkezten du, umore eta guzti”.
Halaber, epaimahaiak bi aipamen berezi eman ditu aurten. Lehenengoa Maddi Piris Otaegui ikasle donostiarrak jaso du, “Adimen Artifiziala: funtzionamendua eta erronkak” bideoarengatik. Epaimahaiaren esanetan, “egunerokotasun handiko gai bat adibide oso errazen bidez azaltzen asmatu du, sopresa-elementuak erabiliz, eta gaiak dituen erronkak eta zailtasunak ongi azaleratuz”. Bigarren aipamen berezia Patxi Juaristi Azkue azpeitiarrak jaso du, “Korronte ozeanikoez” bideoarengatik. “Klima aldaketaren testuinguruan, gaurkotasun handiko gai bat oso ongi azaltzen asmatu du, nabarmentzeko moduko irudien eta errekurtsoen bidez”, epaimahaiak azaldu duenez.
Epaimahaiaren sariez gain, www.onzientzia.tv webgunean aldeko boto gehien jaso dituen bideoak irabazi du publikoaren saria: Noa Manso Curros eta Lydia Duro Ermua ikasle bizkaitarren “Minaren sekretuak ezagutzen dituzu?” bideoak garaikurra eskuratu du.
Sariak banatu dituzte Adolfo Morais Ezquerrok, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak; Jon Abril Olaetxeak, Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak; eta Ricardo Díez Muiñok, DIPCko zuzendariak.
Epaimahaikideei dagokienez, hauek izan dira bideo laburrak epaitu dituztenak: Marian Iriarte Ormazabal, UPV/EHUko Kimika Fakultateko dekanoa eta zientzia-dibulgatzailea; Onintze Salazar Perez, Euskalmeteko fisikaria; Jon Mattin Matxain Beraza, UPV/EHUko ikertzailea eta DIPCko elkartua; Itxaso Azcune, DIPCko komunikazio-teknikaria; eta Nagore Rementeria Argote, Elhuyarreko kidea eta Teknopolis programako zuzendaria.
Saio berezi batean emango du Teknopolis telebista-saioak sari-banaketa, bai eta saritutako lanak eta saridunen adierazpenak ere. Ekainaren 15ean 13:30ean izango da ikusgai saioa ETB1en, eta ekainaren 16an 11:30ean ETB2n.