Zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenak saritu dira
Zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenak –
- Elhuyarrek eta DIPCk hamahirugarren urtez antolatu duten ON ZIENTZIA bideo-lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia izan da gaur, Tabakaleran.
- “Loquita por sus huesos” eta “Mina edo pikantea?” bideoek jaso dituzte sari nagusiak.
- Mutiloako (Nafarroa) Luis Amigó ikastetxeko ikasleek jaso dute Gazte Saria, “Storytime con mi primo y con Mendel” lanarengatik.
Zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak ekoiztea eta hedatzea du helburu ON ZIENTZIA bideo-lehiaketak, zeina Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) urtero antolatzen duten, Teknopolis telebista-saioaren barruan.
Aurten 80 lan jaso dira, eta parte-hartzaileen artean genero-oreka egon da. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko bideoak aurkeztu dira lehiaketara, parte-hartzaileen artean mundu osoko jendea baitago. Izan ere, lan gehienak Euskal Herritik aurkeztu badira ere, hainbat bideo jaso dira Poloniatik, Mexikotik edota Indiatik, besteak beste. Aurkeztu diren bideo guztiak ikusgai daude lehiaketaren webgunean: www.onzientzia.tv
Epaimahaikideek lan hauek saritzea erabaki dute, kategoria bakoitzean:
Dibulgazio bideo onenaren saria (3.000 €) Daniel González Escudero informatika-ingeniari madrildarrak irabazi du, “Loquita por sus huesos” bideoarengatik. Epaimahaiak hauxe nabarmendu du: “Oso lan originala da, dibulgaziorako ipuin formatua erabiltzen duena. Bideoak lortzen du ikusleak narratzailearekin eta protagonistarekin enpatizatzea, eta animazioak hainbat baliabiderekin batera erabiliz, ikus-entzunezko pieza sendoa sortu da.”
Euskarazko bideo onenaren saria (2.000 €) Ane Ibargoyen Alvarez arkitekto usurbildarrak jaso du, ”Mina edo pikantea?” lanarengatik. Epaimahaiaren hitzetan, “estetikoki sinplea den lana da, baina oso eraginkorra. Irudian kolore gorriak protagonismo handia du, eta hori gaiarekin oso lotuta dago. Eguneroko gai bat oso argi azaltzen eta ikuslearengana iristen primeran asmatu du”.
Gazte Saria (1.000 €) Mutiloako (Nafarroa) Luis Amigó ikastetxeko Fermín Martínez Zabalza eta Aitor Ros Bengochea ikasleek jaso dute, “Storytime con mi primo y con Mendel” lanarengatik. Epaimahaiaren ustez, “originaltasun handiz eta umore onez egindako proiektua da, eta Mendelen legeak argi azaltzen asmatu du, batere erraza izan ez arren”.
Epaimahaiaren sariez gain, www.onzientzia.tv webgunean aldeko boto gehien jaso dituzten bideoek irabazi dute publikoaren saria: Carlos David Macias Santillan eta César Hilario Gómez Fonseca ikasle mexikarren “La IA y el arte” eta Aimar Luis eta Elene López Donostiako Axular Lizeoko ikasleen “Zoriontasunaren zientzia” bideoek garaikur bana eskuratu dute.
Sariak banatu dituzte Adolfo Morais Ezquerrok, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak; Jon Abril Olaetxeak, Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak; eta Ricardo Díez Muiñok, DIPCko zuzendariak.
Epaimahaikideei dagokienez, hauek izan dira bideo laburrak epaitu dituztenak: Marian Iriarte Ormazabal, UPV/EHUko Kimika Fakultateko dekanoa eta zientzia-dibulgatzailea; Onintze Salazar Perez, Euskalmeteko fisikaria; Sara Hernandez Askasibar, Tabakalerako 2deoko arduraduna; Jon Mattin Matxain Beraza, UPV/EHUko ikertzailea eta DIPCko elkartua; eta Nagore Rementeria Argote, Elhuyarreko kidea eta Teknopolis programako zuzendaria.