Zientzia Azoka 2018, gazteen zientzia eta teknologia proiektuen topagunea
Zientzia Azoka 2018, gazteen zientzia eta teknologia proiektuen topagunea –
Aurkeztu da, larunbatean, apirilaren 21ean, egingo den ‘Zientzia Azoka 2018’, gazteen zientzia eta teknologia proiektuen topagunea
.
- Ikertzaile gazteek urtean zehar landutako 90 proiektu zientifiko eta teknologiko aurkeztuko dira larunbatean Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azokan
- Apirilaren 21ean, egun osoz, zientzia-tailerrak, gazteen stand-ak, eta ikertzaile profesionalen gunea izango dira, eta kultura zientifikoz disfrutatu ahalko da Bilboko Plaza Barrian.
Atzo, apirilak 17, aurkeztu zuten Bilboko Udaletxean Koldo Narbaiza Olaskoaga jaunak, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Amaia Esquisabel Alegria andreak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikerketa zuzendariak, eta Leire Cancio Orueta andreak, Elhuyarreko zuzendari nagusiak 2018ko Zientzia Azoka.
Aurkezpenean izan zen, halaber, Sodupeko Maitane Alonso Monasterio gaztea, iazko Zientzia Azokan eta aurtengo Bartzelonako Exporecerca Jove azokan irabazle izandakoa; zientzia-proiektuak lantzeko bidean izandako bizipenak azaldu ditu. Berak kontatutakoetatik hau da azpimarratzekoa:
- Gazteen artean ikerketak behar lukeen garrantziaz jabetu dela
- Zientzia Azoka bezalako proiektuek piztu diotela berari ikerketarekiko grina, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa duela
- Zientzia Azoka bezalako proiektuekin konturatu dela jarduera teorikotik atera eta bizipenei leku egitea onuragarria, eta, gainera, dibertigarria dela
Azokak aurten bi nobedade garrantzitsu daude:
- Unibertsitateen inplikazioa bi alorretan:
- Zientzia Azokan ikasle-taldeekin lanean aritzeko izena eman duten ikertzaile kopurua (248 ikertzaile)
- Azoka egunean bertan, Plaza Barrian jarriko den eremu profesionaleko ikertzaileen gunean proiektuak erakusteko unibertsitateek emandako erantzuna (12 proiektu erakusgai)
- Nazio Batuen 2030 Agendaren barruan, Garapen Iraunkorreko Helburuei (GIH) jarraiki lanak antolatzea; helburu horiek landu, aztertu eta proiektuetan txertatuz, giza garapen jasangarriagoa bultzatzeko balioak lantzea.
.
Azoka, datuetan
- 30 ikastetxetako 90 proiektu aurkeztuko dituzte 313 gaztek: neskak 174, eta mutilak 139
- Bartzelonako Exporecerca eta Galiciencia zientzia-azoketan irabazle izan diren 2 talde ere etorriko dira
- DBHko 66 talde eta Batxilergoko 24 talde izango dira, guztira
- Bizkaiako 68 talde, Gipuzkoako 14 talde, Nafarroako 4 talde, Arabako2 talde, eskolaz kanpoko 1 talde, eta estatuko beste azoketako 2 talde izango ditugu
- Aurkeztuko diren lanak gaiari, eta Nazio Batuen 2030 Agendako Garapen Iraunkorreko Helburuei dagokienez, lanak 12 GIH desberdinetan banatuta daude
Aurtengo Zientzia Azoka egitarau bete-betearekin dator. Eguerdiko 12:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte, ikertzaile gazteek ikasturtean erronka bati edo galdera bati erantzuteko landutako ikerketa-proiektuak eta proiektu teknologikoak erakutsiko dituzte Plaza Barrian. Gazteek urtean zehar eginiko lanak izango dira protagonista. Aurtengo azokan ere, ikertzaile profesionalek euren proiektuak aurkeztuko dituzte ‘eremu profesionalaren gunea’ deiturikoan.
.
Egitaraua
12:00 Azokaren irekiera ofiziala instituzio eta erakundeen eskutik
Azokak 3 gune nabarmen izango ditu:
- Arkupeak. 12:00 – 15:00 eta 16:00 – 18:00 bitartean: gazteen stand-ak
- Erdigunea
- 12:00 – 18:00 bitartean: ikertzaile profesionalen eremua UPV/EHU, UEU, Unesco Etxea, Deustuko Unibertsitatea
- 12:00 – 18:00: Elhuyar gunea eta txikienen tailerrak
- 17:00 – 20:00: Zientzia Azokako marrazkien erakusketa, Dibujatolratoren eskutik
- Eszenatokia. 19:00etatik aurrera sari-banaketa
Aipatzekoa da, Zientzia Azoka Elhuyarrek antolatzen badu ere, Bilboko Udalaren babesletzarekin eta Euskal Herriko Zientzia eta Teknologia Sarearekin elkarlanean egiten dela. Hain zuzen, Ikerbasqueko, UPV/EHUko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Mondragon Unibertsitateko, Deustuko unibertistateko, Digipen Teknologia Institutuko eta Tecnaliako ikertzaileen laguntza jaso dute gazteek haien lana egiteko.
Eta, ondoren, gazteek zientzia-bizipenak luzatzen jarraitzeko, mundu profesional horretan diharduten Euskaltelek, Iberdrolak, ERABIk, Tecnalia Korporazio Teknologikoak, IK4 zentro teknologikoen aliantzak, CICNanogunek, TZBZ Berrikuntza Taldeak, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroak, Iruñeko Planetarioak, UEUk, UNESCO Etxea-k eta Neiker-Tecnaliak haiekin batera egonaldiak egiteko edo beka bidez ikasten jarraitzeko aukera emango diete gazteei.
Gazteengan zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazioak piztea eta zientzia- eta teknologia-alorreko pertsonak gazteei hurbiltzea dira ekimenaren helburu nagusiak.