Zeure gorputza hackeatu (nahi baduzu)
Teknologia eta esperimentazioa gustatzen zaizkizu? Cyborg teoriaren zalea zara? Orain duzu aukera, hackea ezazu zeure gorputza (baina kontuz ibili). Hona hemen aukera batzuk.
Zer da?
Cyborg teoriak inspiratutako transhumanismorantz pausu bat gehiago da biohacking delakoa. Hainbat korronte dituen arren gehienbat DIY egiteko modua, “hacker” etika eta biologia nahasten ditu praktika honek. Funtsean, norbere gorputzaren mugak gainditzean datza. Batzuen ustez gaur egungo garapen teknologikoaren hurrengo pausua izango da giza gorputza. Orain arte “konpontzeko” inplanteak eta ebakuntzak egin diren arren gorputzak ematen dituen aukerak hobetzea edo berriak sortzea da helburua.
Zertarako?
Geroz eta tresna konektatu gehiago darabilgu esku artean. Imajinatzen duzu esku barneko inplante bati esker mugikorra eta ordenagailua desblokeatu edo autoko eta etxeko atea ireki ditzakezula?
Esku ahurrean (barnean) jarritako iman bati esker eremu elektromagnetikoak detektatu eta metalezko objektu txikiak ere hartu ditzakezu. Hobekuntza aurreratuagoen artean daude koloreak entzun ahal izatea, zuzenean belarrietan iman bana inplantatu eta musika entzun ahal izatea eta inguruan wifi edo bestelako ondarik ote dagoen antzematea.
Non eta nola?
Implant party: Frantziar estatuan ekainean egin zuten lehendabizikoa eta Espainiar estatuan (nik dakidala) halakorik oraindik ospatu ez den arren gero eta gehiago egiten dira “Implant partyak”. “Festa” hauetan inplanteak jasotzeko eta gaiaz dakitenekin hitz egiteko aukera egon ohi da.
Etxean: internet bidez eros daiteke materiala, zertan ari zaren ez badakizu inplanteak zeure buruari ez egitea gomendatzen den arren.
Kontuz ibili gauza hauekin, arriskutsua eta (ingurune batzuetan) ilegala izan baitaiteke. Etorkizuneko gizakia izan nahi?
Informazio osagarria:
forum.biohack.me