Zergatik lo egin, txuntxurrun berde?

Zergatik lo egin, txuntxurrun berde? –

Jaioberri batek egunean 16 orduz lo egiten du, gutxi gorabehera 3-4 orduko loaldietan, eta tartean esna-aldiak izaten ditu. Heldu gehienek, aldiz, ohikoa dute gauero zazpi ordu eta erdi bat lotan ematea. Helduek baino lo gehiago egitea behar dute haurrek, bi aldiz gehiago, gutxi-asko. Atsotitz zahar batek dio “loa umeen mantenuaren erdia” dela, askoren esanetan janaria bezain garrantzitsua da. Argitaratu berri den ikerketa bat harago joan da eta ondorioztatu du bi urte eta erdi bete arte loaren helburu nagusia garunaren garapena dela. Hortik aurrera, ordea, zereginez aldatu eta haren funtzioa garunaren mantentze- eta konponketa-lana da.

Zergatik lo egin, txuntxurrun berde?
Urte bete inguru duen haurra lotan. (Argazkia: Mladen Spehar)

Lo egitea garrantzitsua da ume, gazte zein helduontzat. Ikerketek erakutsi dute loak hainbat funtzio betetzen dituela. Esaterako, berregokitze neurala, metabolitoen iraizpena edo zirkuitu neuronalen berrantolaketan laguntzen du. Horrez gain, badakigu loaren gabeziak osasun arazo larriak ekar ditzakeela. Baina ba al dakigu zergatik den hain garrantzitsua lo egitea gure osasunerako?

Kaliforniako Unibertsitateak (UCLA) zuzendu duen ikerketa batek arestian aipatutako galdera erantzutea izan du xede. Neurozientzia, biologia, estatistika eta fisika alorreko ikertzailez eratutako talde batek gauzatu du lana, eta orain arte egin den loaren azterketa estatistiko osatuena burutu du. Gizakien eta bestelako ugaztunen loari buruzko 60 ikerketetan bildutako datuak analizatu dituzte. Besteak beste, giza garapenean zehar lotan ematen diren orduen kopurua, REM fasearen iraupena eta, garunaren eta gorputzaren tamainen datuak aztertu dituzte. Ondoren, eredu matematiko baten bidez, garunaren eta gorputzaren tamaina aldatu ahala loaren funtzioak nola aldatzen diren ikertu dute. Eta ikusi dute loaren funtzioak denbora tarte laburrean aldatzen direla.

Zientzialariak ohartu dira bizitzaren lehenengo 2-3 urteetan loak garunaren azpiegitura osatzen laguntzen duela eta hortik aurrera neuronen mantentze- eta konponketa-lanari ekiten diola. Beraz, inflexio-puntu bat dago adin horretan eta loaren eginkizuna aldatu egiten da bat-batean. Ikertzaileen esanetan, trantsizio hori garunaren garapenean gertatzen diren aldaketei dagokie eta garapenaren mugen eta loaren bilakaeraren arteko interakzio konplexua adierazten du.

Azterketak erakutsi du, bi urte eta erdira arteko haurren REM loaldian (begiak bizkor mugitzen dira eta garunak jarduera handia du fase honetan), garuna lanpetuta dagoela neuronak elkarrekin lotzen eta komunikatzen laguntzen dieten egiturak finkatzen. Hau da, sinapsiak sortzen. Horregatik, ikertzaileen esanetan, garrantzitsua da haurrak ez esnatzea loaren REM fasean daudenean, burmuinean prozesu garrantzitsuak gauzatzen baitira. Zientzialariek ikusi dutenez, adin horretatik aurrera, garunaren eta gorputzaren tamaina handitzen den neurrian, REM loa murriztu egiten da. Esaterako, jaioberriek loaldiaren %50 inguru ematen dute REM loan; 10 urterekin, aldiz, %25, eta portzentajeak beherako joera du adinean aurrera egin ahala. Beraz, loaren funtzioaren aldaketa 2-3 urteren bueltan gertatzen da, garuna eta gorputzaren tamainak gora egiten duenean eta REM loaren denbora tartea urritzen denean. Ikertzaileek diotenez, trantsizio hori ura izoztu eta izotz bihurtzearen antzeko zerbait da.

Ikerketan parte hartu duen Van M. Savage biomatematikariaren esanetan, “Lo egiten dugun bitartean, gure garunak ez du atseden hartzen eta miragarria da loak zelan egiten duen bat gure nerbio-sistemaren beharrekin. Izan ere, animalia guztiek pairatzen dituzte kalte neurologiko txikiak esna daudenean, eta loak kalte horiek konpontzen laguntzen du”.

Beraz, lo egitea gauza ederra da. Lo onak gure osasunari egiten dio mesede. Eta doakoa da.

Loa, loa txuntxurrun berde,
loa, loa masusta…

.

Erreferentzia bibliografikoa:

Cao, J., Herman, A. B., West, G. B., Poe, G., Savage, Van M. (2020). Unraveling why we sleep: Quantitative analysis reveals abrupt transition from neural reorganization to repair in early development. Science Advances, 6 (38), eaba0398. DOI: 10.1126/sciadv.aba0398

Zergatik lo egin, txuntxurrun berde?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.