Zein ordutan konektatzen zarete?

audientzien-orduak

Harrigarria egin zaigu ZuZeura noiz konektatzen zareten ikustea. Aurrez uste genuen goizean egonen zela mugimendu apur bat, baina gero kito egingo zutela bisitek. Grafikoak bestelakorik dio: goizeko 8tan hasten dela mugimendua eta aski erregularki jarraitzen duela gauerdira arte.

Hala ere harrigarriena goizeko bostetako hori egiten zaigu, koska nimiño eta ezdeus hori. Pentsa liteke ordu horietan gurean mundua hilda dagoela, loak harrapatuta gaudela ia denok, eta esna dagoena, okina edo arrainduna dela, biak ere denbora oso gutxirekin ordenagailuaren aurrean plantatzeko.

Jakin nahi genuke zeu ote zaren horietako bat —goizeko bostetan geuri begira zaudenetako bat, esan nahi dugu—, eta ardura ez badizu, harremanetarako dioen lekutik, bidal iezaguzu zeure helbide postala. Geuk igorriko dizugu lobelarra kaxatxo polit batean, atsegin handiz. Geure kontura egin dezazun lo ezordu horietan, ordenagailuan zintzilik eta nora ez dakizula ibili beharrean.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

3 pentsamendu “Zein ordutan konektatzen zarete?”-ri buruz

  • Nik publizitate agentzia batean egiten dut lan. Nire lan betekizunetako bat da bezero batzuei beren web guneen bisiten estatistikak ematea edo laburpenak/ebaluazioak egitea.

    Nik aztertu ditudan web guneetan (gehien bat Gipuzkoarrak, instituzionalak naiz enpresenak), ondo ikusten da konektatzeko ordurik aproposenak goizekoak izaten direla (9:00tatik 12k arte). Beste datu interesgarri bat: opor garaian konexioak murrizten dira.

  • Izaskun Pérez 2009-04-23 00:10

    Eta ez al zaizue otu, agian, Atlantikoaren beste aldean dagoen norbait izan daitekeela? Han batezbeste zazpi ordu gutxiago dira eta beraz, hemen goizeko 5ak direnean, han gaueko 10ak dira.

    Gure egunkarian gehiengoa (%60-70) 8tatik 13tara konektatzen da. Bai, lanorduetan…

  • Bai Izaskun, Atlantikoaren beste aldean ere badaude irakurleak. Batzuetan goizez, beste batzuetan gauez konektatzen naiz Mexikotik…