Wave itxiko du Googlek
Googlek komunikazio arloa irauli nahi izan du, baina ez du lortu. Buzz eta Wave bezalako proiektuen porrotek galarazi diote mapekin eta bilatzailearekin lorturiko arrakasta. Horregatik, urte hondarrean Wave ixteko asmoa azaldu du bere blog ofizialean. Hala ere, ez du proiektua alde batera utziko eta aplikazioaren teknologia beste produktu batzuetarako erabiliko duela iragarri du. “Kodearen muina eskuragai dago kode librean, gure bezeroek eta bazkideek Waven zituzten proiektuekin jarrai dezaten. Gainera, tresna ezberdinekin lan eginen dugu erabiltzaileek Waveko edukia erraz ‘liberatu’ dezaten”. Googlek zaharkiturik ikusi zuen posta elektronikoa eta horren karietara Wave aplikazioa sortu zuen. Berarekin, mezuak idazteaz gain, txata, twitter eta dokumentuak editatzeko aukera batu zituen.
Komunikatzeko gisa berria
Googleren aburuz, gaur asmatuko balitz posta elektronikoa, Waveren antzekoa izanen litzateke. Baina badirudi interneteko erabiltzaileek ez dutela ulertu komunikatzeko gisa berria. Bilatzaile handiak duen sonagatik ere, ez du lortu jendea erakartzen. Batzuen aburuz zaila da aplikazio hau erabiltzea, besteen aburuz azkarregi eman dute urratsa. Argi dagoen gauza bakarra Googleren porrota da. Orain, mapekin jarraitzeko gogoak azaldu ditu gainera. Baina agian ez da hain erreza izanen. Oraingoz Portugalek galarazi egin dio Googleri bere Street View kotxeekin bere hiri eta herrietako karrikak zeharkatzea. Aurreko aldian akordioa ez zutela bete azaldu du Portugalek.