Umezurtz digitalak
Umezurtz digitalak –
Askotan entzun izan dut umeak txiki-txikitatik ederki moldatzen direla mugikorrekin edo antzeko gailuekin, maiz helduok baino hobeto maneiatzen dituztela. Beharbada, gazteak jaio direnetik ohituak daude gailu hauek egunero erabiltzen, ados. Hala ere, erabiltzen jakiteak ez dakar beti erabilera egokia. Hezten al ditugu ezinbesteko egiten zaizkien gailuekin ibil daitezen?
Hezkuntza jakintzan eta esperientzian oinarritu izan da beti, eta teknologia berrien kasuan, esango nuke kasu askotan ez dugula ez bata, ez bestea. Ondorioz, tresna horiek gazteenei gutxieneko heziketarik gabe eskaintzen dizkiegu askotan.
Belaunaldien arteko arrakala deiturikoa jada errealitate bat dela esango nuke. Gazteenek darabiltzaten hitz batzuk ezagunak egingo zaizkigu segur aski, hala nola blogger, cyberbullying, Facebook, Instagram, like, follower, influencer, tweet, hater, match eta abar. Baina, hausnartu al dugu, benetan, zer eragin izan dezakeen errealitate honek egungo gazteengan? Are garrantzitsuagoa, egin al dugu gogoetarik izan ditzakeen ondorio edota arriskuei buruz?
Pentsa, esaterako, zenbat aholku jaso izan ditugun kalean bakarrik nabigatu aurretik; hainbat urtez helduekin ikasi ondoren hasi ohi gara kalean ibiltzen; pentsaezina izango litzateke ume txiki bat bakarrik errepidea gurutzatzen ikustea, esaterako. Teknologia berriekin horrelako zerbait egiten ari gara. Saiatzen ote gara gailuen erabilera egokia egiteko gutxieneko irizpideak irakasten? Mugikorrak erabiltzen hasten direnean, arriskuak zeintzuk izan daitezkeen irakasteko denbora tarterik hartzen al dugu?
Nerabe asko eta asko, logelan sartu eta ordenagailu edo mugikorrarekin Internetera konektatzen dira, bakarrik, beren logeletan. Mundu digitalean dabiltza nabigatzen, interes eta trikimailu ezberdinez josiriko errealitate batean, desinhibiturik; maiz, heziketa eta aholkurik jaso izan gabe. Esango nuke, askotan, geuk, helduok ere, noiz edo noiz gailuen erabilera egokia egin ote dugun hausnartu izan dugula: neurriz kanpo erabiltzen dugunean, nabigatzean segurtasun falta sumatu izan dugunean, ziria sartuko ote diguten susmo edo beldurrez, eta abar. Gazteek ez ote dute arrisku bera edo gehiago izango? Nik uste erabilera okerrak eta horrek izan ditzakeen arriskuak saihesteko heziketa jasotzeko eskubidea izan beharko luketela, beste egoera edo testuinguru batzuetan bezalaxe.
Gazte gehienek egunero ordu asko eskaintzen dizkiete mugikorrei; haien bizitzan ezinbestekoak dira, eta mundu digitala deritzogun itsaso zabal horretan heziketarik edota aholkurik jaso gabe nabigatu ohi dute. Behar dituzten baliabideak helduok erraztu behar dizkiegulakoan nago, gutxieneko arriskurik gabe erabiltzea nahi badugu behintzat. Ez ote daude umezurtz, bizitzan jada ezinbestekoa egiten zaien eremu batean? Esaterako, hausnarturiko erabakia al da ume txikienei zenbat urterekin hasten garen mugikorrak uzten? Edo, lehenengo mugikorra zenbat urterekin erosten diegun? Ala gizarteak eta inguruneak baldintzatzen ditu erabat joera horiek? Neurtu al dugu zenbat ordu pasatzen dituzten gailuekin egunero? Ba al dakigu zein aplikazio dituzten nerabeek mugikorretan? Galdetzen al diegu sare sozialetan zein argazki partekatzen dituzten?