Txorien garunean oroimen faltsuak txertatzea lortu dute
Txorien garunean oroimen faltsuak txertatzea lortu dute –
Juanma Gallegok Zientzia Kaieran.
Optogenetikaren teknika baliatuta, eta gurasoen irakaspena jaso gabe, txori espezie bati abesti baten zatiak “irakastea” lortu dute ikertzaileek. Etorkizunean gizakien artean ikasketa arazoak tratatzeko lagungarria izatea espero dute.
Beste garai batean, abenduaren 28aren harira hedabideetan zabaltzen ziren inozentaden artean, bazegoen behin baino gehiagotan errepikatu egiten zen klasiko bat: nonbaiten, euskara ikasteko txip bat asmatua zuten, garunean txertatzeko modukoa. Munduko leku askotan zabaldu den txantxa da, noski; eta, hizkuntzekin ez ezik, beste hainbat jakintzarekin ere erabili da. Pentsa, akabo ikasketa arazoak! Baina, modu berean, akabo ikasketa prozesuaren plazera ere.
Zientzia fikzioaren alorrean ere behin baino gehiago erabili izan da gaia, normalean, gizateriak metatu duen ezagutza guztia txip batean bildurik irudikatuta. Beste modu batean bada ere, askok etorkizun urrun batean imajinatzen zuten tramankulu hori eskuratu ditugu gizaki gehienok. Eskuratu baino, sakelaratu: smartphone deitzen diogu, eta hari esker Guggenheim zelan idatzi behar den ahaztu zaigu gehienoi.
Baina zuzenean garunean eragiteko ahaleginak ez dira inolaz ere ahaztu. Esan beharrik ez dago garunaren gaineko kontrola intentzio txarrekin egiterik badagoela, baina, —irakurleek ondo dakite— guk Monty Python taldearen Always Look on the Bright Side of Life leloa dugu banderatzat.
Lerroetako bat da garunean gertatzen diren ikerketa prozesuak aztertzea, modu horretan arazoak daudenean prozesu horietan eragin ahal izateko. Norabide horretan, Science aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean aurrerapen esanguratsu bat azaldu dute. Funtsean, eta oso oinarrizko moduan izanda ere, txori kantari bati abesti baten zatiak irakatsi dizkiote, garuneko zenbait eremu zehatz piztuta.
Taeniopygia guttata espeziearekin lortu dute. Zientzialariek hegazti mota hau erabili dute, ahozko garapenean gizakiak dituen antzeko ezaugarri batzuk ere komunean dituelako. Hegazti kantaria da, eta txitek entzumenaren eta errepikapenaren bitartez ikasten dute abesten: lehen egunetatik entzuten dituzte gurasoen kantak, eta horiek oroimenean gordetzen dituzte. Ondoren, kantua imitatzen saiatzen dira, behin eta berriz errepikatzen. Funtsean, gizakiek ere hala ikasten dute hitz egiten, gurasoak entzundakoari adi eta hori errepikatzen.
Alabaina, eta oso zabalduta egon arren, ahozko bidezko ikasketa honen oinarria argitu gabeko misterioa da. Zehazki, argitzeke dago garunak gurasoak imitatzeko orduan darabiltzan memoriak nola kodifikatzen dituen. Prozesu horiek zehaztasunarekin ezagututa, aukera hobeagoa egongo litzateke gauzak ikertzen direnean aterabideak lortzeko. Ohi bezala, gizakian izaten diren prozesu horiek hobeto ulertzeko eredu animalietara jotzen da sarritan, eta, kasu honetan, Estrildidae ordenako hegazti hauek erabiltzen dira eredu gisa.
Lehenik eta behin, zientzialariek ikertu dute kantuaren ikasketa prozesuan parte hartzen duten neuronen sarea; eremu motor eta auditiboa lotzen dituen sarea, hain zuzen. Hauek ezagututa, ikertzaileak saiatu dira prozesuan esku hartzen, eta txori gazteei abesti bat irakasten, gurasoen parte-hartzea izan gabe. Den-dena kontrolpean izatea lortu ez badute ere, funtsean, prozesua abiatzea lortu dute.
Hori lortzeko, optogenetika baliatu dute. Teknika horren bitartez, hainbat zelula zehatz genetikoki eraldatzen dira, eta modu horretan posible da zelula horiek aktibatu edo desaktibatu nahieran, garunean ezarritako gailu batek igortzen duen argiaren bitartez. Kasu honetan, bokalizazioen ikasketa prozesuan zehar erabiltzen diren neuronak izan dira eraldatu dituztenak.
Gailua erabilita, argi bulkada bakoitzaren iraupena eta kantuaren silaba bakoitza berdin irautea lortu dute, eta modu horretan gai izan dira hegaztiaren kantua modulatzeko, kantua irakasteko modu berria lortuz. Finean, eta oso oinarrizko moduan bada ere, garunean ikasketa hori txertatzea lortu dute, oroimen faltsuen bitartez.
“Portaerara bideratutako memoriak kodetzen dituzten garuneko eremuak baieztatu ditugun lehenengo aldia da honakoa”, adierazi adierazi du prentsa ohar batean Texas Southwestern Unibertsitateko (AEB) ikertzaile Todd Roberts-ek. “Norbait imitatu nahi dugunean erabiltzen ditugun memoriak dira hauek, bai hitz egiten ikasten dugunean zein pianoa jotzen ikasten dugunean ere”.
Momentuz silaben iraupena mendean hartzea lortu dute, iraupen hori argiaren bitartez kontrolatzea lortu dutelarik. Oraindik falta zaie, ordea, tonua edota notak abesteko ordenua kontrolatzea. “Beste ibilbide hauek aurkitzen baditugu, teorian gai izango ginateke hegazti bati haren kantua abestera bultzatzeko, gurasoarekiko inolako elkarrekintza izan gabe”, esan du Robertsek. Dena dela, hau oraindik ere urrun dagoela onartu du.
Ahozko ikasketan parte hartzen duten prozesuak ikertuta, ikertzaileek espero dute gizakiek hitz egiten ikasteko duten modua hobeto ezagutzea. Bereziki, prozesuan eragina duten geneak identifikatu nahi dituzte. Modu horretan, gene horiek gaizki espresatzen direnean, eta horren ondorioz ikasketa arazoak suertatzen direnean, medikuek tresna gehiago izango dute eskura sendabideak aurkitzeko. Arazo horien artean daude, besteak beste, autismo mota batzuk.
Lengoaiari dagokionez, gizakien eta hegaztien garunaren artean alde nabarmenak daudela ohartarazi dute; baina, halere, hegaztien kantu-prozesuaren sinpletasunean baliagarriak izango diren mekanismoak aurkitzea espero dute. Etorkizunari begira, txoriek bokalizazioa egiten nola ikasten duten argitu nahi dute; modu horretan, oroimenen txertatze prozesua txukutzeko gai izango direla espero dute.
.
Erreferentzia bibliografikoa:
Wenchan Zhao et al. (2019). Inception of memories that guide vocal learning in the songbird. Science, 366 (6461), 83-89. DOI: 10.1126/science.aaw4226.
Txorien garunean oroimen faltsuak txertatzea lortu dute