Txertoa
Txertoa –
Amatiñok bere blogean.
Gaur jarri didate Covid-19ren aurkako txertoaren hirugarren dosia. Sei hilabete zehatz joan dira bigarrena ipini zidatenetik eta neuk eskatu dut hirugarrena internetez, inork noiz deituko zain geratzeke. Bete-betean txertozale naiz. Eta ez txerto honen edo haren zale, txertaketa-lorpenaren zale baizik. Kultura honetakoak gara. Kultura honetan haziak eta heziak. Zientziari esker.
Wikipediari jaramonik egingo badiogu, txertoa “prestakin biologikoa da, gaixotasun baten aurrean inmunitate hartuaaktibatzen duena”. Harrigarri samarra bada ere, hainbati entzunez gero badirudi txertoa dela, oro har, Covid-19ari erantzuteko aurkitu berri den ezusteko tresna. Hala ere, Munduko Osasun Erakundearen ustez txertoa da, definizioz, “gaixotasun infekziosoaren kontra egiteko historian egon den baliabiderik garrantzitsuena”.
Azken bi mendeotan hogeita hamarren bat txerto-mota lortu ditu medikuntzak, eta mundua bestelakoa litzateke era bateko zein besteko txertoak indarrean jarri izan ez balira, kolera, amorrua, tuberkulosia, sukar horia, tifusa, malaria, ebola edo dengearen aurkako txertoak, esaterako, ezagunenak baino ez aipatze arren.
Gure gurasoek ez ziguten baimenik eskatu nafarreria, elgorria edo beste pareren bat txerto jartzeko, gure seme-alabei poliomielitisaren aurkako txertoa ezartzeko galdetu ez genien bezala. 1999an, berriz, nik neuk erabaki nuen gripearen aurkako txertoa hartzea eta geroztik urtero hartu izan dut, aurrerantzean, ziurrenik, Covid-19aren aurkakoa ere urtero jarri beharko edo jarriko dudan bezala.
Segurutik, Covid-19aren aurkako txertoa ez da perfektua. Zalantzarik ez, gero, hobetu beharreko akatsik, jariorik eta itokinik ez duela falta. Ziur ere, txertoa jartzearen kontrako argudioez liburu lodikotea idatzi zitekeela, aldeko arrazoiez beste hainbesteko liburu mardulik osatzerik legokeen bezala. Baina, bata zein bestea plazaratu arren, bietako bat bera ere ez litzateke baliozkoa, ezta biak elkarren ondoan metatuz gero elkarrekin zientziarik osatuko ere.
Metodoa, zientifikoa izango bada, aldeko zein kontrako arrazoiak eta argudioak bildu beharko ditu, aurrez aurre jarri, ikertu, zientzia-ebidentziak identifikatu, balantza egin eta erabaki.
Gehienon irudiko, zientzia-komunitateak aspaldi erabaki zuen erabaki beharrekoa, baita Covid-19ren aurkako txertoari dagokionez ere, kontrako iritzirik sekula falta izango ez den arren.
T
Ni ere txertozale, noski, beste erremediorik ez dagoenean. Biba zientzia eta bere lorpenak.
Baina EZ sasi-txertozale, Farma-negozioak erditu dituen txerto pozoitsu hauen zalea, Amatiño bezala