Transhumanismoa: arazo guztien konponbide ote?

Transhumanismoa –

Nahikari Inchausti, Humanitate Digital Globalak graduko ikaslea Mondragon Unibertsitatean, ARGIAn.


Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalak (HDG) graduan, etorkizunari buruzko hausnarketa eguneroko zerbait da, eta gogoeta horretan transhumanismoa saihestu ezin den gaia da.

Transhumanismoa
Arg: fszalai

Transhumanismoaren ustez, giza izaerak dakarren hilkortasunak sufrimenduaz kontziente izatea eragiten du, eta horregatik, fasez aldatu behar dugu, gure bizi-itxaropena eta kalitatea hobetzeko. Horretarako modu bakarra teknologia gizakiarengan aplikatzea da. Gaur egun, badaude horrelako aldaketak bultzatzen dituzten pertsonak eta erakundeak; esate baterako, Neil Harbisson eta Moon Ribas, aitortutako lehenengo ziborgak eta Cyborg Foundation-en sortzaileak, edo Neuralik, Elon Musk-en enpresa.

Naturak ezarritako limiteak gainditzeko nahia ez da berria, gizakiak beti izan du hilezkortasuna eta perfekzioa lortzearen grina; antzinako Greziatik Ekialde urruneko kulturetaraino. Modernitateak, mugagabeko garapenaren promesaz gain, naturarekiko lilura eta misterioa desagerrarazi zituen. Descartes, Bacon eta beste zenbait filosofo mekanizistek animaliak arimarik gabeko makina bihurtu zituzten, eta gizakiaren gorputza ere makinaren antzeko tresna bezala definitu zuten. Naturak bere bizitasuna galdu zuen, eta gizakiaren nahiak asetzeko objektu bilakatu zen.

Gure gorputza makina besterik ez bada, oso erraza da hari lotutako perfekzioaren ideia inposatzea, eta ideia hori helburu unibertsal gisa ezartzea. Kanon eta ideia horiek alienatzeko tresna bihurtzen dira. Pertsonak, maila fisikoan gelditzean, ez dio hainbeste denborarik eskaintzen barne lanketari, eta manipulagarriagoa da.

Teknologiak baretasuna emango digu munduko galderen aurrean, baina ditugun arazoak oso konplexuak dira eta beste mota bateko krisia sortuko dute, bizitzaren inguruan daukagun pertzeptzioan eragin zuzena duelako.

Bizitzaren zentzua, askotan, zoriontasuna lortzea dela uste dugu, eta zoriontasuna “perfekzioarekin” ailegatuko dela. Aldez aurretik esan behar da perfekzioa ez dela existitzen, gizarte gisa asmatutako parametro batzuen artean mugitzen diren ezaugarrien kontzeptu batzuen nahasketa besterik ez dela; ez gara inoiz perfekziora iritsiko, baina gure obsesioa bilakatu da izaki perfektuak izatera iristea. “Perfekziora” ez iristeak hutsune bat sortzen digu barnean, gure desirak eta errealitatea maila desberdinetan daudelako. Pertsona batzuk hutsune horretan zuzenean sakontzea erabakitzen dute, baina erabaki zaila da, askoz errazagoa delako maila fisikoan aldaketak egitea.

Teknologiak baretasuna emango digu munduko galderen aurrean, baina ditugun arazoak oso konplexuak dira eta beste mota bateko krisia sortuko dute

Teknologiak aldaketa fisiko horiek beste maila batera eramaten ditu, gure gizatasunean eragin zuzena izango duten aldaketak egiten dituelako. Baina kanpo aldaketa horiek ez dute bermatzen gure hutsunea beteko denik, eta iritsiko da momenturen bat non hutsune hori ezingo dugun gehiago ekidin, eta horrek sortuko digun krisia handiagoa izango da. Horregatik, ez dut uste transhumanismoak bultzatzen dituen teknologiaren bidezko kanpo aldaketa horiek barne lanketa ordezka dezaketenik. Zientziak ezin ditu duda existentzialak erantzun, eta, gainera, ez da bere lana, hala nahi duelako.

Etorkizunari begira, ezin da ukatu transhumanismoak izango duen garrantzia, gaur egun asko inbertitzen ari delako hainbat arlotan aplikatzeko. Arlo horien artean natura dago, transhumanismoak, gizakiaren egoera hobetzeaz gain, krisialdi klimatikoa ekiditea duelako helburu. Baina arlo horretan duen helburua ez dut uste naturarekiko harreman orekatua bilatzeko denik, natura bera ustiatzen jarraitzeko baizik.

Gizakiari dagokionez, transhumanismoak gure existentziaren inguruko galderak berriz ere mahai gaineratuko ditu. Transhumanistak ugaritu eta ohikoak bihurtutakoan, teknologia eta gizakiaren arteko limitea lausotu egingo da, eta agian ez gara gai izango “gizakia” bere horretan definitzeko. Horrekin batera, gizakiaren bertsio “berria” sortzean, gizakion arteko desberdintasunak areagotuko dira, eta banaketa gehiago sortu.

Transhumanistek beraien eskubideak aldarrikatzeko orduan, galdera eta hutsune berriak sortuko dira, baina, gizakia birdefinitzeko gai baldin bagara, aurreko arazoari konponbidea emanez, eta mugak jartzen baditugu, eskubide eta betebeharren arazoa modu organikoan konpontzera iritsiko gara.

Teknologia horren helburua gure hutsuneak betetzea da, gure muinean sartzea eta bakea ematea. Baina hutsune hori beste zerbaiten eskuetan uzteak mendekotasuna sor dezake, kanpoko elementu baten eskuetan gaudelako, eta gainera, elementu horrek maila fisikoan soilik betetzen gaituelako. Modernitateak gurpil zoro azkar honetan sartu gaitu, eta guztion ardura da gelditzea; horretarako geure buruari galdera deserosoak egin behar dizkiogu, eta agian aterako diren erantzunak ez zaizkigu gustatzen, baina aurrera egiteko lehenengo pausua da arazoa aitortzea. Baina nola egin dezakegu hori gizaki guztiak ez baldin bagaude orri berean? Konponbidea bilatzen has gaitezke biztanleriaren zati handi handi batek arazoa identifikatzen ez badu?

Transhumanismoa  Transhumanismoa  Transhumanismoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude