Tomate zopa hotza
Garaiotarako errezeta bat argitaratu dugu, asko baino gehiago gustatzen zaiguna. Proba ezazu eta esan jendeari, zerua zein den hurbil mundu honetatik, gustu baduzu, jakina.
Errezeta zoragarri, erraz eta fresko baten argitaratzea ez da sekulako albistea izango eta, agian ez du merezi hemen eman diogun lekuan hain agerian egoterik, baina segur gaude ongi etorriko zaiola bati baino gehiagori, tomate ugari baitabil egunotan eta sarri zer egin ez dakigula ibili ohi gara. Sukaldean.com atarian argitaratu dugu gaurtxe, tomateari eta zopei eskainitako errezeten artean. Hain iruditzen zaigu bikaina, hementxe bertan ere jarriko dizugula, aitzakiarik ukan ez dezazun.
- Kilo t’erdi tomate heldu (litro bat likido lortzeko adina. Oso alferra bazara, potoan ere aurkituko duzu)
- Bi hosto albaraka edo basiliko
- 60 gr. azukre
- Gatz pittin bat
- Piperbeltz edo zuri apur bat
- Esnegain likido xorrotada bat
- Oliba-olio xorrotada bat
- Ogi zatitxo frijituak.
Azken hiru osagaiak ez besteko guztiak irabiagailu edo batidoran sartu eta jo minutu batez. Txinotik pasatu mamia goilara batez estutuz eta likido ahalik gehien eskuratuz, ontzi edo pitxer batera. Hozkailuan sartuko dugu lortutakoa.
Zerbitzatzeko unean, bi aukera nagusi dauzkagu: edalontzi txikietan (sarreratxo moduan) edota plater sakonean, zopa hotz moduan.
Biak ala biak honela maneatuko ditugu: lortu dugun tomate-zopa zerbitzatutakoan, esnegain ttantto bat gehitu, olio parrastadatxo bat egin eta ogi zatitxo batzuk gaineratu.
Hotz jan behar da, eta ogi zatiak biguntzen hasi baino lehen. Zerbitzatu eta berehala.
( Errezeta hau Joxe Mari Arbelaitzi ikasitakoaren aldaera bat da, oso erraza da egiten eta primerakoa gertatzen da tomate garaian gehiegi dagoenerako. Ahal dela ez jo gehiegi irabiagailuan, kolore gorria gehiegi ez galtzeko)