Teknologien Faroa #7

faroa

Teknologien Faroa #7 –

Faro hau, etor daitezkeen bi munduen arteko talka erakusteko balio dezake. Etengabeko aldaketan murgilduta dagoen jendartean ere bi mundu (behintzat) izan daitezkeela irudikatzeko. Bi etorkizuneko mundu horiek, zaharraren kontrako proposamenak egiten dituzte, bakoitzak oso modu ezberdinean.

Jakineko artikulu batean idazten nuen hau oraindik oso baliagarria da mundu zaharren aurkako bi proposamen motak bereizteko:

Haustura erreformatzaileak, kapitalismoaren fase honetan, merkatu estrategien bidez aurrera eramaten ari diren estrategiak dira. Teknologiaren laguntzaz askotan, merkatuetan etenaldia bilatzen dute, benetako botere harremanak kolokan jarri gabe, egiturak berritu ahal izateko helburuarekin. Haustura erreformatzailearen ereduak dira Uber edo AirBnB bezalako zerbitzuak, non merkatu zehatz bat apurtzen duten, baina momentu horretako eliteak ordezkatuz. Beti ere kapitalismo finantzarioarekiko morrontza eta kontrol zentralizatua ahalbidetuz.

Haustura iraultzaileak, aldiz, testuinguruko aldagai bat aldatuz, iraultza batek izango lituzkeen helburu berak dituen eraldaketa bat bilatzen dutenak dira. Eraldaketa horrek bereziki botere harremanetan eragiten du; denbora epe luzeagoan gertatzen bada ere, bere eraginak atzeraezinak izatea du helburu. Haustura iraultzailerako ereduak sortzen ari dira, arlo ezberdinetan kapitalismo soilak eskaini ahal dituenak baino eredu hobeak sortuz. Software librea da horietan paradigma nagusia, baina ez da horretara mugatzen. Horri lotuta, produkzio molde berri bat eraikitzen ari delako zantzuak ere aurreikusten dira, p2p ekoizpen moldea dei dezakeguna.

Alde batetik, Internet zentralizatu eta pribatizatuago baten pultsioa dago. Estatu handiek esparru honen militarizazioarekin darraite eta enpresa handiek deszentralizazioa aipatzen badute ere negozio eredu sasi-monopolistak (beraz zentralizatzaileak) dituzte helburu. Azken finean, atzean dauden pizgarriak antzekoak dira, estatuek, boterea eta enpresa pribatuek, kapitala metatzea baitute helburu.

Militarizazioaren interesa hasieratik dagoen arren, beste era bateko erabilerara zabaldu zen Internet. Hala ere, oraindik ere, Darpa-k bultzatutako ekimenak izaki, AEBk baditu oraindik Internet kontrolatzeko tresna nahikoa bere eskuetan. Militarizazioa beti izan da ikerketan aurreratuena eta hastapen garai horietan ere horrela izan zen, baina orain teknologiaren garapenari esker, biologiari lotutako garapenetan azeleragailua sartzen ikusteak beldurra ematen du.

Enpresa pribatuek aldiz hiria joko zelai handienean bilakatu dute smart cityaren bidez. Datu estraktibismoaren interesarekin, pribatizazioa areagotzeko estrategiak txertatzeko ahaleginean ari dira etengabe.

Pitzadurak handiak dira baina modelo honetan. Sistema zentralizatu guztiek, fokua bereganatzeko erraztasuna dute eta horregatik ere jasoko dituzte eraso gehien. Esfortzu asko beharko da hauek erasotzeko, baina lortzen den harrapakina ere tamainakoa delako. Ametsaren atzean, bada zer ezkutatu adibidez munduko 5. ekonomia litzatekeen Kalifornian, milaka dira miseria gorrian bizi direnak.

Badira ere, jarrera guzti hauekiko jarrera kritikoa, erresistentzia edota alternatiben sorkuntza proposatzen dutenak ere. Interneti dagokionez, sare banatuen aldeko mugimendua gero eta indartsuagoa daKataluniako erreferendumaren bozkatze sistemak irauteko gaitasunak, erasoei sormenarekin eta estrategia banatuekin erantzutea posible dela erakutsi zigun.

Web3 konferentziak bildu nahi ditu orain, Internet banatuaren inguruan dabiltzan zenbait agente garrantzitsu. Aldiz, bertan esango dena, aspalditik hacker askoren proposamenak izanik, sarrerak 600 euroko kostua duen ekitaldi batean paketizatua egotea, guztiz kritikagarria da.

Kultura eta eduki libreen aldeko aldarria ere gero eta zabalagoa da. Konturatu edo ez Wikipedia gure bizitzetako elementu garrantzitsuenetako bat bilakatu dugu, munduko seigarren webgunerik bisitatuena da, eta euskarazko Wikipedia euskarazko webgunerik bisitatuena. Egunero 80.000 ikustaldi inguru ditu, 100.000tik gora ikasturte egunetan. Herritar guztiek kontsultatzen dute, baina estrategikoa da hezkuntzan, hizkuntzaren normalizaziorako ezinbesteko tresna, gaur egun. Creative Commons lizentzia k dituzten edukiak ere gero eta gehiago dira munduan.

Aipatu dugun hirien joko zelaian aldiz, gero eta elkarrekin ekimenak egitearen aldeko proposamen gehiago ikusten ditugu. Batzuk, oraindik konpromiso maila eta esperientzia gutxikoak, baina beste batzuk potentzia sozial eta ekonomiko gero eta handiagoarekin; esperantzarik badago, mundu ilun honetan.

Teknologien Faroa #7