Sustrairik gabeko kimuak
Sustrairik gabeko kimuak –
Herritar, guraso eta irakasle moduan egunetik egunera gehiago kezkatzen nauen gai batekin natorkizue. Gazteen irakurketa ohiturak, edo hobe esanda, irakurketa ezaren ohiturak. Egunkari hau berau esku artean zenbat gaztek izango duten jakitea ondo legoke, adibide bat jartzearren.
Egungo gazteei mugikor edo gailuei egunero zenbat ordu eskaintzen dizkieten galdetuko bagenie, harrituta geratuko ginateke ziur aski, bereziki sare sozialei. Bizian zehar zenbat liburu irakurri dituzten galdetuko bagenie ere, asko eta asko aho zabalik geratuko ginateke seguruenik. Azken ikerketen arabera, gazteen artean mugikorraren erabilera egunero lau ordutik gorakoa da, eta eguna hastean eta bukatzean egiten duten lehenengo eta azkeneko gauza mugikorra begiratzea da. Esango nuke, eta hanka sartzeko beldur handirik gabe, gazte askok lau liburu ez dituztela irakurri bizi osoan zehar iniziatiba propioz. Azken urteetan gailentzen ari den joera honek hainbat aldaketa edo ondorio sor ditzakeenaren ustean nago. Ondorio atzeraezinak, eta bizitzako hainbat eta hainbat arlotan eragin zuzena izan dezaketenak. Esaterako, askotan galdetu ohi diot neure buruari joera honek gure hizkuntzaren erabileran zer eragin izan dezakeen. Gazteek kontsumitzen dituzten edukietatik zenbat izango ote dira euskaraz? Badirudi gazteen ohituretan eta euskararen erabileran eragin zuzena izan dezakeela, eta honek etorkizunean izan ditzakeen eraginei buruz hausnartzea el legoke gaizki.
Teknologia berrien erabilerak gure bizimoduetan eraldaketa ekarri duela begi-bistakoa da, eta hauek erabiltzen jakiteak onurak ekarri dizkigulakoan nago. Baina hori da gakoa, erabilera, eta zehazki, erabilera egokia. Nire barnean sentimendu bat ernetzen joan da azkenaldian; hain zuzen, guk izan ez ditugun hainbat baliabide eskaintzeko asmoz, mendeetan zehar hezkuntzan oinarri izan diren hainbat ezagutza ez ote diren garrantzia galtzen ari. Egunerokotasunean zur eta lur geratzen naiz gazteek irakurtzean dituzten ulermen arazoak ikustean. Esaldi edota esamolde laburrak abiadura biziz irakurtzen ohiturik beraien gailuetan, hiru edo lau lerroko paragrafoak irakurtzean izugarrizko arazoak sortzen zaizkie, edo okerrago, zuzenean errefusatu egiten dituzte, irakurtzeari uko eginez. Irakurtzea ez zaiela gustatzen esan ohi dute askok, baina, whatsappetik iristen zaizkien mezuak irakurtzeko ez dute traba handirik izaten…
Esango nuke helduon gehiengoak irakurketa eta ulermena bat eginik ulertzen ditugula, irakurketak zentzua izan behar badu behintzat. Gure heziketan, gure irakats-prozesuan oinarrizko tresna izan da, oinarrizkoena agian. Egunerokotasuna ezingo genuke ulertu egoki irakurtzen jakin gabe. Zoritxarrez egun, irakurketa/ulermen sinbiosi horretan arrakala sortzen ari dela dirudi, bereziki gazteengan. Ezinbesteko gaitasun bat, etorkizunean egunero beharrezkoa izango duten gaitasun bat. Izan ere, irakurketa ez al da izan ezagutza geureganatzeko tresna eraginkorrena belaunaldietan zehar? Bere onuren artean asko aipa genitzake, baina irakurketa hezkuntzaren oinarrizko tresna bat dela esango nuke ezbairik gabe.
Arestian aipatutakoaz gaindi, badirudi irakurtzeko gaitasun gabezia horren eraginez, egun kontraesan bat sortzen ari dela. Bizitzen ari garen gizarte digitalizatuan, gailu guztietan eta une oro informazio kopuru izugarria etengabe jasotzen ari garen garaian, sekula baino garrantzitsuagoa dirudi komunikazio gaitasun trebatua izateak. Jasotzen dugun informazio zaparrada guzti hori prozesatu eta interpretatzeko gaitasuna izateak. Izan ere, eta esaerak dioen moduan, asko balio du gaztearen indarrak, baina ez ote du hainbeste balio landuriko buru azkarrak…
Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu, eta helduon jarrerak zeresan handia duelakoan nago. Topikoa da bai, baina esan beharrik ez dago gazteak direla gizartearen isla argia. Jakina da gazteek ikusten dutenetik gehiago ikasten dutela entzuten dutenetik baino. Mahaigaineratu beharreko eztabaidak beraz, ez ote luke izan behar, helduok eskaintzen dizkiegun ereduak egokiak ote diren?