Su-ontziko kontakizunak

Su-ontziko kontakizunak –

Su-ontziko kontakizunak
Argazkia: PIXABAY

Amak familiako whatsapp taldera Relatos de brasero liburuaren inguruko bideo bat bidali digu. 1920. hamarkadako Hedegile kaleko bizitza deskribatzen du liburuak. Harrigarria iruditu zait kale bakar batek izan zezakeen bizitza eta saltoki kopurua: abastos azoka, hiltegia, harategiak, txurro-dendak, arraindegiak, espartin-dendak, ikaztegia, tabernak, inprenta, ehorztetxea, latorrigileak, ortuzainak, okinak…

Kantuan eta komunitatean bizi zen jendea: irratiaren funtzioa emakumeek egiten zuten balkoietatik, okina tabernaz taberna kantuan ibiltzen zen opil bat buruan zuela, emakumeek taldean galtzerdiak adabatzen zituzten eta kantoietako iturrietan ontziak betetzen berriketan aritzen ziren.

Egungo eta garai hartako bizitzaren inguruan hausnartzen aritu naiz bideoa ikusi dudanetik. Modernizazio eta erosotasunak gizakia gizagabetu duen sentsazioa dut. Indibidualismo eta pantailen zurrunbiloan murgildurik, gizakiaren oinarri sozial eta solidarioa non geratu ote da? Ez dugu elkar konektatzen, ez diogu elkarri begietara begiratzen…

Kaleko irakaspenetatik pantailetara, liburu eta jostailuetatik bideojokoetara, kaleko berriketa eta eztabaidetatik whatsapp taldekoetara, auzo eta herriko erosketetatik online erosketetara… ez al dugu nabarmen atzera egin?

Emilio Perez de San Romanen su-ontziko kontakizunek Gasteiz izan zena ez ahazten lagunduko digutelakoan, liburua erostera animatu nau bideoak. Memoria ez dezagun galdu, gizakion espiritu soziala berreskuratu eta lankidetzan jarraitu dezagun.

Entzun ditzagun sutondoan eta bazkalondoetan aitona-amonen istorioak, haien bizipen eta jakintzek etorkizunekoak eraikitzen lagunduko digute eta.

Su-ontziko kontakizunak

Irakaslea eta gurasoa. Gasteiz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude