Steve Jobsen hamar aipu
Steve Jobsek, Appleren aitak, munduko sagartxorik famatuena umezurtz utzi du lau urte baino gehiagoz minbiziaren aurka borrokan aritu ostean. Teknologia eta informatikaren sektoreko etorkizunari aurrea hartzen jakin izan zuen gizonak aipu entzutetsuak utzi ditu. Hona hemen batzuk:
“Zerbait galtzeko duzula pentsatzearen tranpa ekiditeko ezagutzen dudan modurik onena hil egingo zarela gogoratzea da. Biluzik zaude. Ez duzu inongo arrazoirik zure bihotzak esaten dizunari ez jarraitzeko. […] Zure denbora mugatua da, ez ezazu xahutu besteen bizitza bizitzen”. (Stanford Unibertsitatean 2005ean emandako diskurtsoan).
“Ezin diezu galdetu kontsumitzaileei ea zer nahi duten eta gero nahi duten hori ematen saiatu. Hori fabrikatzen aritu zaren denboran, beste zer edo zer nahi izan baitute”. (Inc Magazine aldizkariko elkarrizketa batean, 1989an)
“Mahai gaineko ordenagailuen industria hilik dago. Ia ez dago berrikuntzarik. Microsoftek merkatua gobernatzen du berrikuntza oso gutxirekin. Amaitu da. Applek galdu egin du. Mahai gaineko ordenagailuen merkatua aro ilun batean sartu da eta hortxe egongo da datozen hamar urteetan, edo hamarkada amaitu arte behintzat”. (Wired aldizkariko elkarrizketa batean, 1996an).
“Azukredun ura saldu nahi duzu zure bizitza osoan zehar ala historia egin nahi duzu?” (Esaldi horrekin Jobsek John Sculley Pepsiko presidentea konbentzitu zuen postua utzi eta Applera pasatzeko).
“Berrikuntzak desberdintzen du lider bat gainontzekoengandik”.
“Ez gara lehenak izan, baina onenak izan gara”. (2010ean, iPhone 4aren aurkezpenean).
“Diseinua ez da itxura soilik, diseinua nola funtzionatzen duen da”. (2003an, iPodaren hirugarren belaunaldiaren aurkezpenaren harira, The New York Timesek gailuari buruz argitaratutako erreportaje batean).
“Egiten ez dugunaz egiten dugunaz bezain harro nago”.
“Berrikuntzak ez du zerikusirik I+Gn zenbat dolar gastatu duzunarekin. Apple Mac-arekin agertu zenean, IBMk 100 aldiz gehiago gastatzen zuen I+Gn. Ez da kantitate gai bat, duzun jendearena baizik, nola gidatzen dituzun eta zenbat lortzen duzun”. (Fortune aldizkarian, 1998ko azaroan).
“Beti esan dut noizbait Appleko zuzendari exekutiboaren betebeharrak betetzeko gai ez nintzen eguna iritsiko balitz, ni izango nintzela hori jakinaraziko nuen lehena. Zoritxarrez, egun hori iritsi da”. (2011ko abuztuaren 24an)
Aipu bat falta da, edo Jobs jaunaren inguruan idazten ari zareten artikuluen tono hagiografikoa kontuan hartuta, “manamendu” bat falta dela esan beharko dugu:
“Ez duzu sistema eragilea euskaraz izango”