Sinde Legea hamar puntutan

  1. Zer da? Sinde Legeak egile eskubideak urratzen dituzten edukien deskargak saihestea du helburu. Baina webgune horrek jabetza intelektualaren eskubideak urratzen dituen ala ez Espainiako Kultura Ministerioaren azpiko komisio batek erabakiko du, eta Auzitegi Nazionalaren babesa izanez gero, komisioak erabakitako webgune hori itxiko litzateke.
  2. Eztabaidaren gakoa. Parte interesatuak epailearen rola jokatuko du auzi honetan. Ikus-entzunezkoen lobbya izan da hasieratik Sinderen babesean deskargen kontrako lege bat bultzatu duena, webgune horien galera ekonomikoa ekartzen baitiete. Legea onartuz gero komisioak jarriko lituzke jomugan hainbat webgune, eta komisioa zeinek osatuko duen ez bada argitu ere, gauza jakina da ikus-entzunezkoen lobbyak parte hartuko duela. Horrez gain, epaitegiei ez zaie aukerarik ematen kasu bakoitzaren muinean sartzen.
  3. Nondik dator? Sinde Legeak Ekonomia Jasangarriaren Legearen ondoan Espainiako Estatua ladrilluaren menpekotasunetik atera eta berrikuntzari eta teknologiari begira jartzea zuen helburu. Eta berez xedearekin zerikusirik ez duen puntu bat izan da eztabaidatuena: deskarga “ilegalak” ahalbidetzen dituzten webguneak ixtearen hau. Krisiaren kontrako neurri gisa aurkeztu zuen Zapaterok.
  4. Legearen izena. Sinde legeak ondo dakar izena, Angeles Gonzalez Sindek borroka pertsonala baitarama deskargen kontra. Aurretik Espainiako Zinema Akademiaren presidente zela abiatu zuen Interneteko “pirateriaren” kontrako borroka, eta ministeriotik horri jarraipena eman dio.
  5. Nork babestuko du? PSOE alderdiak bultzaturiko legearen kontrako iritziak izan dira alderdien artean nagusi, hala hitz egin dute PP, CiU, EAJ eta CC-k, baina horiek guztiek esan dute aldaketa batzuk eginaz gero legeari, onartzeko prest daudela. Gaur EAJ, CIU eta CC legearen alde agertuko direla jakina da. EB-IU da hasieratik testu osoa bere horretan atzera botatzeko eskatu duen bakarra.
  6. Lege-prozedura: Gaur legea onartuz gero, Espainiako Senatura joango litzateke, eta otsailean Kongresuak onartuko luke eta hiru hilabetean, maiatzean, lege bezala zehaztuko litzateke. Gaur onartu eta hurrengo urratsak emango balira, abuztuan hasiko lirateke lehen webguneak ixten.
  7. Legearen funtzionamendua: Kultura ministerioaren azpian dagoen Jabetza Intelektualaren Komisioak erabakiko du ze webgunek urratzen dituen jabetza intelektualaren eskubideak. Lehenik webgunearen arduradunarekin jarriko litzateke harremanetan komisioa, eta zuzenki eskatuko lioke eduki “ilegalak” kentzeko. Hala egingo ez balu, webgune horiek ixteko edo ez ixteko erabakia Auzitegi Nazionalak hartuko du. Epaiketa “express”-etan bezala, lau eguneko epean egingo du itxiera epaitegiak.
  8. ERABILTZAILEA: Oraingoz legeak ez du webgune “ilegal” hauen erabiltzaileen kontrako neurririk hartuko, baina urtebeteren buruan gauzak alda litezke, pirateriaren %70 lege honekin jaitsiko ez balitz, hurrengo jomuga erabiltzaileen aurka egitea izango litzateke. Lehenik artxiboak igotzen dituzten erabiltzaileen kontra, eta bigarrenik P2P sareetara konektaturik artxiboak partekatzen dituzten erabiltzaileen kontra.
  9. Sindegate: AEBek presio egin diote Espainiari deskarga “ilegalen” kontra egin zezan, Wikileaksen kableek erakutsi duten legez.
  10. Aurkako mugimendua. Hasieratik oso antolatua izan da aurkako mugimendua. Informazioa emateaz gain, presio taldea izan da, eta azken ekintza zuzena gaur legea babestuko duten alderdien webguneak blokatzea izan da.

Sinde Legea gaur onartuko dute

Irudia | Sinde Legea gaur onartuko dute | z | LGPL

2 pentsamendu “Sinde Legea hamar puntutan”-ri buruz

  • Bada ez, atzo gauean ez zuten onartu Sinde legea, kontrako 20 boto izan zituen eta aldeko 18. EAJ eta CiUrekin adostasuna apurtu ostean, PPrekin ere negoziatzen saitu zen PSOE, baina alferrik. Ekonomia Jasangarriaren Legea orain senatura joango da, baina ez deskargei buruzko puntu eztabaidatu hau. Gonzalez Sinde hurrengo urtean saiatu beharko da legea bultzatzen. Hemen albistea: http://ttiki.com/21276

  • Askatasunak irabazi du eta horrela epaileek segiko dute erabakitzen, ez gobernu edo lobby batek. Pozten naiz, alderdi batzuk ondo portatu direlako kontu honetan. Jamendo-n jar ditzatele kantak eta remixa zer den ikasteko ikastaroak antola ditzala gobernu espainiarrak. Horixe da ene desira.