Seme-alaben eskolako oharrak, sarean
Datorren ikasturtean, ikasleek eskolako oharrak paper batean etxera eramateari utz diezaiokete. Erakusle enpresa bizkaitarrak garatutako aplikazio informatikoari esker, gurasoek seme-alaben eskolako nondik norakoen berri izango dute momentuan e-mail edota SMS bidez.
NotaNet izeneko aplikazioaren helburua irakasle eta gurasoen arteko harremana “arintzea” da eta, modu horretan, gurasoek seme-alaben eguneroko gertakarien berri izan dezakete: notak, hutsegiteak, portaera txarrari buruzko oharrak… Ikasleak “bitarteko izateari uzten diote” eta familiek oharrak jasotzen dituzte zuzenean telefono mugikorrean edo postontzi elektronikoan. Irailean, 2011-2012 ikasturtearen hasierarekin batera, martxan jartzea espero dute.
NotaNetek zerbitzari segurua erabiltzen du (HTTPS), beraz, datuen bidalketaren konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatuta dago. Horrez gain, aplikazioaren kostua oso txikia da ikastetxeentzat, behar duten gauza bakarrak Internetera konexioa eta nabigatzailea dira eta.
Beraz, hemendik aurrera, gaztetxoek ezingo dute tranparik egin etxean. Amaitu da noten txostena faltsutzea edota eskolako oharren desagertze misteriotsua. Teknologiak partida irabazi die ikasle bihurrienei.