Sare sozialak, kontuz!
Internet itsaso urdin eta zabal bat da, baina ez da gurea, gurea bakarrik ez behinik behin. Polizia ere ibiltzen da sare sozialetan zein Youtuben, nahiz eta askok pentsatu Sarean pribatutasuna erabat gordeta dagoela. Legerik gabeko mundua irudikatzen dute batzuek pantailaren aurrean, baina geroz eta gehiago dira Interneten haien delituak paratzeagatik poliziak antzematen dituenak.
Cordoban izan da hondarreko kasua. Emakume batek sare sozial ezagun batean bere argazki bat igo zuen, non marihuana ereiten ageri baitzen. Hortik abiaturik poliziak atxilotu egin du osasun publikoaren aurkako atentatua egotzita. Militar israeldar bat ere sare sozialen bidez harrapatu zuten. Palestinar presoekin ageri zen argazkiak igo zituen Facebookera, kasu honetan jarrera salagarria munduaren aurrean agerian utziz. Hori gutxi balitz, militarren misioak ere paratu zituen bertan, eta horrek armadaren planak aldatzera eraman zuen. Etxean, ETAk ere izan ditu arazoak Facebookekin eta militanteek perfilak irekitzeak haien jarraipena erraztu du.
Facebook eta antzeko sare sozialez gain, Youtubek ere lortu du pertsona bat baino gehiago atxilotzea. Espainian bi motorzale atzeman zituzten haien lehia ilegala interneten paratu ondotik. Herrialde Katalanetan ere lagun bat atxilotu zuten quadean gisa beldurgarrian gidatzen ageri zen bideoak interneten eskegi zituelako eta beste bat antzeko zioengatik. Lagun talde bat mozkor bati iseka egiten ageri zen bideoa igotzeagatik ere atxilotua izan zen pertsona bat iaz.
Tokyon, berriz, 14 urtetako gazte bat salatu zuten ekainean publikatu gabeko manga baten irudiak igo baitzituen Youtubera. Gainera, bere ekintzak Twitterren azaltzen zituen.
Argi dago Interneten denak ez duela balio eta pribatutasuna ez dagoela babesturik. Irudiak, bideoak, audioak, dokumentuak, eta abar igotzerakoan, ez dakigu nor izanen den pantailaz beste aldean egonen dena. Sarean pista aunitz uzten dira eta erraza da internauta baten urratsak jarraitzea. Gainera, delitua ez da bakarrik bideoan ageri direnek egiten dutena, sarri bideoa igotzea bera ere delitu izaten da.