Igelari lapikoan bezalaxe, halaxe gertatu zaigu guri ere: pixkanaka-pixkanaka, konturatzerako, populazioaren zati handi batek (%56 Espainian eta %39 Frantzian, Reuters Institutuak eta Oxford Unibertsitateak urtero argitaratzen duten Digital News Report delakoaren arabera) sare sozialak ditu informazio iturri nagusitzat. Duela gutxi arte kezkatzekoa iruditzen zitzaigun mundu mailan gertatzen ari diren hedabideen jabetzaren kontzentrazioa, baina kontzentrazio maila horrek txantxetakoa dirudi populazioaren erdiak baino gehiagok Facebook-Whatsapp-Instagram (gogora dezagun, berriz, enpresa bakarra direla hiru horiek), Twitter eta Google-Youtube baldin baditu informazio iturri nagusitzat.
Sare sozialen nagusitasun ‘informatibo’ horren kalteak handiak dira, eta begi-bistakoak. Orain arteko eskemetan, hedabide tradizionalen lerro editoriala joera politiko jakin batekin lotuta egon ohi da, nahiz eta arrazoi ekonomikoek ere pisu handia duten. Sare sozialetan, berriz, ‘engagement’ delakoak agintzen du. Helburu nagusia dute erabiltzaileetako bakoitzak ahalik eta denbora gehien pasatzea plataforma erabiltzen: bisita kopurua, bisiten iraupena, interakzio kopurua eta, batez ere, iragarkietan egindako kliken ratioa dira lerro editoriala markatzen dutenak. Horren arabera erabakitzen dute zer erakutsi eta zer ez, eta erakusten den hori zer ordenetan ikusten den. Berezitasun batekin, gainera: lerro editorial hori ezberdina da erabiltzaile bakoitzarentzat. Algoritmo batek, formula matematiko automatizatu batek, kalkulatzen du gutako bakoitzak zer eta noiz ikusten duen.
Horrek bi ondorio nagusi dakartza zuzenean: alde batetik, burbuila digital moduko batean sartzen gaitu. Gutako bakoitza testuinguru informatibo ezberdin eta pertsonalizatu batean bizi da. Ez naiz soziologoa, baina esango nuke hori ez dela oso lagungarria gizartearen kohesioari begira… are gutxiago fisikoki ere isolatu samar bizi garen azken bolada honetan.
Bestetik, agerikoa da sare sozialetan zer estiloko albisteek lortzen duten lehentasuna. Gogoratu: helburu nagusia bertan atxikitzea da, eta beraz, zenbat eta eskandalagarriagoa, zenbat eta eztabaida sutsuagoa piztu, zenbat eta jarrera muturrekoagoak erakarri, orduan eta nabarmenago azalduko dira albisteak… bueno, edo zurrumurruak, edo zuzenean, norbaiti kalte (edo mesede) egiteko propio sortutako gezurrak edo erdi-egiak.
Bi fenomeno horiek eragin ikaragarria dute, maila pertsonal eta kolektiboan, eta Covidaren osteko ez-normaltasun arraro honek biderkatu egiten du. Begiratu nola dauden gauzak Estatu Batuetan: sare sozialen bidezko desinformazioak eta pandemiak eragindako testuinguru arraroak parez pare zabaldu dizkie ateak Q-Anon bezalako mugimenduei: Donald Trump estralurtar batzuek mundua salbatzera bidalitako semi-jainko bat da (‘exopolitika’ deitzen diote), eta haren aurkari politikoak, Biden, Hillary Cllinton, Obama eta konpainia, umeak bahitu eta -literalki- jaten dituen sare bateko kideak. Are gehiago: lehengoan Suezeko kanalean ez atzera ez aurrera geratu zen itsasontzi famatua jende horrentzako bahitutako umez beteta omen zihoan, eta horregatik gerarazi zuten Trumpen aliatuek. Erokeria horiek, eta potoloagoak ere, bete-betean sinisten dutenak ehundaka mila dira jadanik Estatu Batuetan. Lagun koadrillak eta familiak bata bestearen atzetik apurtzen ari dira Q-Anon eta harengandik eratorritako ehundaka sekta erlijioso eta politikoen eraginez. Are gehiago: sistema sozial eta politiko guztia trantze gogorrean jarri du mugimenduak: Bidenen garaipen elektoralaren osteko lurrikara politikoa gogoratzea besterik ez dago.
Tira, gauzak puntu horretara iristeko, eragile bat baino gehiago izan behar da tartean, seguru. Baina esango nuke algoritmo santuak, printzipioz inolako asmo txarrik gabe, sortzen ari zaizkigun testuinguru informatibo frakzionatu eta zaratatsu horrek zeresan handia duela teoria konspiranoikoen zabalkunde masiboan. Atlantikotik honantza ere gero eta oihartzun handiagoa dute, euskal komunitatean bertan ere. Ikusi beharko da fenomenoa nola egokitzen den Europako errealitatera, baina egia esan, beldur apur bat ere ematen du…
Problema potolo bat dugu algoritmoekin