Politikariek Twitterren egin behar dutena eta ez dutena


Zuetako zenbatek ez du politikariren edo alderdiren bat jarraitzen Twitterren? Eta horietako zenbatek gainditzen dute “Twitterreko erabiltzaile onaren froga”? Ez askok.

Mikro-blogging sare sozial ospetsuak berdindu egiten gaitu, goi mailako politikari bat izan ala herritar xume bat izan, guztien ahotsek balio bera dute, berdin hedatzen dira eta batzuen eta besteen arteko komunikazioa maila berean geratzen da. Ezaugarri horiei esker, Twitter politikarako tresna indartsua da, baina gutxik ateratzen diote benetako etekina.

Hona hemen Albert Fuget kazetariak zerrendatzen dituen aholkuak Twitterren murgilduta dauden –edo murgildu nahi duten– politikarientzako:

Zer EGIN BEHAR duten:

Entzun eta solas egin. Herriak zer nahi duen entzuteko aukera ematen du Twitterrek. Horregatik, politikariak adi egon behar dira eta haiek plazaratzen dituzten zalantzei erantzun ere bai, ahal duten heinean behintzat.


Umorez eta adimenez erantzun. Kritikei heltzeko bide onena da. Umoreak eta naturaltasunak puntuak irabazten lagunduko dizkie.

Balioa eskaini. Informazio, irudi eta esteka interesgarriak partekatu behar ditu, bere jarraitzaileen timelineak aberasteko eta propaganda hutsez soilik ez betetzeko. Debate publikoak antolatu eta proposamenak egin…

Loturak sortu. Politikariek beren jarraitzaileekin bat egin behar dute elkarrekin komunikatuz. Epe luzera, lidergoa sendotzen laguntzen du.

Aurpegia eman. Ez dira sekula ezkutatu behar, haiekin zerikusia duten gaietan busti egin behar dira eta egoera estuak zuhurtziaz tratatzen jakin.

Aurkariari jaramonik ez egin. Politikariek beren lidergoa indartu nahi badute, haien aurkariak ahalik eta gutxien aipatu behar dute. Eraso egiten dutenekin eta kontrako ideiak dituztenekin errespetu handiz jokatu behar dute.

 

Zer EZ DEN EGIN BEHAR

Eztabaidatu, eraso eta liskartu. Honek politika jendearengandik aldentzen du.

Alderdiaren balio “paregabeak” errepikatu. Dotrinak eta propaganda errukigabe zabaltzen aritzea nahiko amorragarria.

Behin hauteskundeak amaituta, Twitter ahaztu. Oso ohikoa da hau. Hauteskundeak iristen direnean, politikari askok kontua irekitzen dute Twitterren. Propaganda apur bat egin eta hauteskundeak amaitzean, hortxe geratzen da kontua, abandonaturik. Kasu batzuetan, txio bakar batekin ere ez.

Ez erantzun. Edo are okerrago, elkarrizketarik ez bultzatu. Politikariek Twitter zer den eta jendeak zer nahi duen ez jakitearen adierazle nagusia da hori.

Beti gauza bera esan. Jarraitzaileak aspertzen badituzte, joan egingo dira.

Alderdiko lagunak soilik jarraitu. Akats hau ere oso ohikoa da. Geroz eta aniztasun gehiago izan politikariek jarraitzen dituztenen pertsona eta erakundeen artean, hobeto. Hala, jendeak ikusiko du ez direla beren ideietan soilik finkatzen eta mundu guztiarentzako dituztela belarriak.


UDAZKEN KOLOREAK

Zer duzu buruan “Politikariek Twitterren egin behar dutena eta ez dutena”-ri buruz

  • Amen, eta batzuk gehituko nituzke:
    . pankartagintza utzi
    . harridura markak ahaztu
    . replikantismoa abandonatu
    . TTarekiko obsesioa akatu
    . helburuak definitu
    . komunitatea definitu
    . nortasun bat definitu
    . egia pertsonal bat entregatu, tarteka bada ere
    . pertsona interesgarria izan
    . transparentziaren legeak ezagutu eta baliatu
    . triangulatu
    . anomaliaren eta rutinaren arteko jokoa garatu
    . hooliganekin ez fidatu
    . mesfidati jokatu txalo errezekiko
    e.a.