Ordenagailuak doan Australiako aborigenentzat

Papua Ginea Berriako umeak 'XO' ordenagailua erabiltzen. CC-by One Laptop Per Child
Papua Ginea Berriako umeak 'XO' ordenagailua erabiltzen. CC-by One Laptop Per Child

One Laptop Per Child (ordenagailu eramangarri bat ume bakoitzeko), irabazi asmorik gabeko erakunde amerikarra, da proiektu honen sustatzailea. Dagoeneko 2.000 ordenagailu inguru banatu dituzte Australiako komunitate aborigenen artean, eta 1,5 milioi gailu guztira, munduan zehar dituzten proiektu denak kontutan hartuz. Egitasmo honekin, aborigen gazteenei “munduaz gehiago jakiteko” aukera eman gura diete erakundekoek.

Barry Vercoe da Asia eta Pazifikoko proiektuen arduraduna OLPC erakundean, eta bere hitzetan “proiektu honekin, beste era batera izango ez luketen aukera ematen diegu ume hauei”. Eta ez dira gehiegikeria hutsa hitzok, izatez, Australiako komunitate horietan analfabetismo maila beldurgarria da, eta ez da hobekuntzarik nabaritzen belaunaldi batetik bestera. Australiako Hezkuntza Sailak kaleratutako txosten baten arabera, eskolara doazen aborigenen %33ak ez du Gobernuak ezartzen duen gutxieneko irakurketa maila gainditzen. Beste informe batetan adierazten denaren arabera, 1,6 milioi dolareko inbertsioa egin beharko litzateke aborigenek gainontzekoek dituzten aukera berdinetaz gozatu ahal izateko.

Iazko otsailean, Kevin Rudd Australiako lehen ministroak barkamena eskatu zien, ofizialki, aborigenei, XX. mendean zehar kolonialismoak eragin zizkieten kalteengatik. Horretaz gain, aborigenen komunitateetan alkohola debekatzea erabaki zuen Gobernuak, genero indarkeria kontrolatzeko asmoarekin, eta oraingo egitasmo honek, indigenen alfabetatzea sustatzea du helburu. “Ezjakintasunaren eta analfabetismoaren aurka zerbait egiteko aukerarik baldin badago, horretan egin behar da lan”, dio Vercoe jaunak. Erakundeak jasotako emaileen diruari esker milioi erdi ordenagailu inguru banatzea espero dute OLPCkoek datozen hiru urteetan.

Gizarte desberdinetan, bestelakoak baloreak

Massachusettseko Teknologia Institutuko Nicholas Negropontek sortu zuen proiektua 2006. urtean, umeek esploratu, esperimentatu eta beren sentimenduak adieraz zitzaten. Ideia filantropo horren kontra egiterik ez badago ere, ez da dena beti uste bezain erraza.

Kanbodia, Ruanda eta Papua Ginea Berria dira orain arte ‘XO‘ deitzen den “makina berdea” jaso duten herrialdeetariko batzuk. Baina Australiara heltzerakoan, ezusteko batekin egin dute topo OLPCkoek: kultura erabat desberdina dute aborigenek. Alegia, jabetza pribaturik ez dute onartzen komunitate askotan. Vercoeren esanetan: “alde batetik, ‘ordenagailu hau zuretzat da betiko’ esaten diegu txikiei, eta ez gara konturatzen hori beraien balore tradizionalen kontrako zerbait dela. Et ahori oraindik gainditu behar dugun oztopo bat da”.

Visit msnbc.com for Breaking News, World News, and News about the Economy

Kazetaria.