Olatz Arbelaitz, PuntuEUS Fundazioaren Lehendakari berria
Olatz Arbelaitz, PuntuEUS Fundazioaren Lehendakari berria –
Puntueus Fundazioaren patronatuak Olatz Arbelaitz Gallego izendatu du Fundazioaren lehendakari. Horrela, Arbelaitzek Iñaki Goirizelaiaren lekukoa hartu du UPV/EHUren ordezkari gisa. Goirizelaiak abenduan jakinarazi zuen bere etapa amaitutzat jotzen zuela eta lekukoa pasatzeko garaia iritsi zela. Gorizelaia zortzi urtez izan da Puntues Fundazioaren lehendakaria.
Arbelaitzek azpimarratu duenez, “beti jarraitu izan dut PUNTUEUS proiektuaren ibilbidea. Amets izan zenetik gaur egun den proiektu sendo eta finkaturaino, uste izan dut herri bezala esparru digitalean presentzia izateko ezinbesteko proiektua zela”. Era berean, Arbelaitzek nabarmendu du Fundazioko lantaldearekin lankidetzan aritzeko aukera izan duela aurretik, eta “haien profesionaltasuna eta jarrera positiboa direla eta oso gustura aritu naiz, eta haiengan konfiantza osoa dut”.
Izendapen berria ilusioz eta arduraz hartzen duela adierazi du Arbelaitzek: “proiektuak duen osasun ona mantendu eta euskal gizarte digital hobea garatzen laguntzea da nire helburua”.
Olatz Arbelaitz Gallego (Errenteria, 1970). Informatikan lizentziaduna eta doktorea da. 1995etik EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da, gaur egun Irakasle Osoa da. ALDAPA ikerketa taldeko zuzendarikidea da, eta bertan Adimen Artifiziala Osasunean eta Ikasketa Automatikoko Eredu esplikagarriak eta bidezkoak lantzen ditu. Hainbat urtez fakultateko zuzendaritza-taldeko kide izan da, eta une honetan, Berdintasun Batzordeko eta EHUko Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntza Batzordeko kidea da. Teknologia arloan emakumeen presentzia aregaotzeko eta ikusgarri egiteko ekintzak ere bultzatzen ditu. Esate baterako, “Emakumeak Zientzian” ekimenaren koordinatzailea da. Halaber, UEUko Informatika saileko sailburua izan da urtetan, eta azkenaldian Ikergazte kongresuko koordinatzailea da.
Puntueus Fundazioari buruz
PUNTUEUS Fundazioa .EUS domeinuaren kudeaketaren, zaintzaren eta sustapenaren ardura duen erakundea da. 2012an sortutako irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, eta gaur egun erakude hauek osatzen dute bere patronatua:
- UPV/EHU (lehendakaritza)
- Puntueus Elkartea (idazkaritza)
- Euskaltzaindia (diruzaintza)
- Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkartea
- Euskal Irrati Telebista (EITB)
- Euskal Kultur Erakundea (EKE)
- Euskaltel Fundazioa
- Kontseilua
Lehendakarien historikoa:
- Joan Mari Torrealdai Nabea – Euskaltzaindia (2012-2016)
- Iñaki Goirizelaia Ordorika – UPV/EHU (2016-2024)
- Olatz Arbelaitz Gallego – UPV/EHU (2024-… )