Non daude behar ditugun hitzak zahartzaroan? Korapilo eta loturen artean

Non daude behar ditugun hitzak zahartzaroan? Korapilo eta loturen artean –

Adinean aurrera joan ahala, hitz kopuru handiago ezagutu arren, zailtasunak izaten ditugu beharrezko hitza gogora ekartzeko haren errepresentazioa ez baita aktibatzen gure hiztegi-sarean. (James Ampong – Pexels lizentziapean)

Batzuetan mentalki zabaltzen dugu paperezko hiztegia, non hitz-zerrendak irudikatzen ditugun, gogoratu nahi dugun hitza bat-batean bertan topatzerik izango bagenu bezala. Gutxitan da hori lagungarri, hitzak gure gogoan ez baitaude zerrendetan gordeta forma ortografikoari jarraiki, baizik eta sareetandimentsio askotako sare zabal eta konplexuetan.

Hiztegi mentala elkarri ehundutako harien multzo gisa irudikatu dezakegu, bere korapilo eta loturekin. Oinarrian, sareko korapilo bakoitzean hitz baten errepresentazio lexikoa eta kontzeptuala metatzen ditugu, eta korapiloak beren arteko harreman semantiko eta fonologikoen arabera lotzen dira elkarrekin. Hau da, ‘txerri’ hitzaren errepresentazioak lotura izango du ‘basurde’ eta ‘zaldi’ hitzekin. Bestalde, ‘txerri’ hitzak lotura izango du, baita, ‘herri’ hitzarekin eta beste hainbat eta hainbat korapilorekin, antzekotasun fonologikoa medio. Edonola ere, sarea ez da simetrikoa, korapiloen arteko distantzia aldakorra baita, beren arteko harreman mailaren araberakoa. Hau da, ‘txerri’ ‘basurde’-tik gertuago egongo da sarean ‘zaldi’-tik baino, lehen biek lotura estuagoa dutelako. Horrek eragiten du sarearen baitan hitzen gertutasunaren araberako multzoak sortzea. Ondorioz, auzokide semantiko eta fonologiko asko dituzten hitzek dentsitate handiko guneak eratu eta hutsarte gutxiko sare-guneak sortzen dituzte. Aldiz, auzokide gutxi dituzten hitzak isolatuago egon ohi dira.

.

Hitzak aktibatzen

Sare-egituran oinarrituta, Collins eta Loftus-ek (1975) ‘aktibazioaren hedapenaren teoria’ aurkeztu zuten, eta harrezkero, kontaezinak dira teoria horren balioa azpimarratu duten ikerketak. Teoria horren arabera, hitz bat behar duguneanaktibatu egiten da haren errepresentazioa, korapilo zehatz horretan kokatuta dagoen bonbilla bat piztuko balitz bezala. Alabaina, aktibazio hori ez da hitz bakar batera mugatzen, hedatu egiten da harreman semantiko edo fonologikoak dituzten beste hitz batzuetara. Egoera egoki batean, erabili nahi dugun hitzak jasoko du aktibazio gehien, eta aktibazioa ahulagoa izango da hari loturiko beste hitzen errepresentazioetan, zeintzuk isilpean geratuko diren milisegundo batzuen buruan guztiz desaktibatu arte. Aktibazio eta ko-aktibazio mekanismo horrek ez duenean behar bezala funtzionatzen, “koilara” esaten dugu “tenedore” ordez, edota “armairu” “hozkailu”-ren ordez. Tankera honetako akatsak edozein hiztunetan gertatu daitezkeen arren, bereziki nabarmenak dira hartutako gaitz neurologikoaren edo prozesu neurodegeneratiboen ondorioz afasia erakusten duten hiztunetan.

Antzekotasun semantiko eta fonologikoaz haratago, hitzen beste hainbat ezaugarrik eragiten diote haien biltegiratze eta aktibazioari; besteak beste, hitzen erabilera-maiztasunak, hizkuntza naturalean bi hitzek batera agertzeko daukaten probabilitateak, zehaztasun mailak edota hitz auzokideen dentsitateak. Hainbat ikerketa esperimentalek erakutsi dute aldagai horiek eragina dutela zuzentasunean eta erreakzio-denboran hitzak ezagutzeko orduan, bai eta erabiltzekoan edota haien inguruan usteak ematekoan, edozein izanik hiztunak hitz egiten duen hizkuntza. Hots, hiztegi-sarearen egitura eta aktibazio-mekanismoa unibertsala da edozein dela ere gizabanakoaren jatorria. Alabaina, goian aipatu bezala, badirudi ezaugarri horiek ez dutela berdin irauten bizi-ziklo guztian zehar.

.

Hitzen bila zahartzaroan

Zahartzaroan, hitz gehiago ezagutzeaz gain, elementu bitxiagoak erabiltzeko joera dugu gizakiok. Hala ere, ez dirudi hizkuntza-erabilerak eta eskarmentuak dakarten abantaila hori egunerokotasunean azaleratzen denik, adinarekin gero eta eragozpen handiagoak baititugu hitzen bilaketan. Honen adibide dira aiton-amonek familiartekoen izenak erabiltzerako orduan dituzten zailtasunak; parean duten ilobaren izena esan nahian, iloba guztien izenak ahoskatzen dituzte sarritan. Ur gaziak eta erabilerak higatu duen arrantza-sareari gertatzen zaion moduan, adinarekin hitz-sareko loturek ehundura gutxiago dituzte; korapiloak ez daude elkarrekin horren sendo konektatuta. Izan ere, arlo honetan eginiko lanek iradokitzen dutenaren arabera, hiztegiek antolaketa pobreagoa erakusten dute. Ikerketa ildo honetan lankidetzan gabiltza Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna taldea eta Ixa ikerketa taldeetako hainbat ikertzaile, BBVA Fundazioak emandako Leonardo beka batek finantzatutako proiektu batean. Hiztegiari dagokion ezagutza semantikoak 30 eta 80 urte bitarteko hiztunengan duen balizko aldaketa aztertu dugu kognitiboki osasuntsuak diren hiztunengan. Atariko emaitzek iradokitzen dute hezkuntza maila berbera izanik, hitzen arteko lotura kontzeptualak ahuldu egiten direla adinarekin. Hots, esanahien inguruko ezagutzak behera egiten du zahartzaro osasuntsuan, eta urteen poderioz, behin hiztegi sarean erlazionatuta zeuden korapiloek joera dute beren arteko lotura galtzeko (Arantzeta, San Martin eta Goikoetxea, aribidean).

Hiztegiaren prozesamendua fenomeno konplexua eta dimentsio anitzekoa da, eta oraindik ez dago argi zein duten iturburu adinarekin sarbide lexikoan agertzen diren zailtasunek. Psikohizkuntzalaritza ikerketek iradokitzen dute hitzen arteko loturak ahuldu egiten direla zahartu ahala eta honek hitzen faltarekin harremana daukala, hitzen aktibazio eta ko-aktibazioa baldintzatzen baitute. Era berean, zentzuzkoa da pentsatzea hiztegi mailan gertatzen diren aldaketa horiek hizkuntzaren beste alderdi batzuei ere eragingo dietela zahartzaro osasuntsuan; esaterako, ulermen-gaitasunari. Hizkuntza eta komunikazio-gaitasuna gure espeziearen sozializazio eta ongizatearen gako dira, eta zahartzaroaren arlo honen inguruko ikerketak ezinbestekoak izango dira nagusiak ahaldundu eta gizarte honetan eragile aktibo bihurtzeko bidean.

.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Collins, A.M. eta Loftus, E.F. (1975). A spreading-activation theory of semantic processing. Psychological Review, 82 (6), 407-428. DOI: 10.1037/0033-295X.82.6.407
  • Strijkers, K., Costa, A., eta Thierry, G. (2010). Tracking Lexical Access in Speech Production: Electrophysiological Correlates of Word Frequency and Cognate Effects, Cerebral Cortex, 20 (4), 912–928. DOI: 10.1093/cercor/bhp153
  • Dahan, D., Magnuson, J.S., eta Tanenhaus, M.K. (2001). Time Course of Frequency Effects in Spoken-Word Recognition: Evidence from Eye Movements. Cognitive Psychology, 42 (4), 317-367. DOI: 10.1006/cogp.2001.0750
  • Mirman, D., eta Magnuson, J. S. (2008). Attractor dynamics and semantic neighbourhood density: Processing is slowed by near neighbours and speeded by distant neighbours. Journal of Experimental Psychology: Learning, Memory, and Cognition, 34 (1), 65–79. DOI: 10.1037/0278-7393.34.1.65
  • Beretta, A., Fiorentino, R., eta Poeppel, D. (2005). The effects of homonymy and polysemy on lexical access: an MEG study. Cognitive Brain Research, 24 (1), 57-65. DOI: doi.org/10.1016/j.cogbrainres.2004.12.006
  • Verhaeghen, P. (2003). Aging and vocabulary score: A meta-analysis. Psychology and Aging, 18 (2), 332-339. DOI: 10.1037/0882-7974.18.2.332
  • Dubossarsky, H., De Dedeyne, S., eta Hills, T.T. (2017). Quantifying the structure of free association networks across the life span. Developmental Psychology Journal, 53 (8), 1560-1570. DOI: 10.1037/dev0000347
  • Wulff, D.U., Hills, T., eta Mata, R. (2022). Structural differences in the semantic networks of younger and older adults. Scientific Reports, 12, 21459. DOI: 10.1038/s41598-022-11698-4

.

Esker onak:

BBVA Fundazioa. Leonardo bekak kultur ikertzaile eta sortzaileentzat 2021. Hezkuntza Saila, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetza, Eusko Jaurlaritza. Euskal Unibertsitate Sistemako ikertalde egonkortua (IT1439/22-GIC21/132).

Non daude behar ditugun hitzak zahartzaroan? Non daude behar ditugun hitzak zahartzaroan?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.