Negazionismoa landuko da “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloan

Negazionismoa landuko da “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloan – 

  • Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute zikloa, eta, 2024ko udazkenean, hiru saio eskainiko dira.
  • Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, negazionismoaren gaia landuko da zenbait arlotan lan egiten duten emakume zientzialariekin batera.
  • Saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloa. Udazkenean, hiru saio eskainiko dira “Negazionismoa, herritar guztien zientzia eta ikerketaren ibilbideak” izenburupean: urriaren 8an, azaroaren 5ean eta abenduaren 10ean.

Egitasmo honen xedea da emakume zientzialariak ezagutzea. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan.

Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-komunikatzailearen eskutik: Laida Arbizu Agirre, Olatz Ortega Vidales eta Alaitz Etxabide Etxeberria.

2024ko udazkeneko solasaldi-zikloa

Lehenengo saioa urriaren 8an izango da. Laida Arbizu Agirre (Ordizia) filosofoa izango da protagonista. Laida jarrera negazionistak aztertzen ari da bere doktoretzan, eta erabateko gaurkotasuna duen gai horretaz arituko da solasaldian: bizi ditugun garaiotan zer forma hartzen dituen negazionismoak, nola zabaltzen den eta hari nola egin aurre. Alde batera utzi gabe gaur egun nagusitzen ari diren joera politikoetan ere islatzen direla negazionismoa eta konspirazionismoa.

Olatz Ortega Vidales (Bilbo) biologoa izango da ondoren. Olatzek biologia ikasi ostean, Suediara joan zen LGTBIQ+ pertsonen eta desgaitasun intelektuala duten pertsonen ahalduntzearen inguruan lan egitera. Gerora, EHUko Ekotoxikologiako Erasmus Mundus masterra egin zuen. Egun, lanean ari da zientzia demokratikoagoa eta inklusiboa izatea lortzeko; besteak beste, Plentziako itsas Estazioko “Kontuz! Ez nazazu zapaldu!” herritarren zientziako proiektu inklusiboaren ikertzaile-taldearen parte da. Haren solasaldia azaroaren 5ean izango da.

Hirugarren protagonista, berriz, Alaitz Etxaide Etxeberria (Lesaka) material berriztagarrien ingeniaritzako doktorea izango da. Alaitzek Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan Industria Kimikaren Ingeniaritza Gradua eta Material Berriztagarrien Ingeniaritza Masterra egin zituen, eta material berriztagarrien ingeniaritzako doktorea da. Oso gaztea bada ere, ibilbide aberatsa izan du: nazioarteko hainbat unibertsitatetan izan ondoren, orain enpresa batean dihardu ikerketan. Hala, ondo ezagutzen ditu zer berdintasun eta zer diferentzia dauden unibertsitatean ikertzearen eta industrian ikertzearen artean. Bere ikuspegia emateaz gain, material berriztagarriek eskaintzen dituzten aukerak eta dituzten mugak ere azalduko ditu. Abenduaren 10ean izango dugu haren solasaldian parte hartzeko aukera.

Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.

Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahal izango dira. Horretaz gain, zientzia.eus-ek “Emakume-zientzaialarien-argitan” podcast-atal berria sortu du, eta han ere izango da aukera solasaldi-ziklo honetan parte hartu duten emakume guztien hitzaldiak entzuteko.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude