Mapa genetikoa, 6 ordutan eta 80 euroren truke
Stanislav Polonsky eta IBMren Watson Ikerkuntza Zentroko bere taldeak, Conecticut estatuko Roche Applied Science (Hoffman-La Roche, munduko konpainia farmazeutikorik handienetakoaren enpresa bat) eta Oxford unibertsitatearekin elkarlanean, pertsona baten mapa genetikoa 6 ordu eskasetan eta 100 dolarren truke (80 euro inguru) egitea ahalbidetzen duen teknika berri bat garatu dute.
Solid State Nanopore Sequencing izeneko teknika berri honek txip bat du oinarritzat. Txip honek ADN zuntzak filtratzen ditu poro nanometriko batzuei esker. Txiparen poroetako bakoitzak zuntzaren zati bat aztertzen du, poro guztiek paraleloan lan egiten dutelarik. Filtrotik igarotzean, nukleotido bakoitzak seinale elektriko berezi bat uzten du, eta seinale hori igarotako molekulen zatiak ezberdintzeko erabiltzen da. Honela, pertsonaren mapa genetiko osoa orain arteko teknologiarik azkarrena baino 30 aldiz azkarrago lor daiteke.
Sortzaileen esanetan, teknologia berri honek, pertsona batek bere mapa genetikoaren arabera jasan ditzakeen gaixotasunak aurreikusten eta gerta daitezkeen akats genetikoak gertatu aurretik konpontzen lagunduko die medikuei.
Bestelako erabilerak
“Kalte neurologikoak: %60ko probabilitatea; depresio maniakoa: %40ko probabilitatea; kontzentrazio faltak eragindako arazoak: %89; bihotzeko arazoak: %99; heriotza goiztiarra izateko arriskua; bizi itxaropena: 30,2 urte.”
Hori, oraingoz, fikzioa baino ez da. Gattaca filmeko protagonistari jaioberritan egiten dioten azterketa genetikoaren emaitza da, protagonista gizarte mailarik baxuenera kondenatzen duena. Eta fikzioa bakarrik izanda ere, inoiz baino gertuago dago errealitatetik.
Zeren, mapa genetikoak horren azkar eta modu merkean egiteko aukera izanda, zein enpresak ez luke jakin nahiko, postu baterako hautagaien artean, nork duen baja gutxien hartu behar izateko probabilitaterik handiena? Edo hautagaietatik zeinek duen erretiro garaia iritsi baino lehen eritasun batek jota hiltzeko aukera gutxien? Ez al du mapa genetikoaren erabilera normalizatu batek gizartearen estratifikazio berri bat eragingo?
Ukaezinak dira bakoitzak bere mapa genetikoa eginda izateak osasunaren arloan ekar diezazkiguken onurak, baina merezi ote du bizitza osorako esperantza eta ametsak sekula bete ezingo dituzula jakitera arriskatzeak?
Eskertzekoa da benetan zientziari loturiko artikuluren bat irakurtzea noizbehinka. Argi dago mapa genetikoaren kontu hau negozio hutsa dela, baina zientzia ez da eguneroko notizia morborik ez baldin badu eragiten.
arrazoi osoa dezu, saioa. zientzian zale eta aditu zaretenak ere animatu behar zarete besteoi halako berriak kontatu eta irakasten. ados?