Mantentze eskasetik hondamendira

Mantentze eskasetik hondamendira –

Italia eta mundu osoa inarrosi ditu Genobako bide zubian gertatu zen suntsiketak. Halako ezbeharra Italian eta beste leku batzuetan gertatu zen arren, oraingoan biktimen kopuruak eta trafikoari dagokionez obrak daukan garrantziak eta handitasunak gizartearen arreta gehiago piztu dute. Nire lanbidea bidegintzari zegokionez gero, lerro hauen idaztea bururatu zait.

Mantentze eskasetik hondamendira

Normalki bide baten egiterakoan arreta gehiago ematen zaio zubigintzari bidegintzari baino, lehenengoan arriskua fisiko eta humanoa delako eta bigarrenean ekonomikoa. Haatik, azpimarratu behar da ezponda handien egonkortasuna eta orekaren azterketa zubiarenari emanen diogun arreta berdinaz egin behar dela. Horren irudikatzeko esan dezadan, gaizki egina dagoen bide kapa batek ez duela ibilgailuaren eramailearen bizitza arriskuan jartzen, baizik-eta haren erosotasuna eta ibilgailuaren egoera; hain zuzen ere, bide kapa horren berriz egitea dagokio beraz bidearen kudeatzaileari, kapital berri baten inbertitu behar duelako, dudarik gabe. Aldiz egoera txarrean dagoen zubi bat  Genovan ikusi dugun bezalakoa, giza katastrofe baten kausa da. Horregatik bide azterketan arreta gehiago ematen zaio zubiari; honetaz gainera, bideari 20 edo 30 urtetako garantia bat ematen zaiolarik, zubiarenari, 50 eta 100 urte bitartekoa ematen zaio, hori naski obraren handitasunaren arabera.

Genobako kasuan, zubia 1967. urtean eraikia izan zenez gero, erresponsabilitate gehiena ukan dezake eraikuntza egin zuen kontratistak, berak egindako obra onartua izan zelako. Eraikitako obrak ehun urte iraun zezakeen, baldin-eta mantenketa normala eta erregularra ematen balitzaio. Zalantzarik gabe esan daiteke, beraz, katastrofearen erantzulea eta esplikazioak eman behar dituena obra bukatu zenetik kudeaketaren ardurapena duen erakundea dela.

Pentsa daitekeenari aitzi, lan zaila eta luzea da mantenketarena; konparazio bat egitekotan, xinaurri lana da. Bi fase nagusi baditu: ikerketarena eta ekintzarena. Maiztasunez eta erregularki begizko azterketak eta neurriak egin behar dituzte teknikalariek zubiak ukan ditzakeen akatsak ezagutzeko. Horrek naski badu kostu bat.

Sistema kapitalistan dirua duena agintzen dena denez gero, diru errekurtsoen arabera antola daitezke mantenketa lanak, azterketa eta ekintzetan lehentasunak egin arren, puntu ahulak obran utziz. Hori da sistema horren puntuetarik txarrena, ekonomiaren arabera bakarrik lehentasunak ematea. Deitoragarria izan arren, Genobako katastrofea irakaspen larria da, zeren eta Frantziako telebistan duela denbora gutxi giro horren karira adierazi digutenez, zubi andana batek ez du behar den mantenketa jasotzen. Kontutan hartu behar dute obra zaharrago batzuk (Eiffel-ek 1884. urtean pentsatu eta eraiki arazi zuen burdinezko biaduktoa, adibidez) beti egoera onean daudela behar zuten mantenketa jaso zukeelako.

Autobide berriak, abiadura handiko trenbideak, gero eta azkarrago doazen hegazkinak eta lokomotoreak egin ordez, azken mende erdi honetan eraiki zituzten egiturak gogoango ukan beharko lituzkete gure agintariek. Gizartearen interesak eta ongizatea baztertzen dituzten proiektu faraonikoen lehiaketak geure agintariek utz ditzaten denbora heldu da.

Jakes Lafitte

Mantentze eskasetik hondamendira
Mantentze eskasetik hondamendira

Ingeniaria.