librezale.org software librea euskaraz

Software librea euskaraz sustatzen duen Librezale taldea osatzen dugunok webgune berria jarri dugu abian gure jarduerak bideratzeko. Itxura berriturik, webgune dinamikoagoa eratu dugu eta bertan zegoen informazioa eguneratu dugu. Orain albisteak modu argiagoan eskaintzen dira, webgunearen azalean, eta honekin batera gizarte-sareetan eta gure foroan dauden mezu-trukeak erakusten dira.

MTYyNw==

Librezaleren foroa euskarazko software librearen inguruko zalantzak eta ideiak partekatzeko tresna garrantzitsua bihurtu da azken urte hauetan. Orain aurpegia garbitu diogu eta orain arte bete duen funtzioa betetzen jarraitzea nahi genuke. Webgune berrian garrantzi berezia eman diogu aplikazio informatikoak euskaratzeko prozesuaren azalpenari. Lokalizazio-gida izeneko atalean lan horretan hasi nahi duenak edo gehiago sakondu nahi duenak informazio baliagarria aurkituko du.

Lan-tresnak atalean, bestalde, euskaratzeak egiteko erabil daitezkeen hainbat aplikazio, formatu eta baliabide azaltzen dira. Honi lotuta, Librezalek Pootle web aplikazioa dauka instalatuta bere zerbitzarian, itzulpenak auzolanean bideratzeko. Librezale parte-hartze irekiko taldea da: edozeinek har dezake parte inolako arazorik gabe eta bakoitzak ahal duen neurrian. Ez dugu egitura finkorik eta gure komunikazio-tresnak webgunea, foroa eta posta-zerrendak dira.

Elkarrizketa eta eztabaida nagusia Librezale posta-zerrendan ematen da. Lagundu nahi baduzu, hainbat moduz egin dezakezu: itzulpenak egiten, foroetan agertzen diren zalantzak argitzen, euskaratutako aplikazioak sustatzen… Begiratu webguneko Parte hartu nahi duzu? atala informazio gehiagorako.

Baina kontuan izan gure filosofia. Jatorri eta ikuskera askotako lagunak ari gara Librezalen eta denok ere oinarrizko printzipio batzuk jarraitzen ditugu:

  • Aplikazio informatikoak euskaraz edukitzeko lan egiten dugu.
  • Software librea lehenesten dugu, askatasun gehien ematen duena delako.
  • Gure lanak ere lizentzia libreekin banatzen ditugu, egindako lana etorkizunerako ere baliagarria izatea nahi dugulako.
  • Zubiak eraiki behar direnez, plataforma anitzetan dabiltzan programak lehenesten ditugu.
  • Estandar eta formatu irekien alde egiten dugu, aukerak aukera, elkar ulertzeko ezinbestekoak direlako.

Librezaleren izaerarekin bat datozen tresna informatikoak hobetsi ditugu webgune berria egiteko. Orririk gehienak wiki eran osatu ditugu MediaWiki aplikazioa erabiliz, tresna honek bistako abantailak eskaintzen baitizkigu librezale guztiok elkarlanean aritzeko. Horrez gain, WordPress erabili dugu albisteak kudeatzeko eta FluxBB aukeratu dugu foroa zaharberritzeko. Gurekin lan egin nahi baduzu, bisita gaitzazu: librezale.org

Irudia | librezale.org irudi berria | librezale.org | Creative Commons By SA
bibazuek, euskara, librea, lokalizazioa, softwarea, teknologia berriak
Patxi Gaztelumendi

kazetaria | eduki sortzailea| blogaria agit/prop 2.0 gaztelumendi.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude