Lan-prekarietateak osasun mentalari eragiten dio
Lan-prekarietateak osasun mentalari eragiten dio –
UPV/EHU prentsa bulegoak, Zientzia Kaieran.
Euskal Herriko Unibertsitateko Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa-taldeak (OPIK) frogatu du Euskadin lan-prekarietateak, beste faktore ekonomiko batzuk alde batera utzita, eragin nabarmena duela langileen osasun mentalean; batez ere, soldata-mailak, oro har, eta zaurgarritasunak, emakumeen kasuan.
Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoa ikertzen duen Opik taldeak zer erlazio dagoen lan-prekarietatearen eta EAEko soldatapeko gizon eta emakumeen osasun mentalaren artean aztertu du dimentsioaniztuneko ikuspegi batetik. “Uste dugu beharrezkoa dela lan-prekarietateari ikuspegi dimentsioaniztun horretatik heltzea; bestela, kanpoan utz ditzakezu lan-prekarietate gisa har daitezkeen baina aztertzen ari ez diren gauza asko”, adierazi du Erika Valero Alzagak, taldeko ikertzaileak.
Hala, dimentsio bakoitzaren garrantzi erlatiboa ezagutzeko, ikerketa lan-prekarietatearen EPRES eskalan oinarritu da. Eskala horrek sei dimentsio ditu: behin-behinekotasuna, soldatak, desahalduntzea, zaurgarritasuna, eskubideak, eta eskubideak erabiltzeko ahalmena. Horrela, dimentsio bakoitza bereizita aztertu da, osasunean eragin handiena izan dezaketenak identifikatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Osasun Inkestaren lagin bat oinarri hartuta.
Azterketaren emaitzen arabera, lan-prekarietatea nabarmen lotzen zaio osasun mental txarrari, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan. “Ikusi dugu dimentsio batzuk eragin handiagoa dutela osasun mentalean beste batzuk baino“, adierazi du Valerok. Badirudi soldata-maila, bi sexuetan, eta zaurgarritasuna, emakumeen artean, osasun mental okerrago batekin lotuta daudela. “Bitxia bada ere, Espainiako lan-merkatuaren ezaugarri aipagarrienetako bat da behin-behinekotasuna, eta beste aldagai batzuen eragina neutralizatzen badugu (adibidez, ikasketa-maila edo egoera sozioekonomikoa), aldagai horrek, bere horretan, ez dirudi osasun mentalari eragiten dionik”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak. “Baliteke hori horrela izatea gure testuinguruan behin-behinekotasun tasa handiak dituzten sektore batzuetan, hala nola sektore publikoan, behin-behinekotasunak ez duelako beti lan-jarraipenaren inguruko ziurgabetasun handirik; baina horrek ez du esan nahi langileak egonkortzeko ahaleginik egin behar ez denik”.
.
Enplegu duina eta soldata-maila egokiak izateko aukera bermatzea
Aldaketa sozioekonomikoek eta politikoek “ekarri dute enpleguaren kalitatea nabarmen okertzea, eta nagusiengandik langileengana arriskuak eta segurtasunik eza transferitzea. Gainera, lan-prekarietatea ez da banatzen homogeneoki langileen artean”, dio Valerok. Emakumeek kalitate okerragoko lanpostuak betetzen dute, gizonek baino kontratu mugagabe gutxiago dituzte, soldata-maila txikiagoa dute eta lanaldi partzialetan gehien daudenak dira. Era berean, lan-prekarietatea handiagoa da gazteen eta egoera sozioekonomiko txarrean bizi direnen artean. “Prekarietateak ondorio negatibo oso garrantzitsuak ditu osasun mentalean, eta, beraz, lehentasun politiko bat izan beharko luke kontuan hartzea lanak oro har (ordainpeko lanak, eta zaintzako eta etxeko lanak) zenbateraino eragiten duen pertsonen bizitzan —jarraitu du Valerok—. Orain arte, kezka langabeziarekin amaitzea zen, ikusi baita osasunean eragin negatiboa duela; baina ez da soilik bermatu behar enplegua lortzea, baizik eta bermatu behar da enplegu duina eta soldata-maila egokiak izateko aukera”.
Ikertzailearen iritziz, “Euskadiko soldatapeko biztanleriaren lagin handi eta adierazgarri batean (3.345 pertsona guztira: 1.636 emakume eta 1.709 gizon) oinarritutako ikerketa honen emaitzak lagungarriak izan daitezke lan-prekarietateak osasun mentalerako dituen alderdi txarrenak identifikatzeko eta, hartara, abian jartzeko horiei aurre egiteko hainbat neurri soziopolitiko”. Hala ere, ikertzaileak onartzen du zeharkako ikerlan bat dela, “lan-prekarietatearen eta buru-osasunaren artean kausaltasun-printzipioa ezartzea eragozten duena”, eta ikerketa berriak bultzatzeko beharra nabarmendu du “EPRES eskala langile autonomoekin eta lan-kontraturik gabeko pertsonekin ere aztertu eta moldatzeko”.
.
Erreferentzia bibliografikoa:
Valero, Erika; Utzet, Mireia; Martín, Unai (2022). ¿Cómo afectan las distintas dimensiones de la precariedad laboral a la salud mental?. Gaceta Sanitaria v. 36, 5 DOI: 10.1016/j.gaceta.2021.11.006
Lan-prekarietateak osasun mentalari eragiten dio